Eu

Gobernu Kontseiluak onartu ditu epaitegietan eta auzitegietan  kanpo-praktikak egiteko UPV/EHUrekin eta Deustuko Unibertsitatearekin egindako hitzarmenak (Gobernu Bilera 2018-11-20)

2018.eko azaroak 20

María Jesús San José Lan eta Justizia sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak onartu du kanpo-praktikak epaitegietan eta auzitegietan egiteko lankidetza-hitzarmenak sinatzea. Hitzarmen horien bidez lankidetzan jardungo dute Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Justizia Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, UPV/EHUk eta Deustuko Unibertsitateak.

Hitzarmen horien helburua da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Deustuko Unibertsitateko ikasleek curriculumeko eta curriculumaz kanpoko kanpo-praktikak egitea Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegietan eta auzitegietan. Zehazki, Justizia Administrazioaren profesionalekin lotzen diren titulazioetan graduko edo masterreko ikasketa ofizialetako praktika akademikoetan matrikulatuta dauden ikasleek egin ahal izango dituzte praktika horiek.

Bi hitzarmen horien bidez, Justiziaren arloarekin lotzen diren titulazioetako unibertsitateko ikasleei aukera eman nahi zaie jakintza teorikoak eta eduki praktikoa uztartzeko, eta, hartara, aldi akademikoa amaitutakoan, lan-munduratzera begira prestatuko dituzten gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko.

Kanpo-praktikak epaitegietako eta auzitegietako ordutegiarekin bateragarria den ordutegian egingo dira; bi kasuetan, horien arduradunak finkatuko ditu ordutegiak, organo jurisdikzionalaren funtzionamendurik onena aintzat hartuta.

Hitzarmenek bi urte naturaleko indarraldia izango dute, BOEn argitaratzen diren egunetik hasita. Nolanahi ere, indarraldia amaitzen denean beste bi urte naturalez luzatu ahal izango dira, hitzarmenak sinatzen dituzten guztiek zehazki hala erabaki badute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko