Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskal Osasun Zerbitzua euskal gizarte osoaren lorpen bat dela aitortu du Lehendakariak

2018.eko azaroak 16
  • Osakidetzaren 35. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia itxi du Lehendakariak.
  • Osakidetzak etorkizuneko hainbat erronka dituela adierazi du Lehendakariak, Euskal Osasun Zerbitzua zaintzen eta hobetzen lagunduko dutenak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Osasuneko sailburu Jon Darpón lagun zuela, itxi du Osakidetzaren 35. urteurreneko ospakizunaren ekitaldi nagusia.

Bere jardunean, Euskal Osasun Zerbitzua euskal gizarte osoaren lorpen bat dela aitortu du Lehendakariak. Zentzu horretan nabarmendu du, batetik, Osakidetzako langileen profesionaltasuna eta gizatiartasuna, eta, bestetik, Gobernu eta Sail guztietatik jasotako laguntza Osakidetza eraiki, bultzatu eta hobetzeko. Lehendakariaren hitzetan, gizartearen babesari esker, osasun-laguntzako erreferente bat da Osakidetza.

Dena den, etorkizunari ere begiratu nahi izan dio Lehendakariak eta, adierazi duenez, Osakidetzak etorkizuneko hainbat erronka ditu, Euskal Osasun Zerbitzua zaintzen eta hobetzen lagunduko dutenak. Zentzu horretan, zahartzeari eta gaixotasun kronikoen hazkundeari heltzeko premia azpimarratu du Lehendakariak, ospitaleratutako pazienteen % 50 baino gehiago 65 urtetik gorakoak direla kontuan hartuta. Lehendakariak adierazi duenez, etorkizuneko beste erronka bat da berrikuntza teknologikoan eta farmazeutikoan inbertitzea, “osasun-sistemaren eta industria farmazeutikoaren arteko erantzunkidetasun handiagoa bultzatzea; eta Biozientzien eta medikuntza pertsonalizatuago baten alde apustu egitea”, gaineratu du. Bestalde, Osakidetzaren eraldaketa digitala aipatu du Lehendakariak.

Bestetik, Lehendakariak adierazi duenez, etorkizunari begiratzea Osasun Erakunde Integratuak sendotzea da; Lehen Mailako Arreta bultzatzea; erizaintzaren eta medikuntza ez presentzialaren rolaren alde apustu egitea; gizarte-sistemaren eta osasun-sistemaren arteko koordinazioa hobetzea; osasunaren arloko desberdintasunak gutxitzen jarraitzea eta ekitatea bermatzea.

Donostiako Kursaal Jauregian egin da ekitaldia, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza zabal bat izan da bertan: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, eta Lan eta Justiziako sailburu Mª Jesús San José. Gainera, bertan izan dira Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria eta Osakidetzako oraingo zuzendari María Jesús Múgica.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jdarpon
    2018.eko azaroak 16

    Comentario de Twitter:
    Euskal Osasun Zerbitzua euskal gizarte osoaren lorpen bat dela aitortu du Lehendakariak. https://t.co/b6E6tFBSQf

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak