Eu

Gaur egun, tokiko merkataritzaren egoera ez da erraza, baina liga honetan elkarrekin aritu behar dugu, asko baitugu jokoan”, gogorarazi du Retortillok

2018.eko azaroak 14

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok Bilbaodendak-ek antolatu duen “Munduko talderik onena” erakusketaren aurkezpenean parte hartu du. Erakusketa horren bidez, Tomas Ondarrak Athletic taldearen historiari buruz idatzitako liburuko argazkiak Bilboko saltokietako erakusleihoetara eramango dira.

Sailburuak gogorarazi duenez, egun hauetan Saila industria-turismoaren aldeko ekimen bat bultzatzen ari da, eta ekimen hori “industrializazio zaharrean egin dugun ibilbide kolektiboaren aztarnei balioa emateko jarduera ez ezik, gure industria-historiaren eta historia hori egin zuten gizon eta emakumeen aldarrikapena ere bada”.

 “Athletic taldea ere industrializazio horren fruitua da. Gaur egun, gure merkataritzarentzat ere ez da erraza mineral puruko zainak aurkitzea. Egia esan, goizero bere pertsiana igotzen duenaren ahalegina eta lana ezinbestekoa izan da beti, eta inoiz ez da erraza izan. Baina orain faktore berri batzuk agertu dira, eta zailagoa da zain horiek aurkitzea, baita lan handia eginez ere”.

Faktore horien artean, sailburuak honako hauek aipatu ditu: kontsumo-jarraibideetan gertatutako aldaketak, barne-merkatuaren mugen desagerpena izatez, produktu faltsifikatuen kaleko salmenta eta merkataritza elektronikoaren hedapena. Horiek guztiek “egoera bereziki zaila sorrarazi dute. Eta horrek eragina du merkatuan, non diharduten pertsonen baldintza- eta aukera-berdintasuna etenda dagoen”.

Hala ere, Retortillok uste du lehia horren emaitza ez dagoela erabakita. “Lehenik eta behin, administrazio bakoitzak dagokion esparruan betetzen duen zeregina dago. Halaber, garrantzitsua da erosleen erabakia, batez ere gazteena. Gazteek jakin behar dute zer eta nola erosi erabakitzen dutenean zer hiri-eredu, herri-eredu edo auzo-eredutan biziko diren erabakitzen ari direla, klima-aldaketarekin gertatzen den bezala. Hain zuzen ere, horretara bideratuta dago tokiko merkataritza babesteko abian jarri dugun eta «gauza txikien superbotereak» ardatz dituen kanpaina.

Gainera, sailburuak gaineratu duenez, kontuan hartu behar da tokiko merkataritzak berak berritzeko ahalegin handia egin duela, eta merkataritza-elkarteek bultzatutako ekintza kolektiboak (erakusketa hau, adibidez) “bakoitza bere kabuz aritzea baino aukera hobea direla”.

 “Asko dugu jokoan. Denok jokatzen dugu liga honetan, eta elkarrekin jokatu behar dugu”, amaitu du Retortillok.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak