Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eibarrek Ardantza geltoki berria du

2011.eko otsailak 26

Euskotren geltoki berri honek, urtean, milio bat bezero inguru izango dituelakoan dago

Ardantza, Eusko Jaurlaritzak Ermua-Eibar-Elgoibar igarobidean burutu asmo dituen jarduketa askotariko bat baino ez da, tren zerbitzuaren kalitatea hobetzeko asmoz, hau da, maiztasunak eta bidaiak egiteko behar diren denborak eta trenean bidaiatzen duten zein oinezkoen eta gainerako ibilgailuen segurtasuna hobetzeko asmoz.

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburak eta Miguel De los Toyosek, Eibarko alkateak Ardantzako geltokiaren teilatuaren gainean dagoen pasealeku berria ireki dute jendearentzat. 2010eko urtarrilean Garraio Sailaren eta Eibarko Udalaren artean Eibarko trenbide trazatua hiri barruan hobeto integratzeko sinaturiko elkarlanerako hitzarmenaren barruan dagoen lana da.

Arriolak eta De los Toyosek Ardantzako geltoki berria inauguratu dute gaur goizean. Geltokia, Eibarko Udaletxearen atzealdean dago, eta bere eraikuntzara 10 milioi eurotik gertu egon den inbertsioa bideratu da.

Gaur inauguratu den lanak 80 metro luze eta, toki zabalenean, 6 metro zabal, den nasa izango du erdian. Trenbidearen sestra, egungoa baino metro erdi gorago dago, trenbide azpian ataria egin ahal izateko.

Ataria San Andres kalearen mailan dago, Juan Gisasola kalearen aurrean. Nasara sartzeko eskailera bat eta igogailu bat daude. Atari horretan egongo dira txartelak saltzeko eta haiek baliogabetzeko makinak, eta baita gela teknikoak eta geltoki buruaren bulegoa ere.

Trenbideari dagokionez, 180 metro luze den bikoizketa egin da, Eibarko Udaletxearen parean dagoen tunelaren irteeratik Ego-Gain kalearen eta San Andreseko Pasealekuaren arteko bat egitearen artean. Hori dela eta, beharrezkoa izan da Mekola kalearen ondoan dagoen ezponda berriro perfilatzea, eta ainguratutako landare-horma bitartez eustea.

Proiektu horren barruan sartzen da, baita ere, Ardantzako geltokian azpiko pasabide berri bat egitea. Pasabide horrek hobetu egingo du Legarre kaleko sarbidea eta erraztu egingo du Arratebide kaleako etxebizitza berrietako garajeetarako sarrera.

Horrez gain, geltokia eta trazatuaren zati bat estaltzean, Eibarrek hiritarrentzako aisiarako eta denboraparasako gune berria izango du, hiriaren erdi-erdian. Pasealeku berriaren azalera osoa 2.258 m2koa da, Legarretik dagoen sarbidea barne, eta 217 metroko luzera du. Sarbideak Ardantzatik, bertan dagoen tunelaren gainetik, San Juanetik Mekolara doan eskaileratik edo eskailera horren ondoan dagoen igogailutik egongo dira. Beste aldetik, Legarretik dago sarrera, 2,5 metro zabal eta 18 metro luze den igarobidearen bitartez.

Trenbidearen estalduraren estetika bi ikuspuntutatik aztertu da:

  • Hirigintzaren ikuspuntutik, Mekola eta Legarre arteko pasealeku gisa, lotura ezarriz San Juan kalearekin, kale horretara ematen duen fatxada eratuz.

  • Geltoki berriaren nasen estaldura gisa.

Jarduketa hori, 2010eko urtarrilean Arriolak eta De los Toyosek, trenbidearen trazatua Eibarko udalerrian hobeto integratzeko sinatu zuten elkarlanerako hitzarmenean jasotzen da.

Akordio horren xedea, tren sistema hirigunean hobeto integratzea bilatzen duten zenbait jarduketa burutzea da, iragazkortasuna eta irisgarritasuna bultzatuz, eta baita trenbidearen eta hiriko guneen arteko bateragarritasuna ere.

Hiri integraziorako operazioaren koste osoa erdi bana (%50) ordainduko dute ETS-k eta Eibarko Udalak. Burutuko diren jarduketen artean, trenbideko zenbait zati estaltzea aurreikusten da.

Ermua-Eibar-Elgoibar igarobideko jarduketak

Eusko Jaurlaritza zenbait jarduketa ari da burutzen Ermua-Eibar-Elgoibar trenbide igarobidean, udalerri horietakoren batean bizi edo lan egiten duten pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko xedez.

Nola?

Trazatuak bikoiztuz; geltoki berri eta modernoak eraikiz eta linearen zati handia estaliz, espazio zabalak eratuz hiritarrek goza ditzaten.

Onurak:

Trenean bidaiatzen duten pertsonen segurtasuna hobetuko dugu, eta baita oinezkoena ere, trazatu berriak eginez eta trenbide pasaguneak kenduz.

  • Ermua-Eibar-Elgoibar tranbiaren maiztasunak (15 minutuz behin) bidaiatzeko denborak hobetzea.

  • Etorkizunean zerbitzu hori Elgoibarreraino luzatzeko aukera.

  • Joan den mendeko instalazioen ordez, erabat irisgarriak izango diren XXI. mendeko instalazioak izatea.

Martzan dauden obren egungo egoera

Txarakuako trenbide pasagunea

Trenbide pasagune hori kentzeko lanek hiru fase izango dituzte: trazatu berriko bide berria eraikitzea ibilgailuentzat; azpialdeko igarobidea egitea; eta 200 metro luze izango den trenbide bikoizketa txikia eraikitzea. Asko hobetuko da trenen eta oinezkoen segurtasuna, eta baita auzoen arteko irisgarritasuna ere. Lanak 3,1 milioi euroko aurrekontua du. Aurreikuspenen arabera, 2011. urtearen amaieran edo 2012aren hasieran amaituko da.

Txarakua-Azitain

Txarakua-Azitain zatian 775 metro trenbide bikoiztea, Azitainen geltoki berria eraikitzea eta bi trenbide pasagune kentzea barne hartzen dituen jarduketa honi esker, maiztasunak hobetu ahal izango dira Ermua-Eibar-Elgoibar igarobidean eta, horrez gain, 150.000 bidaiari gehiago jaso ahal izango dira urtean. Proiektuaren aurrekontua 3,5 milioi eurokoa da. Azitaingo geltoki berriak erdian izango du nasa. Egungo geralekutik 230 metro ingurura egongo da, Donostiako noranzkoan. Aurreikuspenen arabera, 2012. urtearen erdialdean amaituko da.

Karakateko gurutzaketa

Une honetan, 2,8 milioi euroko aurrekontua duten Karakateko Gurutzaketako lanak ari dira burutzen. Lan horien barruan trenbide bikoitzeko zati bat eraikiko da, trenak gurutza daitezen eta batak bestea aurreratzeko aukera izan dezan. Horrek asko hobetuko ditu maiztasunak.

2010eko abenduan amaitu ziren San Lorentzo-Unibertsitatea zatia bikoizteko lanak, eta denbora gutxi barru hasiko dira ehun urteko geltokiaren, Estaziñoa izenekoaren, berriztatze lanak. Baina, horrez gain, Garraio Sailak aurrera jarraitzen du lanean eta egin beharreko Azterlanak egiten, Ermua-Eibar-Elgoibar igarobideko trenbide sarea eta geltokiak hobetzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)