Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadiko lan-baldintzen hobekuntza eutsia defendatu du Lehendakariak

2018.eko azaroak 14
  • Laneko Segurtasunari eta Osasunari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarra, “Etorkizuneko lan erronken aurrera begirako azterketa”, inauguratu du Iñigo Urkulluk
  • Laneko Segurtasunari eta Osasunari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarraren helburua izango da azken urteetan produkzio-prozesuetan izan diren hain aldaketa sakonak aztertzea, baita antzeman daitezkeen erronka berriak ere

OSALANek antolatutako Laneko Segurtasunari eta Osasunari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarra, “Etorkizuneko lan erronken aurrera begirako azterketa”, inauguratu du Iñigo Urkullu LehendakariakLan eta Justiziako sailburu Mª Jesús San José lagun zuela.

Bere jardunean, Lehendakariak nabarmendu duenez, Euskadiko lan-baldintzen hobekuntza eutsia da Eusko Jaurlaritzaren helburua. Hala, Lehendakariak defendatu egin ditu kalitateko enplegua, enpresa arduratsuak eta giza baliabideen kudeaketa aurreratua sortzeko eta laneko segurtasuna eta osasuna bermatzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak. “Guztion onerako diren konpromisoak”, zehaztu du. Zentzu horretan azpimarratu duenez, Osalanen zereginari esker helburu horiek irmotu egin dira enpresen eta Herrialdearen kulturan.

Lehendakariak azaldu duenez, pertsonen osasunari kalte egingo ez dion lan batekin hartutako konpromisoan aurrerapausoak ematea da Osalanen jarduna mugitzen duen ideia. Zentzu horretan Lehendakariak adierazi duenez, proiektu kolektibo bat, ekimen publiko eta profesional bat izan da Osalan, eragile ekonomikoei eta sozialei lagundu diena lanari lotutako arriskuak gutxitzeko eta laneko osasuna hobetzeko erronka bikoitz horretan.

Enpleguaren eta Ekonomia Suspertzearen aldeko Eusko Jaurlaritzaren Esparru Programa ere aipatu du Lehendakariak, eta gogora ekarri du programa horrek Osalani lotutako helburu bati ematen diola lehentasuna: “kalitate handiagoko enplegua eskainiko duen lan-merkatu bat sustatzea, nahi ez den aldi baterako eta denbora partzialeko lana murriztean islatua; laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan aurrerapauso gehiago ematea gizartearekin erantzukizuna hartzen duten enpresetan, beren giza baliabideen kudeaketa aurreratu batekin.”

Bere aldetik, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék azaldu duenez, Laneko Segurtasunari eta Osasunari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarraren helburua da produkzio-prozesuetan azken urte hauetan gertatu diren hain aldaketa sakonak aztertzea, baita antzematen diren erronka berriak ere, adi-adi egotea eta jarrera parte-hartzailea mantentzea eskatzen digutenak. “Ahalegin handiak egin ditugu eta ilusio handia jarri dugu Biltzar hau antolatzen eta erantzun bikaina eta eskuzabala izan dugu adituen aldetik, beren ikuspegiak, ideiak eta ezagutzak partekatzeko prest”, adierazi du.

Gainera, San Josék eskertu egin ditu beste erkidego batzuetako laneko osasuneko mutualitateen, enpresen eta institutuen lankidetza eta ekarpenak, baita ekitaldi hau diseinatzen eta martxan jartzen parte hartu duten erakunde zientifikoak ere.

Bilboko Euskalduna Jauregian egin da ekitaldia eta bertan ere izan dira parte hartzen Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Gobernuko bozeramaile Josu Erkoreka, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, Manuel Lezertua Arartekoa, eta Jesús Loza, Espainiako Gobernuko Ordezkari Euskadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak