Eu

Eusko Jaurlaritza eta Sancho el Sabio Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, euskal liburutegi digitala osatzeko prozesuan 3.000 liburu digitalizatuko dira (Gobernu Bilera 2018-11-13)

2018.eko azaroak 13

Gobernu Batzordeak gaur onartu duen akordioaren arabera, 100.000 euro bideratuko dira proiektura eta Liburutegiaren oinarria osatuko da

Gobernu Batzordeak, bere gaurko saioan, Eusko Jaurlaritza eta Sancho el Sabio Fundazioaren arteko hitzarmen bat onartu du, eta honi esker XX. eta XXI. mendeetako 3.000 liburu inguru digitalizatuko dira. Proiektu honen bitartez, oinarrizko liburutegi digital bat osatuko da, Euskal Liburutegi Digitalaren proiektua garatzeko lehen pausoa. Euskal Liburutegi Digital horrek historian zehar hainbat kultura-arlotako euskal egileen lanak bilduko ditu. Gaur onartu den hitzarmenaren bidez Eusko Jaurlaritzak, gutxienez, 100.000 euroko ekarpena egingo du urtean, liburuen aukeraketa prozesua bideratzeko. Sancho el Sabio Fundazioak urtean 100.000 euroko ekarpena egingo du, gehienez, aukeratutako jabetza publikoko lanen digitalizazio lanak finantzatzeko helburuz, formatu bihurgarrian digitalizatuta ez badaude.

Gaur onartu den hitzarmenaren bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Sancho el Sabio Fundazioak martxoan adostu zuten akordioa formalizatzen da. Horrela, alderdi biek Euskal Liburutegi Digitalaren sorreran aurrera egiteko duten asmoa agertzen dute, Liburutegi horrek digitalizazioaren aldeko apustuan sakonduko baitu, euskal argitalpenetarako sarbidea erraztuz. Euskaraz argitaratutako edo hizkuntza horretara itzulitako lanak eta, era berean, euskal egileek edo argitaletxeek argitaratutakoak topatu ahal izango dira Euskal Liburutegi Digitalean. Eta hori izango da, hain zuzen, ezberdintasun nagusia eLiburutegiarekin; azken liburutegi digital honek (Estatuko handiena da) irakurketa zerbitzua eskaintzen dio gizarteari, mundu osoko egileen lanak eskainiz.

Egitasmo hau behin betiko bultzatzeko helburu horretatik abiatuta, Eusko Jaurlaritza eta Sancho el Sabio Fundazioaren artean sinatutako hitzarmenak honako xede hauek jaso ditu:

  • Euskal bibliografia-ondarea biltzea eta gordetzea bilduma eskuragarri batean.
  • Horretarako sarbidea ahalik eta gehien erraztea, bere edukiaren lineako hedapenaren bitartez.
  • Egungo euskal gizartean kultura interes handiena pizten duen edukirako sarbideari lehentasuna ematea, bai egile-eskubidetik aske dagoen edukira, bai egile-eskubideen mende dagoen edukira.
  • Euskaraz egindako argitalpenen hedapenaren alde egitea, ikus daitezela erraztuz, euskal edizioaren eskaintza orekatua eta kalitatekoa lortzeko helburuz, Euskadiko hizkuntza ofizial bietan.
  • Eskaintza orekatua, aberatsa eta askotarikoa sustatzea, egoki ordezkaturik izan daitezen emakumeek idatzitako lanak, literatura-genero guztiak izan daitezen eta irakurleen adin-segmentu guztiei erantzuna eman dakien.

Oinarri hauek oinarrizko liburutegi garaikide hori sortzea ahalbide dezatela da helburua, gutxienez, XX. eta XXI. mendeetako 3.000 lanez osatua, euskaraz argitaratuak edo gaztelaniaz editatuak Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskal Liburutegi Digitalaren abiapuntu den katalogo horren eraketari dagokionez, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:

  • eta XXI. mendeetako euskal kultura garaikideko idatzizko lan garrantzitsuenen bilduma aukeratuko da, arlo horretako zenbait adituren iritzia aintzat hartuta.
  • Oinarrizko euskal liburutegi digital garaikideak domeinu publikoan dauden lanak hartuko ditu barne edo egile-eskubideak indarrean dituztenak.
  • Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako lanak aukeratuko dira, hartara, eskaintza orekatua eta kalitatekoa eratu dadin hizkuntza bietan.
  • Aukeraketan aintzat hartuko da emakumeek idatzitako lanen ordezkaritza egokia egon dadila. Era berean, bertan egon beharko dute literatura-genero guztiek, baita haurrentzako, gazteentzako eta nagusientzako lanek ere.

Aukeratutako lanak, behar bezala maketatuta, liburu digital edo e-book euskarrian argitaratuko dira. Gainera, euskal herritarrek e-bookak errazago eskura ditzaten, aipatutako liburu digital horiei buruz sortzen diren metadatuek euren kokapena Internet bilatzaileetan errazago aurkitzea ahalbidetzen duten protokoloak erabiliko dituztela  jaso du hitzarmenak. Liburuen hautaketa eta digitalizazioa datorren urtearen hasieran egongo da prest.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko