Berriak Hezkuntza

1,6 milioi euro, unibertsitate ikasleen nazioarteko mugikortasun programatarako (Gobernu Bilera 2018-11-13)

2018-11-13

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran eta Hezkuntza sailburuaren proposamenez, onartu du 2018-2019 ikasturtean unibertsitate ikasleen nazioarteko mugikortasun programak izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateentzako eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeentzako diru-laguntzen deialdia egiten duen agindua. Diru-laguntza deialdi honek 1.600.000 euroko zenbatekoa du.

Erasmus+ programako mugikortasunetarako Europako Batasunak egiten dituen diru-ekarpenen bidez ez da kostuen %100 finantzatzen; beraz, finantzaketa zabaltzea beharrezko gertatzen da deialdi honen bidez. Era berean, unibertsitate-mugikortasunen parte bat Erasmus+ programan sartuta ez dauden lekuetara egiten da; horrela bada, horiek ez dituzte aipatutako erakundeen laguntzak jasotzen, eta, beraz, beste mugikortasun-programa horietan dauden pertsonak finantzatu beharra ere agerian geratzen da.

Nazioarteko mugikortasunak goi-mailako ikasleen formaziorako duen garrantziaz ohartuta, Hezkuntza Sailak  aipatutako marko hori zabaltzen du, deialdi honen bidez. Erasmus+ programara eta nazioarteko izaera duten bestelako mugikortasun-programetara atxikitako pertsonen mugikortasunen finantziazioa hobetzea da azken helburua.

2017-2018 ikasturtean zehar 1.918 ikaslek jaso zuten nazioarte mailako mugikortasuneko diru-laguntza Euskadin, deialdi honen bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko