Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak BAI esan dio berdintasunezko gizarte baten eraikuntzari

2018.eko azaroak 20

Josu Erkoreka bozeramailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, gaur eguerdian, prentsaren aurrean azaldu da, Gobernu Kontseiluan aztertutako gaien berri emateko.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoan, jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala onartu duela “Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna” dela eta.

Sailburuak indarkeria sexistako adierazpen guztien aurkako gaitzespen irmoa adierazi du. “Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte berdinzale baten eraikuntzarekiko konpromisoa berresten dugu” aditzera eman du. Era berean, gogorarazi du desberdintasuna dela emakumeen aurkako indarkeriaren oinarria, eta, hortaz, ezinbestekoa dela berdintasunaren alde lan egitea emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Ildo horretan, Erkorekak nabarmendu du gizarte osoaren inplikazioa funtsezkoa dela emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko.

Erkoreka bozeramaileak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak indarkeria sexistari aurrea hartzeko beharrezko berdintasun-politikak bultzatzen dituela eta “BAI” esaten duela; BAI neska-mutilek, estereotipo eta rol sexisten mugarik gabe, sozializatzeko eta haien bizitza-proiektuak garatzeko duten eskubideari; BAI errespetuan oinarritutako harremanak sustatzeari; BAI emakumeen ahalduntzeari; eta BAI herritarrak eta, bereziki, gizonezkoak berdintasunarekin inplikatzeari.

GARAPENERAKO LANKIDETZA

Bestalde, Josu Erkorekak jakinarazi du gaurko saioan Gobernu Kontseiluak aztertu duela 35,5 milioi euroko laguntzak ematea garapenerako lankidetzako 90 proiekturentzat. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak proiektuen artean hiru modalitate nabarmendu ditu: Hegoaldeko herrialde pobretuetan pobreziaren aurkako borrokan laguntzen duten garapenerako lankidetza-proiektuak; produkzioaren garapeneko, hezkuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak; eta munduan desberdintasunak sortzen dituzten kausak uler daitezen sustatzeko Euskadin gauzatzen diren garapenerako hezkuntza-proiektuak.

UDAL-TITULARTASUNEKO HAUR-ESKOLAK

Era berean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aditzera eman du Gobernu Kontseiluak 3,5 milioi euroko gastua baimendu duela udal-titulartasuneko 0 eta 3 urte arteko haur-eskolak finantzatzeko. Sailburuak azaldu duenez, erakundeen arteko lankidetzak kostuak murrizten ditu eta haur-eskolen egungo eskaintza finkatzen du. “Kalitateko irakaskuntza eskaintzen dugu, 0 eta 3 urte arteko haurrei aukera ematen diena gaitasun pertsonalak garatzeko eta hezkuntzaren maila horrekin bat datozen ezagutzak eta gaitasunak eskuratzeko”, erantsi du.

TRANSFERENTZIAK

Gauzatu gabe dauden transferentziei buruz galdetuta, Erkoreka sailburuak jakinarazi du, une honetan, Madrilen bilduta dagoela AP-1 eta Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbao-Basauri trenbide-lineak Euskadiri eskualdatzeko transferentziaren testuak aztertzen dituen bi aldeko talde teknikoa. Erkorekak nabarmendu du jarrerak hurbilago daudela, baina oraindik ez dagoela akordiorik. Gainera, adierazi du akordioa lortzen dutenean, Meritxell Batet ministroarekin harremanetan jarriko dela bi eskualdaketa horiek gauzatzea helburu izango duen "Transferenzien Batzorde Mistoaren" bilera deitzeko.

AURREKONTUAK

2019rako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuei buruz galdetuta, Erkorekak aditzera eman du Aurrekontuak onartzea garrantzi handikoa dela. Hartara, legebiltzarreko taldeei dei egin die aintzat har dezatela aurrekontua ez onartzearen kostu ekonomiko eta sozial handia. Ildo horretan, sailburuak ohartarazi du, legebiltzarreko taldeek aurrekontua blokeatzen badute, ez direla abian jarriko aurrekontuan aintzat hartutako garrantzi handiko gizarte-neurriak.

BOTERE JUDIZIALA

Bestalde, Marchenak Auzitegi Gorenaren buru izateari uko egitearen inguruan, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Josu Erkorekak, azaldu du Auzitegi Goreneko presidentea hautatzeko erabakia organo horretako kideen eskumena dela eta ez legebiltzarreko taldeena. Hartara, aditzera eman du Eusko Jaurlaritzak Marchenaren erabakia ulertzen duela eta espero duela erabaki hori baliagarria izatea botere judizialak herritarren artean duen ospea eta konfiantza berreskuratzea ahalbidetuko duen aldi berri bat zabaltzeko.

Gai ordena

Prentsa dossierra

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2018.eko azaroak 20

    Bardintasun planak bete itzazue arlo guztietan

Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)