Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Euskararen Aholku Batzordearen Legegintzaldiko bigarren bileran

2018.eko azaroak 14
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Euskaltzaindiaren mendeurrena dela-eta, Andres Urrutia euskaltzainburuak parte hartu du saioaren hasieran

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da euskara normalizatzeko ahaleginak eta proiektuak batzea eta koordinatzea helburu duen Euskararen Aholku Batzordearen Legealdiko bigarren bileran. Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan egin da saioa eta, Lehendakariarekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak hitza hartu du bileraren hasieran, Euskaltzaindiaren mendeurrena dela-eta. Parte-hartze hauetaz gain, euskarazko hedabideen finantziazioa, Euskararen Agenda Estrategikoaren betetze maila edota euskara administrazioan normalizatzeko dekretua berritzeko prozesua izan dute hizpide Batzordera bertaratutakoek.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua alboan zuela, Urkullu Lehendakariak nabarmendu du Euskararen Aholku Batzordea bezalako gogoeta-guneak “behar-beharrezkoak” direla euskararen sustapenean asmatzeko, eta adierazi du euskarak “behar-beharrezkoa” duela hizkuntza politika, “letra larriz”. Euskaltzaindiaren mendeurrenaz ere mintzatu da Lehendakaria, eta Euskaraldiarekin lotura egin du. “Euskarak behar zuelako sortu zen, 1918an, Euskaltzaindia. Antzeko behar batetik etorri zen, orain 50 urte, euskararen batasuna. Beharrezkoak ez ezik, Euskaltzaindia eta euskara batua, ezinbestekoak ditugu etorkizuna josten jarraitzeko. Alabaina, egun, bizi dugun bidegurutzean, bestelako bizigarriak behar ditugu, eta horretarako jaio da Euskaraldia”, adierazi du.

Auzolanaren garrantzia

Era berean, Lehendakariak euskararen sustapenean “auzolanak” duen garrantzia azpimarratu du: “Ibili dabilenak daki bidearen berri. Aurreko hamarkadotan milaka hiztun irabazi ditugu, batik bat hezkuntza sistemaren euskalduntzeari eta euskaltegiek egin duten lanari esker. Bidea egin dugu, bidea ezagutzen dugu, bideari jarraipena eman behar diogu. Bide hau ez zen posible izango atzean gizartearen babesa eta bultzada izan ez bagenu. Bide horretan, gaur ere, Euskaraldia posible da gizarte-adostasuna landu eta zaindu delako. Euskaraldiak auzolanaren, elkarlanaren bidea erakusten digu. Euskaraldiak bidea elkarrekin egiten jarraitzeko gonbita egiten digu. Horri esker errazagoa izango da, baita ere, euskara indartzeko bidean berriz ere asmatzea”.

Bestalde, Bingen Zupiria sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak gaurko Euskararen Aholku Batzordera eramandako gaiak azaldu dituzte, kideek jarraipena egin dezaten. Hauexek izan dira gaur jorratu diren gaiak:

  • Euskarazko hedabideen finantzaziorako proposamena.
  • Euskararen Agenda Estrategikoaren jarraipena.
  • Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialak normalizatzeari buruzko dekretu berria.
  • 86/1997 Dekretua aldatzera datorren dekretu berria abian jarriko duen prozesua.
  • Euskararen Aholku Batzordearen batzorde-ataletako lanak.

Eusko Jaurlaritzako zenbait sail eta erakunderen ordezkariak egoteaz gainera (Ogasuna eta Ekonomia Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hezkuntza Saila, HABE, EITB, IVAP), Euskararen Aholku Batzordean EAEko hiru foru-aldundiek, Euskaltzaindiak, Eudelek, hizkuntza-arloan adituak diren 39 pertsonak eta Eusko Legebiltzarrak proposatutako 5 kidek ere parte hartzen dute.

Euskararen Aholku Batzordeak bost batzorde-atal ditu eta urtean zehar biltzen dira beren agenden jarraipena egiteko:

  • Gazteria eta Euskara batzorde-atal berezia.
  • Euskara Ingurune Digitalean sustatzeko batzorde-atal berezia.
  • Euskararen Erabilera eta Gizarte Aktibazioa sustatzeko batzorde-atal berezia.
  • Toponimiako batzorde-atal berezia.
  • Terminologia batzorde-atal berezia.
Iruzkin bat
Ekitaldiko kargudunak