Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak La Esperanza pilotaleku berria eraikitzea adostu dute, eta horrekin batera, udal egoitzetarako eraikina

2018-11-14
  • Juan Mari Aburto Alkateak eta Arantxa Tapia Sailburuak, proiektuaren bien arteko finantzaketa jasotzen duen eta 4,5 milioi euroko aurrekontua duen lankidetza hitzarmena sinatu dute
  • Itxaropen kalea 4ko orubea okupatzeko diseinatutako proiektuak, pilotalekua eta udal egoitzak, eta baita sarbideko ataria dituen eraikina ere, hartuko dituen bolumen bakarra planteatzen du
  • Proiektu hori BIM sistemaren bitartez garatu da, eraikinak hiru dimentsiotan eta denbora errealean modelatzeko software dinamikoa, diseinatzeko eta eraikitzeko orduan denbora eta baliabide galera murrizteko.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak gaur iragarri dutenez, 3. lineako Zazpikaleak/Casco Viejo geltokiaren estalkiaren gainean egongo den La Esperanza pilotaleku berriaren eraikuntzarekin batera, udal egoitzetarako eraikin bat ere eraikiko da.

Tapiak, ETS trenbide kudeatzailearen Presidente gisa, eta Aburtok sinatu duten lankidetza hitzarmenak, beste puntu batzuen artean jasotzen duenez, 4.531.450 euroko aurrekontua (BEZ barne), bi erakundeek finantzatuko dute %50ean. ETSk egingo duen ekarpenaren parte bat, Bizkaiko Foru Aldundiarekin metroaren 3. Linea eraikitzeko sinatu zen hitzarmenetik dator.

ZazpiKaleak geltoki berria egiteak zuen konplexutasun handia zela eta, beharrezkoa izan zen La Esperanza pilotaleku zaharra eraistea, Mallonako hegalean hondeaketa lanak egiteko makinak sartu ahal izateko. Obren fasean aurrealdeko eta atzealdeko hormak kontserbatzea erabaki zen, ondoko eraikinen egonkortasuna bermatzeko.

Itxaropen kalea 4ko orubea okupatzeko diseinatutako proiektuak, bi eraikin, pilotalekua eta zenbait egoitza, eta baita bi lekuetarako sarbideko ataria dituen eraikina bilduko dituen bolumen bakarra planteatzen du.

Tapiak “trenbidearen eraldaketarako gaitasuna” azpimarratu du, “3. Lineatik haraindi doan hiri mailako eraldaketarako aukera ematen baitu”. Sailburuaren berbetan, “Udaleko eta Jaurlaritzako talde teknikoen artean zenbait bilera egin ondoren, pilotalekua geltoki berriaren estalkiaren gainean berregitea erabaki zen”. Kokaleku zehatza, Itxaropen kalearekin perpendikularrean, Frontoi berriak erabilpen arautua bermatzeko beharrezkoak dituen dimentsioak, instalazioak eta ikusle kopuruak integratzeak baldintzatu du.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Eusko Jaurlaritzako Sailak eta ETSk egin duten lana eskertu ostean, adierazi du “hitzarmen hau aukera ona dela Bilborentzat, Zazpi Kaleentzat. Bilbao Kirolak elkarteak kudeatuko duen kirol ekipamendua, pilotalekua, edukiko dugu berriro, eta auzoak gazteei eta familiei zuzendutako udal ekipamendu publikoa irabaziko du”. Aburto pozik agertu da, “auzorako ekipamendua izango delako, behin baino gehiagotan eskatutakoa eta ondo hartutakoa”.

Pilotalekua

La Esperanza pilotaleku berria barruti itxia izango da, 30 bat metro luze eta 20 bat metro zabal, Itxaropen kaleko 2. zenbakiko eraikinaren mehelinera erantsita. Aukeratutako kokaguneak, aipatutako eraikinean bizi direnek eraikinaren atzealdeko fatxadatik duten ikuspegia ez galtzea bermatzen du.  

Horrela, pilotalekua, aldi berean jolasteko eremu eta estruktura izango diren hiru hormaren inguruan egituratuko da. Diseinu osagai horretan garrantzi handia du pilotalekuaren beraren orientazioak. Alde batetik, jolasten ari den bitartean itsualdiak eragin ditzakeen eguzkiaren argia zuzenean sartzea saihestu behar da, baina, beste alde batetik, ustiapen kostuak murrizteko adina argi natural sartzeko aukera ere eman behar da.

Jolasteko hormak hormigoi armatuzkoak dira, eta itxiduraren gainerako lekuetan horma-gortina aukeratu da, multzoari arintasuna emateko. Horrez gain, altxatutako harmailak daude, eta horien behealdean komunak eta aldagelak (3) instalatuko dira.

Harmailek 7 eserleku lerro dituzte, eta horrek, kantxaren kotan, harmailen estrukturaren azpian, instalazio gunea jasotzeko behar adinako altuera ematen die. 7 lerro horiek 300 pertsona inguru eserita egoteko lekua emango dute.

Pilotalekua Bilbao Kirolak elkarteak kudeatuko du, hiriko gainerako udal kirol egoitzekin gertatzen den bezala.

Pilotaleku berriaren dimentsioak

Hartutako tipologia ezkerreko hormakoa da, dimentsio hauekin:

  • Pilotalekuaren luzera: 30 metro
  • Kantxaren zabalera: 10 metro
  • Kontrakantxaren zabalera: 4 metro
  • Frontisaren altuera: 10 metro
  • Frontisaren zabalera: 11 metro
  • Ezkerreko hormaren altuera: 10 metro

2015ean pilotaleku zaharra eraitsi arte, bi pilota taldek eta frontenis talde batek erabiltzen zuten, eta Atxuriko Maestro García Rivero ikastetxe publikoko eskola orduetatik kanpoko jarduerak egiteko egoitza zen. Horrez gain, pilota tailerrak, txapelketak eta azokak egiten ziren, eta barrutiko bilerak egiteko lekua zen.

Itxaropen kalea 4ko eraikina

Pilotaleku zaharra eraitsi ostean hutsik geratu zen lur-saila osorik eraikiko da. Planteatu den eta udal titulartasuna izango duen eraikin berriak bi helburu ditu: alde batetik, pilotaleku berriaren altuerako euskarri izatea eta, bestetik, erabilgarri dagoen gune berriaren aukeraz baliatzea, dentsitate handiko hirigunean.

Horretarako, 5 solairuko eraikina diseinatu da, 240 m2 inguruko azalera eraikigarriarekin beheko solairuan eta lehenengo bi solairuetan. Azalera 160 m2ra murriztuko da eraikinaren azken solairu bietan. Azalera horren parte bat sarbideko atari gisa egokituko da.

Udal eraikinak auzoaren eskariei erantzungo die. Hori dela eta, solairu batzuek auzoko elkarteei eta taldeei zuzendutako erabilera izango dute, barrutiko espazio publikoak izango dira, eta gainerako solairuek ekipamendu erabilera izango dute, umeen, gazteen eta familien aisiarako, eta baita umeentzako liburutegi instalazioa ere. Auzoko ekipamendua izango da.

Dokumentu honetan eraikinaren proiektuak hartzen duen nondik norakoa pilotalekurako eskatzen dena baino txikiagoa da. Egin behar den gauza bakarra maila estrukturalean eta fatxadaren itxidurei dagokienean definitzea izango da. Hurbilketa errealista egiteko eta ondorengo diseinuak ez baldintzatzeko xedez, proiektu honetan solairu bakoitzeko erabileren banaketa planteatzen da eta, horrez gain, asmo handiko egituraketa estrukturala egin da, oso gune diafanoa izango dena etengo duen zutabe bakarrarekin.

Atari bakarra diseinatu da Itxaropen kalea 4ko eraikinaren solairuetara eta pilotalekura sartzeko. Kirol erabilera eta familia osoari zuzendutako kultura eta aisia barne hartuko dituen ekipamendu erabilera batera egongo diren gunea izango da.  

Hirigintza plangintzaren egokitzapena

Jarduketaren gunean indarrean dauden hirigintza arloko tresnak Herri Antolamenduko Plan Orokorra eta Bilboko Alde Zaharra Birgaitzeko Plan Berezia dira.

Proiektuaren onespenak eta Metroaren geltoki berriaren egikaritzeak plangintzako bi tresna horien aldaketa eskatzen zuten. Hori dela eta, Bilboko Udala, hirigintza plangintza aurreikusita dauden erabileretara egokitzea planteatzen ari da. Alde batetik, dagoeneko eginda dagoen trenbide arloko azpiegitura, eta bestetik kirol ekipamenduaren berreraikuntza, eta baita orubearen gainerakoaren aprobetxamendua ere, auzorako ekipamendu berria egokitzeko.

Plangintzaren aldaketarako beharrezkoak diren dokumentu teknikoak Udalak idatzi  beharko ditu. Dena den, erakunde publikoa Udalarekin lankidetzan arituko da, eta horien definizioa koordinatuko du berarekin batera.

Hori dela eta, Bilboko Udalak plangintzaren aldaketa egingo du, lur-sail horren erabilera trenbide erabilerarekin eta kirol eta ekipamendu erabilerarekin bateragarri izan dadin.

Proiektua BIMen

Proiektua BIM sistemaren (Building Information Modeling), eraikigarritasunerako informazio modelatua izenez ere ezagutzen denaren, bitartez garatu da. Sistema hori, eraikin baten bizitza zikloan haren datuak sortzeko eta kudeatzeko prozesuan oinarritzen da, eraikinak hiru dimentsiotan eta denbora errealean modelatzeko software dinamikoa erabiliz, diseinatzeko eta eraikitzeko orduan denbora eta baliabide galera murrizteko.

ETS, Euskadiko trenbide azpiegituren kudeatzailea, lanerako sistema eta prozedura berriak sartzeko egiten ari den esfortzu garrantzitsua azpimarratu du Tapiak, BIM izenekoa, besteak beste. Tapiaren berbetan, “gaur egun teknologiak proiektuaren kalitatea handitzeko aukera ematen digu: akatsak, planoetako interferentziak eta aurrekontuak murriztea, eraikuntzako epeak hobetzea eta obren kontrol ekonomiko handiagoa egitea”.

Azken finean, zenbait proiektu diseinatzeko erabiltzen ari den laneko sistema berria da, horien artean Donostiako AHTaren geltokia (Atotxa), Ezkio-Itxasoko AHTaren geltokia, Gasteizko BEAren kotxetegi berrien proiektua edo La Esperanza pilotalekua bera.

 

Iruzkin bat
  • Argazkia Autokanporatutako erabiltzailea
    Autokanporatutako erabiltzailea
    2018-11-22

    Proyecto realizado por la ingeniería FULCRUM.
    Gran trabajo.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Mari Aburto (Bilboko alkatea)