Berriak Lehendakaritza
Eu

EcoEuskadi 2020ko Sailen arteko Batzordeak Euskadiren jasangarritasunerako diagnostikoa eta gakoak berretsi ditu

2011.eko otsailak 25

Hala, Batzorde Teknikoak egindako lana, eta modu parte-hartzaile batean eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalekin kontrastatua, berretsi eta urrats bat gehiago egin du Euskadiren Garapen Jasangarrirako Estrategiaren eraketan

Gasteizen, 2011ko otsailaren 24an.- EcoEuskadi 2020 Sailen arteko Batzordeak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailburu Pilar Unzalu buru duenak, Batzorde Teknikoak egindako Egoeraren diagnostikoa eta Jasangarritasun giltzarriak Euskadin izeneko dokumentuak onartu zituen. Dokumentu horiek kontrastatuak izan ziren eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalekin irekitako prozesu parte-hartzaile batean, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan egindako bileran.

Batzorde horretako lehendakari Pilar Unzaluz gain, Lehendakaritzako koordinazioko idazkari orokorra eta ondorengo sailburuordeak ere izan ziren bileran: Unibertsitateetako eta Ikerkuntzakoa, Garraioetakoa, Teknologiakoa, Industria Garapenekoa, Barnekoa, Osasunekoa, Gizarte Gaietakoa, Enplegukoa, Prestakuntza eta Gizarteratzekoa, Ekonomiakoa, Aurrekontuetako eta Kontrol Ekonomikokoa, Ingurumenekoa, Lurralde Plangintzakoa eta Uretakoa eta Nekazaritzako eta Landa Garapenekoa. Batzordeak adostu zuen hurrengo urratsa egitea EcoEuskadi 2020 Garapen Jasangarrirako Estrategia eraikitzeko eta parte-hartze prozesu zabal bat abiatzea, ondoriozko Estrategia Euskadiko eragile sozio-ekonomiko eta instituzional guztien eta herritarren parte-hartzearekin osatzeko.

Datozen astean izango den Sailen arteko Batzordearekin kontrastatu ondoren, diagnostikoko fasea itxi eta aldi berri bat ireki da; aldi horren egitekoa da 2020rako Euskadiren garapen jasangarria sustatzen eta bermatzen duten lan ildoak zehaztea da.

Koldobike Uriartek, Eusko Jaurlaritzako koordinazioko zuzendariak eta Jarraipen Batzordeko kideak, bertaratutakoei jakinarazi zien, estrategia goitik behera eta behetik gora eraikitzeko asmoz, dispositibo parte-hartzaile konplexu bat jarriko dela martxan; haren helburua izango da gazteen, eragile ekonomiko, sozial eta instituzionalen eta oro har herritarren ikuspegia eta proposamenak jasotzea. Jasangarritasun giltzarriak Euskadin izeneko dokumentutik jasotako ekintzarako proposamenen ekarpen formulak askotarikoak izango dira eta apirilaren 29 arte garatuko dira. Haien artean dugu ingurune birtuala, www.ecoeuskadi2020.net. webgunean erabilgarri dauden tresnen bidez.

Azkenik, batzordeko kideek ordura arte egindako lan teknikoaren kalitatea eta irekitako parte-hartze bideak aintzat hartu zituzten. Horrez gain, konpromisoa hartu zuten nork bere departamentuan lantzeko lehentasunezko lan proposamenak, ekainean aurkezteko Garapen Jasangarrirako Estrategia EcoEuskadi 2020.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko