Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak 35,5 milioi euro bideratuko ditu garapenerako lankidetzako 90 proiektutara (Gobernu Bilera 2018-1-20)

2018.eko azaroak 20

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio gaur euskal GGKEek aurkeztutako garapenerako lankidetzako 90 proiekturi laguntzak emateari. Guztira 35,5 milioi euro batzen dituzte.

Lankidetza-proiektuetarako laguntzak Eusko Jaurlaritzaren jarduketa-ardatz nagusia dira arlo horretan eta horietara zuzentzen da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatzen dituen funtsen zati handiena.

Laguntza horiekin hiru modalitatetako proiektuak finantzatuko dira.

  1. Garapenerako lankidetza-proiektuak, hegoaldeko herrialde pobretuetan pobreziaren aurkako borrokarako lagungarriak. Guatemala eta Kolonbia izango dira proiektu gehien bilduko dituzten herrialdeak. Modalitate honetara bideratzen da laguntzen zati handiena, 62 proiektutara zuzendutako 29,2 milioi euro inguruko zenbateko batekin.
  1. Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, hegoaldeko herrialde pobretuetan pobreziaren aurkako borrokari zuzenean lotuak. Modalitate honetara milioi bat euro inguru bideratzen da 3 proiektutarako.
  1. Garapenerako hezkuntza-proiektuak, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatutakoak munduan desberdintasunak sortzen dituzten kausen ulermena sustatzeko eta herritarren inplikazioa eta konpromisoa pizteko egungo gizarte-ereduen eraldaketarekin. Modalitate honetan 25 proiektu onartu dira eta 5,3 milioi euro inguru bideratuko dira horietara.

Laguntza horien hartzaileak euskal GGKEak dira, edo hegoaldeko herrialdeetako erakunde eta mugimenduen eskutik lan egin eta Euskadin ordezkaritza dutenak. Bi urteko iraupena izango duten proiektu bakoitzerako diru-laguntzak ez dira 600.000 eurotik gorakoak izango.

Gaur egun, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 300 proiektu inguru finantzatzen ditu mundu osoan. Horietako gehienak, Euskadin ez ezik, Perun, Bolivian, Kolonbian eta Ekuadorren kontzentratzen dira, Hego Amerikan; Guatemalan, El Salvadorren eta Kuban, Erdialdeko Amerikan; Kongoko Errepublika Demokratikoan, Senegalen eta Saharako  Errepublika Arabiar Demokratikoan, Afrikan; eta Indian eta Palestinan, Asian.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko