Berriak

Azpeitiako Udala eta URA Antzibarrenako eremua leheneratzen ari dira, Ibaieder ibaiaren eskuinaldean

2018-11-14

Azpeitiako Udala eta URA Antzibarrenako eremua leheneratzen ari dira elkarlanean, Ibaieder ibaiaren eskuinaldean, erakunde biek sinatutako ibaien mantentze-lanak egiteko hitzarmenaren pean.

Alde batetik, Udalak ibaiertzean pilatutako zaborrak eta lurra erauzi ditu: 825 m3 bat kendu ditu jada; hurrengo urtean azken lurzati txiki batean metatutako lurra kentzea aurreikusten du, eta  zuhaitz egunean, gainerako partzelan zuhaitzak landatuko ditu.

Bere aldetik, URAk Ibaieder ibaiaren ertzeko kainaberak kenduko ditu, sustraiak errotik aterata; ertzeko horma txiki bat kenduko du, eta ezponda egonkortzeko oinarrizko krainer (ertza egonkortzeko bioingenieritza-teknika) bat egingo du. Kainabera espezie inbaditzailea da, eta tokiko galeria-basoko espezieak ugaltzea oztopatzeaz gain, ibaiaren egoera, orohar, eskasten dute; berez legokion egoera urrunaraziz.

Antzibarrenako eremu hori Ibaieder ibaiaren eskuinaldeko ertza degradatu bat zen: azken hamarkadatan lur-metakinak gordetzeko leku gisa erabili baitzuen enpresa batek, eta,  ondoren, jarduera bertan behera utzitakoan,  zabortegi bilakatu zen.

Horien guztien ondorioz, ingurune horretan zabor eta lur-metaketa handiak zeuden, eta ibaira iristea erabat oztopatzen zuten. Halaber,  ibaiertza kainaberaz josita zegoen, eta aurreko urteetan horiek erauzteko eta ordezkatzeko aurreikuspenak baziren ere, lanok ezin izan ziren aurrera eraman,  bertara iristea ezinezko baitzen.  

Udalak Antzibarrena eremuko ingurumen-berreskurapena lortzeko zuen interesa adierazi zion URAri, eta haiek egindako proiektua aztertu ondoren, lanok bi erakundeen arteko lankidetzan egitea erabaki zuten, ibaien mantentze-lanak egiteko hitzarmenaren barruan.

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)