Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak esan du “ahal duen guztia egingo duela” bakea lortzeko

2011.eko otsailak 25

Alderdien mahai bat deitzeko aukera baztertu du, baina ez Sorturekin batzartzea, legeztatzen badute

Patxi López lehendakariak balorazio “positiboa” egin du azken asteotan alderdi politikoekin izan dituen topaketen inguruan. Bilera horiek ezker abertzalearen alderdi berria, Sortu izenekoa, aurkeztu osteko egoera aztertzeko egin dira. Lópezek topaketa horietan indar politikoei helarazi dizkien mezu batzuk azaldu ditu. Haren hitzetan, “terrorismoaren kontra irabazten ari gara eta, orain, guztion artean bizikidetza demokratikoa lortu behar dugu”. Egungo egoera Zuzenbide Estatuaren “irmotasunaren eta ideia demokratikoen” emaitza da, hain zuzen ere; hori dela eta, ezker abertzaleari dagokio “euskal herritarren konfiantza lortzea”, aurrekoetan “hitzak galbideratu ditu eta”. Lehendakariak jakinarazi du indar politiko demokratikoekin hitz egiten jarraituko duela eta, justizia-auzitegiek Sortu legeztatzen badute, talde abertzalea ere bilera-txandan sartzeko prest dagoela. Aitzitik, Lópezek alderdien mahaia deitzeko aukera baztertu egin du, bere ustez ez baita “ez beharrezkoa, ez komenigarria”.

Patxi López lehendakariak bukatutzat jo du azken asteotan alderdi politikoekin egin duen bilera-txanda eta “positiboa” izan dela eta “hitz egiten jarraituko dugula” agertu du. Topaketa horietan, ETA talde terroristaren su-etenaren eta Sortu alderdi abertzale berriaren aurkezpenaren osteko egoera aztertu dute. Lópezek “itxaropen” mezua helarazi du, baina ideia demokratikoen inguruan jarrera “zorrotza” mantendu behar dela azpimarratu du, horri esker lortu baita egungo egoerara iristea. “Terrorismoarekin amaitzen ari gara, orain guztion arteko elkarbizitza irabazi behar dugu, batera bizitzea bizikidetza baita”, azpimarratu du. Lehendakariaren ustez, bizikidetza hori hiru printzipio hauetan oinarritzen da: “justizia, egia eta demokrazia”, eta horiek gidatuko dute haren jarduna. “Hiru helburu horiek lortzeko lan egingo dut, gizarte libre eta solidarioa izatea lortzeko eta elkartasuna erdiesteko”, erantsi du.

Lehendakaritzak Gasteizen duen egoitzan egin du lehendakariak adierazpen ofizial hori, eta, horrez gain, beste gai batzuk ere aztertu ditu, hala nola, euskal kutxen fusio “hotza”.

Bere esku-hartzean, lehendakariak “bukaerara iristen ari galera” azaldu du, baina indar politikoei eta herritarrei eskatu die “exijentzia demokratikoko maila bera manten dezatela, horrek indarkeriaren aldekoak ematen ari diren pausoak ematera behartu ditu eta". Zentzu horretan, haren hitzetan, ezker abertzalea da “euskal herritarren konfiantza lortu behar duena, aurrekoetan hitzak galbideratu baitu eta ez baitu onartu demokratek eskaini dioten eskua”. "Hori dela eta, alderdi politikoetako ordezkariei esan diet gogoan izan behar dugula, okerrik ez egiteko, lortu diren aurrerapenak tinkotasunaren eta ideia demokratikoen esker erdietsi direla”, gehitu du.

Lehendakariak azaldu du “Legebiltzarretik kanpo” ez dela alderdien mahairik deituko legebiltzarrean eztabaidatu behar diren gai politikoak eztabaidatzeko. "ETAk beldurraren bidez inposatu nahi dituen helburuak lortzearekin lotzen duen aspaldiko aldarrikapena da. Baina ez dut hori egingo. Ezin dugu onartu Alderdien Mahai hori hiltzeari uzteagatik prezio bat ordaintzeko leihatila bihurtzea”, azaldu du, eta mahaia deitzea ez zaiola “ez beharrezkoa, ez komenigarria” iruditzen esan du.

Bukatzeko, lehendakariak “itxaropenezko” mezu bat helarazi die euskal herritarrei; izan ere, “elkarrekin indarkeriaren bukaera lor dezakegu”. “Ahal dudan guztia egingo dut oraingo honetan guztion askatasun-nahia benetako itxaropen bihur dadin”, agertu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)