Berriak Lehendakaritza
Eu

Estatuaren erantzukizunari dei egiten dio Lehendakariak konpetentzien banaketa gauzatzeko

2018.eko azaroak 14
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Urte Judizialaren Irekiera ekitaldian izan da Iñigo Urkullu
  • Estatuarekin elkartzeko, elkarrizketan aritzeko, elkar aditzeko eta adosteko guneak indartzeko premia planteatu du Lehendakariak

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Lan eta Justiziako sailburu Mª Jesús San José lagun zuela, Urte Judizialaren Irekiera ekitaldian izan da.

Bere jardunean Lehendakariak gogora ekarri duenez, aldaketa eta ziurgabetasuna nagusi diren garai batean bizi gara eta horrek eragina du bizitza sozial, politiko eta instituzionalaren maila guztietan, baita Justizian ere. Testuinguru horretan, Lehendakariak aukera izan du Estatuaren erantzukizunari dei egiteko konpetentzien banaketa gauzatzeko eta nahi dena baino gehiago irauten ari den behin-behinekotasunari azkena emateko, kontuan izanik gainera urratu egiten dituela bai Konstituzioa, bai Gernikako Estatutua. “Konbentzituta nago adierazi izan dugun jarrera elkarrizketarako, elkar aditzeko eta akordiorako laster gauzatu ahal izango dela Autogobernu aintzatetsia leialtasunez betetzeko”, esan du. Lehendakariak azaldu duenez, Autogobernu aintzatetsia betetzea pauso positiboa litzateke konfiantza berreskuratzeko bidean, non inplikatuta egon behar duten botere publiko guztiek.

Zentzu horretan, Iñigo Urkullu Lehendakaria Ponentzia parlamentarioan lortutako akordioak zabaltzearen alde agertu da; ponentzia horren helburua da euskal Autogobernuak adierazten duen “guztion onura” eguneratzea, sakontzea, zabaltzea eta bermatzea. “Lehenaldian lortutako akordioen betearazpena eskatzen ari naiz etorkizuneko itun- eta bizikidetza-aldi berri baten erakusgarri onena delako”, gaineratu du. Bestalde, lan-egutegian arreta jartzeko eskatu du Lehendakariak, Gernikako Estatutuan egiteko dauden transferentziak gauzatzeko. “Hau ez da ultimatum bat. Leialtasunari egiten zaion dei bat baizik. Baita leialtasun Konstituzionalari ere”, azpimarratu du.

Gizartea gero eta eskakizun handiagokoa den testuinguru batean, non nabaria den botere publikoekiko eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuekiko konfiantza berreskuratu beharra dagoela, ekintza politikoaren eta instituzionalaren garrantzia nabarmendu du Lehendakariak. “Guri dagokigu gure zereginaren muinean aurrera egitea, hau da, elkartzeko, elkarrizketarako, elkar aditzeko eta akordiorako guneak indartzea”, gaineratu du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenean izan da ekitaldia, eta bertan izan dira parte hartzen Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Gobernuko bozeramaile Josu Erkoreka, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Goreneko presidente Juan Luís Ibarra, eta Carmen Adán, Euskal Herriko Fiskal Gorena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak