Berriak Hezkuntza
Eu

Gora egin du matrikulazioak Lanbide Heziketan, eta hazten jarraitzen du eredu Dualak

2018.eko azaroak 15
  • Lanbide Heziketako matrikulazioa %3,5 hazi da, lan merkatuaren egoerak hobera egin duen arren
  • Lanbide Heziketa Dualean, gora egin du enpresa zein ikasle kopuruak. Ikasle hauen lan munduko txertatzea %96,2an dago, ikasketak amaitu eta hurrengo egunean
  • Ziklo industrialetan %14,6 hazi da nesken presentzia

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalorekin batera, Lanbide Heziketak izan duen bilakaeraren inguruko datuak ezagutarazi ditu gaur Bilbon. Zehazki, sailburua eta sailburuordea matrikulazioaren bilakaeraz, Lanbide Heziketan neskek duten presentziaz, Lanbide Heziketa Dualaz eta heziketa eredu honen inguruan enpresek, ikastetxeek zein ikasleek duten asebetetze mailaz aritu dira.

Ezer baino lehen, Lanbide Heziketan izan den gorakada nabarmendu nahi izan du sailburuak, nahiz eta testuinguru ekonomikoak bestelakorik pentsarazteko aukera eman. Lanbide Heziketak, oro har, %3,5eko hazkundea izan du matrikulatan, 42.353 ikasleko kopurura iritsirik. Hauen artean %55ek zerbitzuekin loturiko zikloen aldeko hautua egin dute, eta %45ek industrialen aldekoa.

Neska gehiago ziklo industrialetan

Nabarmentzekoa da ziklo industrialen aldeko aukera egin duten nesken kopuruak %14,6 egin duela gora (1.549 ikasletik 1.776ra). Igoera honekin, ziklo industrialetan dauden ikasle guztien %10 dira emakumeak. Nesken portzentaje hori %53,51-koa da Lanbide Heziketako ikasleria guztia aintzat hartuz gero.

Hizkuntza ereduei dagokienez, matrikulazio datuek erakusten dute lorgarria dela 2020an Lanbide Heziketako ikasleen erdiak ikasketak euskaraz egin ahal izateko helburua. Matrikulazioen bilakaerak %22,4ko igoera erakusten du B ereduan, eta %6,3koa D ereduan. A ereduak nagusi izaten jarraitzen du, baina %1,7 jaitsi da.

Lanbide Heziketa Duala eta lan munduan txertatzea

Lanbide Heziketa Duala izaten ari den bilakaera ere azaldu dute sailburuak eta sailburuordeak. 2.295 ikasle ari dira aurten ikasketak eredu dualean burutzen (aurreko ikasturtean 1.913 ziren), prestakuntza mota honetan parte hartzen duten 1.434 enpresen bidez (aurreko ikasturtean 1.122 enpresa ziren). Lanbide Heziketa Duala 97 ikastetxetan eskaintzen da (iazko kopuru berbera). Prestakuntza Dualean ari diren ikasleen artean, 10etik 8 Goi Mailako Heziketa Zikloetan ari dira, eta %19,5 Erdi Mailako Graduetakoak dira.

Formazio onak eragin zuzena du ikasleen prestakuntza egokian, eta ondorioz, lan munduan txertatze maila ere hobea da. Horrela bada, azpimarratzekoa da Lanbide Heziketa Dualean aritu diren ikasleek duten enpleagagarritasun maila altua. 2017-2018 ikasturteko datuak aintzat hartuz, ikasle hauetatik %96,2-k ikasketak amaitu eta hurrengo egunean izan zuten lan kontratua.

Asebetetze maila handia

Aurreko urteetan legez prestakuntza dualean parte hartu duten enpresek, Lanbide Heziketako ikastetxeek zein ikasleek iritzia eman dute, euren asebetetze maila ebaluatu duen inkesta baten bidez.

  • Ikasleek, 8,1-eko batez besteko nota eman diote esperientziari, eta bereziki balorazio ona egin diote enpresan zuzen-zuzenean burutzen den lanaren bidez ezagutza jasotzeko aukera izateari (8,6 puntu). Ikasleen balorazio ona jaso du, bestalde, enpresan egin duten lanean Lanbide Heziketako ikastetxeak egin duen tutoretzak ere (8,4 puntu).
  • Lanbide Heziketako ikastetxeek, 8,4-ko batez besteko nota emanda, ikasleen lanbide-konpetentziak ebaluatu ahal izateko jaso duten formazioa baloratu dute ondoen (8,5), eta baita enpresako tutorearekin izan duten harremana eta komunikazioa ere (8,8).  
  • Enpresek berriz, euren asebetetze maila 8,6 punturekin baloratu dute. Lanbide Heziketa Dualaz balorazio bikaina egiten dute oro har (8,8); eta are hobea da erantzuna, hurrengo ikasturtean programa dualeko ikasleren bat berriro hartuko ote luketen galdetzean.
2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2018.eko azaroak 16

    Ya que se está utilizando la bandera de la Comunidad Autónoma vasca en este acto oficial, ¿por qué no está la bandera de España junto a ella si, según nuestra Constitución, Art. 4.2, http://www.congreso.es/consti/constitucion/indice/titulos/articulos.jsp?ini=4&tipo=2, deberían estar las dos?

  • @novoa_FP
    2018.eko azaroak 15

    Comentario de Twitter:
    Aumenta la matriculación en la Formación Profesional y sigue el incremento de la Dual https://t.co/7n1EX3HCOI

Ekitaldiko kargudunak