Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu Lehendakariak Dolomitas del Norte fabrikari lotutako ondare industriala bisitatu du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker berreskuratutako ondarea

2018.eko azaroak 17
  • Dolomitas del Norte Museoaz gain, Bingen Zupiria sailburua alboan zuela, Pozalagua kobazuloa ere bisitatu du, izen bereko harrobiaren ustiapenari
    esker aurkitua.

 

Gasteiz, 2018/11/17          

Iñigo Urkullu Lehendakariak Dolomitas del Norte fabrika zaharraren industria-ondareari lotutako hainbat elementu bisitatu ditu gaur goizean Karrantza Haranean. Lehendakariak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriarekin batera, Dolomitas Museoa, harrobi zaharra eta, handik metro gutxitara, Pozalagua kobazuloa bisitatu ditu, azken hau harrobia ustiatzeari esker ustekabean aurkitu izan zena. Lehendakariak aldarrikatu egin du Eusko Jaurlaritzak egiten duen ahalegina ondare kulturala berreskuratu, babestu eta hedatzearen alde.

Lehendakariarekin eta Zupiria sailburuarekin batera izan dira bisitaldi honetan Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuru eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusi Andoni Iturbe, baita Karrantzako eta Enkarterrietako beste ordezkari instituzionalak ere. “Ondareak informazio ugaria eskaintzen digu lurralde bat edo giza talde bat izan denari buruz. Gure lehenaldia hurbiltzen digu eta lagundu egiten digu oraina ulertzen. Ondare kulturala zaintzeak oso modu positibo batean hitz egiten digu ondare hori babestearen alde apustu egiten duen gizarteaz”, adierazi du Lehendakariak.

Dolomitas Museoa

Hala, Karrantzako Dolomitas Museoa dugu Eusko Jaurlaritzak ondare industriala berreskuratu, babestu eta hedatzearen alde egin duen apustu horren adibide. Dolomitas del Norte fabrika izan zenaren zati txiki bat hartzen du Museoak, nahiz eta fabrika zaharraren jarduna bere osotasunean interpretatzeko aukera ematen duen. Zentroa Ambasaguas auzoan dago, fabrika zaharraren planta kokatuta zegoen lekuan. Haraino iristen zen, aireko tranbia baten bitartez, Ranero Haitzean, Pozalaguan kokatutako harrobitik erauzten zen dolomia.

Arroka sedimentario hori, mendi horretan ugaria, dinamita-kargen bitartez erauzten zen eta adreilu erregogorrak egiteko erabiltzen zen batez ere, burdinola handietako labe garaiak estaltzeko balio zutenak. Izan ere, labe haiek adreilu arruntez estaliz gero, urtu egiten ziren tenperatura altuengatik; dolomiari, aitzitik, tratamendu bat egiten zitzaion eta horrela lortzen zuen tenperatura altuak ondo jasatea. Beraz, XX. mendean Bizkaiko garapen industrialarekin lotura estua eta zuzena izan zuen elementu batez ari gara.

50eko urteetan fabrika martxan jarri zenetik, Dolomitas del Norte-k nabarmen bultzatu zuen Karrantza Haraneko sektore industrialaren garapena, baina Pozalagua kobazuloaren aurkikuntzak aldatu zuen enpresaren etorkizuna, 1957ko abenduaren 27an. Dinamita-karga batek zulo bat sorrarazi zuen eta begien bistan utzi zuen kobazuloa; hala gertatu zen aurkikuntza. Une hartatik aurrera, harrobiak kontrako aldera aldatu zuen erauzketa-gunea, kobazuloari ahalik eta kalte gutxien egitearren. Hala ere, 1975 eta 1976 urte bitartean, Karrantzako Udalak erabakita, itxi egin zen harrobia, kobazuloa babestearren. Dolomitas del Norte fabrika 1991ra arte egon zen jardunean, beste harrobi batzuetatik erauzitako mearekin lanean.

2015ean Dolomitas Museoa inauguratu zen, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, ondare industrial hori berreskuratzeko eta ezagutzera emateko. “Ia 3 kilometroko trazatu horrek, harrobia eta Pozalagua kobazuloa planta horrekin lotzen dituenak ‒lehen aireko tranbia batek egiten zuen ibilbidea‒ aldaketa eredugarri bat erakusten digu, baita lehenaldia ahazten ez duen etorkizun baten aldeko apustua ere. Ez du lehenaldia ahazten zeren eta, instituzioen eskutik, Karrantzako ondare kulturala eta industriala babestearen alde egin baita apustu”, adierazi du Lehendakariak.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, bere aldetik, azpimarratu du, ondare kulturala babesteaz gainera, funtsezkoa dela “hedatu eta ezagutzera ematea, belaunaldi gazteenei bereziki”.

 Pozalaguako harrobia eta kobazuloa

Dolomitas del Norte fabrika eta harrobia banantzen zituen lursaila kilometrotako kablez estalita egon zen XX. mendearen bigarren erdian, eta kable horiei esker funtzionatzen zuen aireko tranbiak. Gaurko bisitaldian, harrobiko ingurunea ere bisitatu du Lehendakariak, gaur egun anfiteatro bihurtua ‒udan kontzertuak eskaintzen dira bertan‒, baita tranbian dolomia kargatzen zen gunea eta Pozalagua kobazuloa bera ere.

Lehendakariak adierazi duenez, eraldaketa horrek adierazten du Euskadin gure iragana ezagutzearen alde egiten den apustua. “Dolomitas Museoak erakusten digu, beste behin ere, bere industria eta kultura-ondarea zaintzaren aldeko apustua egiten duen herri bat, beti ere giza garapen jasangarri baten baitan. Helburua da gure iragana ezagutzen laguntzea eta etorkizun hobe bat eraikitzen laguntzea”, amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak