Eusko Jaurlaritza “euskara jakiteko eskubidea bermatzeko” lege berria izapidetzearen alde (Gobernu Bilera 2018-11-13)
EH-BILDU Legebiltzarreko taldeari, lege berriaren sustatzaileari, bere ekimenaren helburuak dagoeneko “ Legegintzaldirako Gobernu Programa”n eta “2020rako Euskararen Agenda Estrategikoa”n jaso direla gogorarazi dio
Gobernu Kontseiluak, gaur, asteartean, EH Bildu Legebiltzarreko taldeak erregistratu duen “Euskara jakiteko eskubidea bermatzeko Lege-proposamena” izapidetzearen aldeko irizpena adierazi du. Gainera, Gobernuak proposamena egin duen taldeari gogora ekarri dio proposatzen den lege berriaren helburu eta ekimenak dagoeneko “XI. Legegintzaldirako Gobernu Programa”n eta “2020rako Euskararen Agenda Estrategikoa”n jaso direla, eta, hori dela eta, EH-BILDUk proposatutako eztabaidaren helburu nagusia partekatzen dutela:
- Euskararen ezagutza areagotzea
- Euskararen erabilera areagotzea
- Hizkuntza-eskubideen bermean aurrera egitea
- Euskararen lurraldeetan erakundeen arteko lankidetza sendotzea
Era berean, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du ekimenak euskararen erabileraren ingurukoak bakarrik ez diren zenbait eremutan ere eragiten duela, besteak beste, hezkuntzan edo langile publikoen hizkuntza-gaikuntzarekin lotutakoetan, eta horiek Gobernuak laster Euskal Ganberari bidaliko dizkion lege-proiektuetan aztertu eta eztabaidatuko direla. Alegia, Hezkuntza Legean eta Euskal Enplegu Publikoaren Legean.
Gainera, Eusko Jaurlaritzan iritziz, euskararen ezagutza egiaztatzeko titulu eta ziurtagirien baliozkotzea eta euskaraz eginiko ikasketa ofizialen aitorpena eta euskarazko hizkuntza-tituluen eta -egiaztapenen salbuespena ez dira euskara jakiteko eskubideari buruzko lege batean sartzeko egokiak.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du bere konpromisoa dela B2 mailara arteko doakotasuna lortzea euskararen irakaskuntzan eta, era berean, adierazi du lanean ari dela beren mailak gainditzen dituzten ikasleek legozkiekeen diru-laguntzak jaso ditzaten. Gaur egun aurrekontu-sail batzuk aurreikusita daude konpromiso hori lortzeko eta, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, EH Bilduren proposamenak gainkostu bat ekarriko luke, xede hori lortzeko bestelako irizpideak proposatzen baititu.