Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Orioko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute, Kai Aurreratu Proiektua elkarren artean finantzatzeko

2018.eko azaroak 16
  • Desplazaturiko kaia egingo da, Herriko Plazaren aurrean atrakatzeko aukera emango duena, eta hirigintza arloko berrantolaketak eragina izango du, baita Aritzaga eta Endaia kaleetan ere.
  • Jarduketarako aurreikusten den kostua 1.680.976 €-koa da, eta lanak 2019an hasiko direla aurreikusten da.
  • Hirigunera sartzeko eta bertatik irteteko bideen noranzkoak aldatuko dira, eta oinezkoentzako gune berriak sortuko dira

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburua, Aitor Etxebarria Eusko Jaurlaritzako portu eta itsas gaietako zuzendariak lagunduta, Jose Ángel Zaldua Orioko alkatearekin elkartu da, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Orioko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko, Orioko Portuan, Herriko Plazako 5 zenbakiaren aurrean, egingo den kai aurreratu proiektua elkarren artean finantzatzeko.

Hitzarmen horren xedea, Orioko itsasadarraren eskuineko ertzaren erriberako kaia handitzeko soluzio teknikoa ematea da eta, aldi berean, Orioko Herriko Plazaren eta bere ingurunearen hiri berrantolaketa bultzatzea.

Jarduketa zabal horrek eragina izango du portuko jabari publiko gunean. Horren titulartasuna Euskadiko Autonomia Erkidegoarena da. Zehatzago esanez, bi noranzkoetako zirkulazioa duen eta kaiko amilburuaren inguruetara eramaten duen bi erraileko bidearen portuko azalera okupatu behar da. Halaber, bide horren trazatua Eusko Gudarien Kalearekin bat egiten duen kurbarekin bateragarri izan dadin, kaia zabalagoa izan behar da, atrakatzeko moduko kaiaren ezaugarriekin.

Onetsi den Proiektua kontuan izanik, beharrezkoak diren jarduketetarako aurreikusten den kostu osoa 1.681.976 €-koa da (BEZ barne), eta kopuru hauen arabera egingo da: Orioko Udalak 516.642,89 € ordainduko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 1.165.333,09 €. Proiektuan aurreikusten diren jarduketak 2019an egingo dira.

Bi aldeek azpimarratu dutenez, Oriok portu kontzeptu globala du, aurrera eramaten diren jarduera eta erabilera guztiek oso gertu, eta hiri ingurunean integraturik dagoen espazio fisiko bakarrean egiten baitute bat. Hori dela eta, beharrezkoa zen bi aldeen beharrak modu antolatuan erantzungo lituzkeen soluzio eraginkorra adostea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Angel Zaldua, Orioko alkatea