Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Etxebizitza Legearen Aurreproiektuan parte hartzeko Plataforman 10.000 pertsona baino gehiago sartu dira

2011.eko otsailak 27

100 proposamenetik gora jaso dira

Etxebizitza Legearen Aurreproiektuari buruzko eztabaidan parte-hartze prozesuko lehen hilabetea igaro ondoren, hona hemen parte-hartzeari buruzko datu batzuk:

  • 10.000 pertsona baino gehiago sartu dira parte hartzeko plataforman: www.etxebide.info/leyvascavivienda. "Zurekin Etxebizitza egiten dugu" da plataformaren gaia, eta hauxe da haren helburua: batetik, Sailak proposatu dituen neurriei herritarrek zer deritzeten haztatzea, eta bestetik, hitza ematea, herritarrek hobekuntza-proposamenak egin ditzaten.
  • Parte hartzeko ekintzak guztira 1.357 izan dira. Kopuru horretan nabarmena da 705 pertsonak inkestetan eman dutela iritzia, eta 308 iritzi jaso direla horretarako dauden foroetan.
  • Plataformaren mezuak Facebook eta Twitter sare sozialetan 12.000 aldiz baino gehiagotan ikusi dira.
  • Egun arte, herritarrok egindako 100 proposamenetik gora jaso dira. Gehienak, Etxebizitza Legearen Aurreproiektuari lotuta daude zuzenean, baina etxebizitza-politikari buruzkoak ere jaso dira. Etxebizitza sailak danak aztertzen ari da.

Eztabaidagai nagusiak

Foroetan gehien eztabaidatu diren gaiak hauek izan dira: zein baldintza ezarri beharko dituen Legeak, etxebizitzarako eskubide subjektiboaren onuraduna izateko; eta zein legegintzako neurrik lagun dezaketen etxebizitza hutsen kopurua murrizten.

Parte-hartzearen bigarren mailan, honako gai hauek jorratu dira: zein kasutan izango duen Administrazioak babes publikoko etxebizitzen (BPE) nahitaezko desjabetzea egikaritzeko eskumena, zeintzuk diren BPEak esleitzeko lehentasunezko irizpideak; eta zein irizpide ezarri den aurreproiektuan, BPEen errentaren zenbatekoa eta prezioa onuradunen diru-sarreretara egokitzeko.

Inkestetan adierazi diren iritziak

Herritarrei etxebizitzarako eskubide subjektiboari buruz egin zitzaien lehen inkestaren emaitzarik esanguratsuenak ondokoak izan dira:

  • Inkestatuen %80 bat dator etxebizitzarako eskubidea eskubide subjektibotzat hartzearekin, diru-sarrera txikienak dituzten pertsonek eskubide hori baliatu ahal izateko.
  • Eskubidearen betetzea epaitegietan erreklamatzeko aukerari dagokionez: %59k egoki deritzo, %33k gehiegizko, eta %8k eznahiko.
  • Eskubide horrek aldeko iritzia sorrarazi du; eta, gainera, inkestatuen %58 ziur daude gauzatu daitekeena.

Bigarren inkestan, BPEak esleitzeko irizpide lehenetsiak ezartzeko proposamenaz galdetu zen, bai eta irizpide horiek eskaeraren antzinatasuna Etxebiden eta familia-unitateko kideen kopurua izatea zer iruditzen zitzaien ere: herritarron %80k ondo deritzo eskaerak irizpide lehenetsien arabera barematzeari. Familia-unitateko kideen kopuruari lotutako irizpideak gehienetan aldeko iritzia sorrarazi du, inkestatuen %57k irizpide horren alde egin baitu.

Herritarrek Lehendakariari egin dizkioten galderak

53 euskal herritarrek Patxi López lehendakariari helarazi dizkiote haien galderak eta ardurak, Legearen Aurreproiektuaren gehien interesatzen zaizkien alderdiei buruzkoak. Egindako galderen gaiak oso anitzak izan badira ere, gehien aipatu direnak honako hauek izan dira: BPEen hurrengo sustapenek etxebizitzak alokairuan emateko joera izango duten; titularren ahalmen ekonomikoa  handituz gero (BPE baten esleipenduna izateko gehienezko diru-sarrerak hiru urte jarrian bikoiztuz gero), BPEak desjabetzeko aukerari buruzko galderak; zein kasutan aplikatuko den eskubide subjektiboa; eta zein neurri aurreikusi diren aurreproiektuan etxebizitza hutsak baliarazteko.

Lehendakariak galdera horiei erantzuteko, argudio hauek adierazi ditu: Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean ezarritako konpromisoa, alegia, aurrera egin behar dela harik eta BPEen erdiak, gutxienez, alokairukoak izan daitezen lortu arte; BPEek benetan baliagarriak izan behar dutela merkatu libreko etxebizitza erosi ezin dutenentzat; etxebizitzarako eskubideari eskubide subjektiboaren kategoria aitortzea aurrerapen soziala izan dela; eta beharrezkoa dela bidezko arrazoirik gabe etxebizitza hutsik ez egoteko neurriak hartzea, etxebizitzak eginkizun soziala baitu. Galdera eta erantzun horiek eskuragarri daude honako webgune honetan: www.etxebide.info/leyvascavivienda.

Prozesuaren balorazioa eta hurrengo pausoak

Parte-hartzearen adierazleak direla, egindako proposamen batzuek gehitu duten berrikuntza dela, prozesuaren balorazio ona egin du Sailak.

Bestalde, oso ondo deritzo euskal herritarren gizabidezko jokaerari, gehienek iritziak eta proposamenak -aurreproiektuaren aldekoak zein kontrakoak- errespetu osoz adierazi baitituzte.

Prozesuaren hurrengo pausoei dagokienez, beste inkesta eta foro batzuk antolatuko direla azpimarratu behar da, eta horiek gaur egun irekita dauden zazpi foroei gehituko zaizkie. Foro eta inkesta horietan, herritarrek beraiek Etxebizitza Sailari bidali dizkioten hobekuntza-proposamenei buruzko iritzia eman ahalko da.

Horrez gain, Iñaki Arriolari, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, galderak egiteko aukera irekita dago oraindik; izan ere, jada 50 pertsonak baino gehiagok galderak egin dizkiote.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan