Eu

Atunontzi izoztaileen arrantza jarduera arriskuan jarri gabe atun mojaren stocka berreskuratzeko neurriak apurka-apurka hartzeko eskatuko du Eusko Jaurlaritzak

2018.eko azaroak 15
  • Atun mojaren kasuan, euskal atunontzi izoztaileentzat interes handieneko espezietakoa baita, arrantza mugatzea espero da, 4-5 urtetan stocka berreskuratu ahal izateko.
  • Ziur aski atungorria berreskuratzeko plan batetik kudeaketa plan batera igarotzea erabakiko da, izan ere atungorriaren stocka jada berreskuratuta dago.
  • Hegaluzeari dagokionez, berriz, ez da aldaketarik espero; izan ere, stocka 2020an ebaluatuko da eta orduan ezarriko dira 2021-2024 aldirako arrantza kuota berriak.

Aste honetan hasi eta azaroaren 19ra arte, Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Batzordeak (ICCAT, ingelesezko siglen arabera) Bilkura Arrunta egingo du Dubrovniken, eta Euskal Herriko ordezkaritza batek, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburu Bittor Oroz eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkue buru dituela, bertan hartuko du parte, non Atlantikoko Atunaren arrantza kudeatzeko eta antolatzeko neurriez eztabaidatuko da eta hegaluzearen, atungorriaren eta atun mojaren arrantza kuotei buruzko akordioak hartuko.

Ziur aski bilera horretan atungorria berreskuratzeko plan batetik atungorria kudeatzeko plan batera igaroko da, espezie horren stocka jada berreskuratuta dago-eta. Atun mojaren kasuan, berriz, interes handieneko espezietako bat da euskal arranontzietarako, Bermeon base eduki eta Gineako golkoan arrantzatu ohi duten 19 atunontzietarako, eta kasu horretan arrantza mugatzea espero dute, espezi horren stocka kezkagarria baita eta horrek arrantza murrizteko kudeaketa neurriak ezartzera behartzen du, 4 edo 5 urtetan stocka berreskuratu ahal izateko.

Bai Eusko Jaurlaritzak bai sektoreak uste dute apurka-apurka neurriak hartu behar direla stock hori berreskuratzeko, arrantza jarduera arriskuan jarri gabe. Euskaditik espero da kudeaketa neurriak arrantza jarduerarekin orekan jarraitzea ahalbidetuko duten jarduketa batzuk izatea, atuntontzi izoztaileen sektoreak garatzen duen jarduera ekonomikoa ez kaltetzeko.

ICCAT

Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordea Ozeano Atlantikoko eta ondoko uretako, esaterako Mediterraneoko, atunaren kontserbazioaz eta kudeaketaz arduratzen den erakundea da. ICCATek batez ere atunekin eta ezpata arrainekin egiten du lan, eta arrantza toki horietan nahigabe arrantzatutako espezieez ere arduratzen da, tartean marrazoez.

Erakunde horrek espezie horien Ozeano Atlantikoko arrantza estatistikak jasotzen ditu, ikerketa koordinatzen du, stocken ebaluazioak barne, antolamenduari buruzko aholkularitza garatzen du eta mekanismoak jartzen ditu kideek araubideak adosteko .  

ICCATek kudeatzen dituen espezieak oso migratzaileak direnez, horien kudeaketa arrantzatzen dituzten herrialdeen lankidetzaren menpe dago. Berez, neurriak oso migratzailea den espezie baten esparruaren barruan gune bakar batean aplikatzen badira ez dira oso baliagarriak izango, eta gune batean gehiegizko harrapaketa egiteak, berriz, ondorio kaltegarriak izango lituzke herrialde askok partekatzen dituzten stocketan.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak