Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta adierazpen instituzional bat sinatu dute Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, EUDELek eta UEMAk, non hiztunen aktibazioan inplikatzeko deia egin den

2018-11-19
  • ‘Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia’ da gaur aurkeztu duten testuaren izenburua, eta Euskaraldiak ireki duen bidearen balioa nabarmendu dute.

 

Gasteiz, 2018/11/19

‘Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia’ izenburuaren pean, Eusko Jaurlaritzako, hiru foru-aldundietako, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletako, EUDELeko eta UEMAko ordezkariek adierazpen instituzional bat sinatu dute gaur goizean, datorren abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta. Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan egin da ekitaldia, eta bertan, instituzio publikoek deia egin dute hiztunak aktibatzeko, egunero delako “euskararen aldia”. “Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu eta erakunde publiko bakoitzak herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzeko bitartekoak jartzen baditu”, adierazi dute.

Ekitaldian parte hartu duten ordezkariak honako hauek izan dira: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea; Pilar García de Salazar, Ekonomia Garatzeko eta Lurralde Orekarako diputatua Araban; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Iñaki Prusilla, Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotzia; Mari Jose Arrieta, Bilboko Udaleko Euskarako zuzendariordea; Xabier Euzkitze, Donostiako Udala ordezkatuz; Koldo Iturbe, Getxoko Udaleko Kulturako zinegotzia, EUDEL ordezkatuz; eta Josu Labaka, UEMAko presidentea.

Aktibazioa eta adostasuna

Aurtengo adierazpena estu lotuta dago Euskaraldia ekimenarekin; ostiralean hasiko da eta luzatu egingo da, hain zuzen ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen den egunera arte. “Prest gaude, eta gogotsu, euskarak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dezan. Gogotsu gaude, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskararen soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dena baita euskara kaskar bakarra”, irakurri du.

Hiztunen aktibazioaren aldeko apustu horretaz gain, euskararen inguruko adostasuna aldarrikatu du testuak. “Adostasuna eta batasuna dira, beraz, bidea, euskarak batura behar duelako, ez kenketa; biderketa behar du, ez zatiketa”, defendatu du.

Adierazpen guztia esteka honetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)