Eu

Beatriz Artolazabalek gaitasun pertsonalek Gizarte Lanean duten garrantzia nabarmendu du

2018.eko azaroak 14
  • Gizarte Laneko Nazioarteko III. Biltzarra eta 2018ko Cifets - Gizarte Laneko Fakultate eta Laneko Eskolen XII. Biltzarra, Deustun
  • “Unibertsitateak enplegu-merkatu berrietan lan-jarduera horretan urrats berriak ematen jarraitzera animatzen dut”.
  • Zorionak Deusturi, Gizarte Laneko Graduaren ikasketa-planak garatzeko egiten duen lanagatik eta interesagatik
  • Lanbide-praktika nabarmendu du, berrikuntza eta ikerketa etengabearekin.
  • “Gizarte-lanak etorkizun handiko lekua izango du lanbide berrietan: prestatzea eta gizarte- eta ekonomia-behar berriak aurreikustea da kontua”

Bilbo, 2018 11 14

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, zera esan du: “gizarte-lanean ere garrantzitsuak dira gaitasun pertsonalak eta bakoitzak egoera berriei erantzuteko duen aldez aurretiko jarrera: plus pertsonala da eta, enpleguaren beste eremu batzuetan bezala, gizarte-langile bat eginkizun eta enplegu jakin baterako hautatzeko eta kontuan hartzeko gero eta garrantzitsuagoa da”.

 

Artolazabalek Deustuko Unibertsitatean hitz egin du, estatuko unibertsitateen Gizarte Laneko Nazioarteko III. Biltzarrean eta Gizarte Laneko Fakultate eta Laneko Eskolen XII. Biltzarrean (CIFETS 2018); bi urterik behingo zientzia-ekitaldietan sartzen da. Ekitaldi horiek Gizarte Laneko fakultate eta sailetako dekano eta zuzendarien konferentziak antolatzen ditu; 1996. urteaz geroztik egiten da, bakoitzean hiri batean.

 

Oraingoan, topaketaren lema hauxe da: “Gizarte Lana eraldatzen ari den munduan: errealitate desberdinak ala esku hartzeko kontu berriak?”. Ipar Amerikako, Latinoamerikako eta Europako langileen biltzar eta hitzaldietan aztertu eta eztabaidatu da. Emma Sobremontek, Ana Isabel Limak, José Antonio Rodríguezek, Teresa Laespadak eta Iñigo Pombok jardunaldiak ireki dituzte, José Guibert errektorearekin, Víctor Urzelayrekin eta Beatriz Artolazabalekin batera. Hasierako hitzaldia Saül Karsz-ek (Association Practiques Sociales, Arcueil-Frantzia) eman du, “Gizarte-lana sekula baino gutxiago izango da!” izenburupean. Ondoren, Carlos Montañok (Universidad Federal de Río de Janeiro) eta Luis Noguések (Madrilgo Integrazio Komunitarioko eta Gizarte Larrialdiko Zuzendaritza Nagusia) hitz egin dute.

 

 

“Balioa sortzeko ezagutzak eta teknologiak gero eta garrantzia handiagoa dute eta, hori dela eta, kudeatzaile publikook merkatuan ondasunak eta zerbitzuak erosteko baliabide ekonomikoak birbanatzeko gizarte-eginkizuna gainditu behar dugu. Halaber, ezagutza gehiago eta hobea koproduzitu behar dugu, zerbitzu publikoen erabiltzaileek beren gizarte-eskubideak baliatuz exijitu bezain erabakigarriak izan ahal izateko”, esan du Artolazabalek.

 

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzen arabera: “gure helburu diren publikoen premia eta nahiak identifikatu behar ditugu eta ahalik eta erantzun onena eman eta, horrela, beren gizarte-ongizateari bide eman eta, bide batez, gizarte-zerbitzuen barruan, kolektibo batzuen inguruan zerbitzuetan egiten den ohiko segmentazioa gainditu, izan ere, iraganaren moteltasunari erantzuten dio, eta ez premia eta baliabideen benetako analisiari”.

 

“Errealitatea aldatzen doanez, arin eta egokituta jardun behar dugu, analisia eta ezagutzak eta esperientzia oinarri hartuta. Era berean, utzi behar diogu geure burua “neba-arreba pobre” gisa ikusteari beste eremu batzuen aurrean, eta ikusgarritasuna eta prestigioa eman behar dizkiegu gizarte-zerbitzuei. Sarritan, gizarte-babesaz hitz egiten da, baina “gizarte-babesa zer den” zehazten denean, ez dira gizarte-zerbitzuak aipatzen. Izugarrizko akatsa da", esan du Artolazabalek.

 

Sailburuaren iritziz, “sektorean lan egiten dugunok haren balioa nabarmentzen ez badugu, dagokigun erantzukizunetik, dela politikoa, dela teknikoa, inor ez da etorriko laguntzera eta haren garrantzia aldarrikatzera. Gure egitekoa eta betebeharra da beste sistema batzuen hondar eta osagarri gisa ikusteari uzteko borrokatzea, eta, horretan, gizarte-laneko profesionalak funtsezko eragile dira”.

 

Artolazabalek esan du ziur dagoela harro egon behar dugula “Euskadin zenbait arlotan ematen diren aurrerapenengatik, besteak beste, kudeaketan eta gizarte-zerbitzuen berrikuntzan ematen direnengatik. Kudeaketa ausartak eta dinamikoak baino ezingo du izan behar diren aldaketa-prozesuen buru; gizarte-egiturarekin, prozesu ekonomikoekin edo erakunde-egiturarekin elkarreraginean diharduten eta inklusioko eta parte-hartzeko dinamikak eragiten doazen sare inklusiboak eta parte-hartzaileak eraikitzen zentratzen direnen buru”.

 

“Hori hala izateko, gizarte-zerbitzuen kudeaketarako, berritu eta berrasmatzearen bidez, etengabeko ekarpen erabakigarria egiten du, eta gizarte-zerbitzuetatik erronka erakargarri bati egin behar diogu aurre, non erakunde publikoek, hirugarren gizarte-sektoreak, enpresek, unibertsitate-eremuak eta bestelako agenteek elkarreraginean jardungo baitugu estrategikoki”, esan du.

 

Bere iritziz, “lan hori ekoizpen- eta ikaskuntza-eremuetan egiten da, ikerketakoan, teknologiakoan eta berrikuntzakoan. Horiek guztiek enplegua sortzeko bide ematen dute, non gizarte-zerbitzuak beste batzuen traktore gisa eta ekonomiaren, lanaren, ingurumenaren eta erlazioen arloetako itzulera baliotsuen sortzaile gisa ulertzen baitira. Gizarte-berrikuntza gero eta ugariagoa da Euskadin, ez da utopia bat, eta hala aitortu du ELGAk edo Europako Batzordeak gizarte-berrikuntzarako gidan”.

 

Beatriz Artolazabalek zenbait esperientzia berritzaile aipatu ditu, “gizarte-zerbitzuen sektorearen ezagutzan oinarrituta, besteak beste: pertsonan oinarritutako arreta integralaren eredua, Matía fundazioarena; Agintzariren familia-guneak; telelaguntzako aurrerapenak, esaterako betiON edo etxeko laguntza –Bilboko Gizarte Zerbitzu Integratuak– edo gizarte-inklusioaren eremuko hainbat erakunde”.

 

“Eta, halaber, sektoreen arteko esperientzien bidez ere berritzen dela ikusten dugu, Wikitokiren kasuan, esaterako; praktiken laborategia da Wikitoki, eta, bertan, diziplinen artean harremanerako, hibridaziorako eta batera sortzeko modu berriak esperimentatzen dira. EALZk, eguneko arretarako landa-zentroak, Arabako Aldundiak eta Arabako udalek sustatzen dituztenak, edo etxerik ez dutenentzako Housing First eredua, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek abian dutena, RAIS fundazioarekin batera, eta gure proiektuak, Bherria, Euskadi Lagunkoia eta Agenda Nagusi, gizarte-partaidetza eta herritar aktiboak eta konprometituak sortzea sustatzen dutenak, horren adibide gehiago dira”, esan du.

 

“Gizarte-zerbitzuetako beste eremu batzuk, esaterako esku-hartzea, hobeto bermatuta daude, baina prestatu beharra dago, zerbitzuak kudeatzen diharduten pertsonak egunean egoteko eta, bide batez, egresatu berriei gaikuntza emateko. Zuok, gizarte-laneko profesional zareten aldetik, badakizue zuon jakintasuna behar dugula, abian ditugun kudeaketako, berrikuntzako eta gizarte-arloan esku hartzeko prozesuetan aplikatzeko. Horretan, asko dugu emateko; izan ere, erantzuna eskaini behar diezue gure gizartean gero eta gehiago eta azkarrago sortzen diren arazoei, erronka berriek errezeta berriak beharko baitituzte”, esan die sailburuak Biltzarrera bertaratu direnei.

 

Artolazabalen hitzen arabera, enplegu horietarako prestakuntza zehatza beharko da; horrek talante eta proaktibotasun dosi handiagoa izango du langilearen aldetik. Eraldatzen ari den mundu honek zenbait gizarte-errealitate ditu, eta egoerak oso desberdinak izango dira, oinarria bera izanik ere”.

 

“Nik, gaur, gaitasun pertsonalak nabarmendu nahi ditut: egoera berri horiei aurre egiteko bakoitzak duen aurretiko jarrera. “Gehigarri edo plus pertsonal hori, enpleguaren beste eremu batzuetan bezala, gizarte-langile bat egiteko eta enplegu jakin baterako hautatzeko eta kontuan hartzeko gero eta garrantzitsuagoa da. Gizarte Lanak gizarte-aldaketa sustatzen du, arazoen ebazpena eta indartze pertsonala ongizatea areagotzeko”, esan du.

 

“Giza eskubideen eta gizarte-justiziaren ezagutza eta kudeaketa funtsezkoa da Gizarte Lanerako eta hori behar du plus horrek. Unibertsitateak gaur egungo munduan enplegu-merkatu berrietan lan-jarduera horrek eskainiko dituen urrats berriak ematen eta aurreikusten jarraitzera animatzen dut. Zorionak Deusturi, Gizarte Laneko Graduko ikasketa-planak garatzeko egiten ari den lanagatik eta interesagatik, eta erabateko lanbide-praktika egitera ere animatzen dut, etengabeko berrikuntza eta ikerketarekin. Gizarte-lanak etorkizun handiko lekua izango du lanbide berrietan, ziur nago.   Horretarako, prestatu, aurreikusi eta sumatu egin behar da zein izango diren gizarte- eta ekonomia-premia berriak”, esan Artolazabal sailburuak, amaitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • JM Guibert, Víctor Urzelay