Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak trafiko-istripuetako biktimak oroitzeko ekitaldian parte hartuko du

2018.eko azaroak 16

Omenaldia igandean, goizeko 11:00etan, egingo da Bilboko Areetako Kaian

2018/11/16

Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna izango da azaroaren 18an, eta Stop Accidentes elkarteak Bilboko Areetako Kaian trafiko-istripuetako biktimak oroitzeko antolatu duen ekitaldian parte hartuko du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak. Ekitaldia igandean egingo da goizeko 11:00etan, eta bertan izango dira Bilboko alkatea eta beste hainbat agintari.

Egun hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak irrati-iragarkiak eta banner batzuk prestatu ditu, eta asteburuan zehar hedatuko ditu komunikabideetan gizartea kontzientziatzen eta sentsibilizatzen jarraitzeko. Bestalde, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik (ETKZ) kudeatzen diren informazio-mezuen panelen eta Trafiko Zuzendaritzaren Twitter kontuaren bidez ere (@trafikoaEJGV) hedatuko dira efemeridearekin lotutako mezuak, trafiko-istripuetako biktima guztien oroimenez.

Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak adierazi duenez, “Trafiko Zuzendaritzaren politikak gure errepideetako istripu-kopurua murriztera bideratuta daude. Alde horretatik, balioetsi egin behar dira sentsibilizazioa, prebentzioa eta kontzientziazioa sustatzera bideratutako ekintzak, funtsezko tresnak baitira gure kaleak eta errepideak ingurune seguruak izan daitezen. Gaur bezalako egun batean garrantzizkoa da gidari guztiei erantzukizuna, zuhurtzia eta begirunea eskatzea, denon esku baitago arazo honen konponbidea”.

 

Istripu-kopuruaren arrazoi nagusiak

Euskadin istripuen kopuruak duen bilakaerari dagokionez, azken urteotan beheranzko joera finkatu da. Euskadiko errepideetan hildako pertsonen kopuruak % 56,2 egin du behera azken hamarkadan. Gaur, azaroak 16, arte 40 pertsona hil dira Euskadin trafiko-istripuen ondorioz (12 Araban, 15 Bizkaian eta 13 Gipuzkoan). Iazko aldi berean, 36 pertsona hil ziren.

Euskadin gertatzen diren eta biktimak eragiten dituzten trafiko-istripuen % 70etan aldi berean gertatzen diren hiru faktoreak substantzien eraginpean gidatzea (alkohola, drogak edo botikak izaten dira), arreta galtzea edo arretarik gabe gidatzea, eta abiadura desegokia eta/edo gehiegizkoa dira. Arrazoi horiei guztiei giza faktorea erantsi behar zaie, eta beti ez da erraza izaten datu estatistikoetan jasotzea.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak prestakuntza-ekintzak eta bide-hezkuntzako jarduerak antolatzen ditu urtean zehar arrisku-portaerak aurreikusteko, arduraz gidatzen laguntzeko eta herritarrak errespetuz eta zuhurtziaz gidatzearen garrantziaren gainean sentsibilizatzeko. Prestakuntza-ekintza horiek Trafiko Zuzendaritzaren www.trafikoa.eus webgunean kontsulta daitezke. 

Era berean, Trafiko Zuzendaritzak arriskurik handiena duten gizataldeak (motor-gidariak, txirrindulariak eta oinezkoak) babesteko ekintza espezifikoak ere lantzen ditu, eta mezuak eta gomendioak zabaltzen ditu eguraldi txarra dagoenean, obrek trafikoan eragina duten kasuetan edo trafiko-operazio berezietan, hala nola, udako edo Aste Santuko irteera eta itzulera operazio berezietan. Hori guztia trafikoaren arintasuna eta bide-segurtasuna bermatzeko.

Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna 2005eko urrian sortu zen, Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Nagusiak ebazpen bat onartu zuenean gobernuei eskatuz helburu horretarako izenda zezatela azaroko hirugarren igandea. Helburua istripuetako biktimak oroitzea eta gertaera tragiko horien ondorio emozional eta praktikoei aurre egin behar izaten dieten senitartekoen egoera zaila gogoan izatea da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak