Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Gobernuak Elkarrekin Podemosi gogorarazi dio Legegintzako Herri Ekimena arautzeari buruzko Legeak bi urte daramatzala indarrean eta adostasun handiz onetsi zela (Gobernu Bilera 2018-11-13)

2018-11-13

Eusko Jaurlaritza ez dago “10/2016 Legea, ekainaren 30ekoa, Legegintzako Herri Ekimena arautzeari buruzkoa” aldatzea izapidetzearen aurka, baina Legebiltzarrari esan dio ez dela ebaluaziorik egin, hura ezartzeko legegintzako balioespen objektiboa, arrazoitua eta oinarriduna egin ahal izateko

Gobernu Kontseiluak, gaur, 10/2016 Legea, ekainaren 30ekoa, Legegintzako Herri Ekimena arautzeari buruzkoa aldatzeko lege-proposamena aztertu du; proposamena Legebiltzarreko Elkarrekin Podemos taldeak erregistratu du.

Lehenengo eta behin, Eusko Jaurlaritzak egiaztatu du Elkarrekin Podemosek proposatu duen legegintza-aldaketak herritarrek Legebiltzarreko erakundearekin duten harremanean baino ez duela eragina. Hori dela eta, Gobernua ez dago hura izapidetzearen aurka, baina ohartarazi du proposamenak indarrean bi urte baino pixka bat gehiago baino ez daraman legea aldatzen duela eta horren gainean ez dela inolako ebaluazio objektiborik egin, ezarritako helburuak bete diren egiaztatzeko. Testuak dio, igaro den denborak eta Eusko Legebiltzarrean bi urte hauetan erregistratu den legegintzako herri-ekimenen kopuruak ez dutela bide ematen legegintzako ebaluazio objektiboa, oinarriduna eta arrazoitua egiteko.

Bigarrenik, Gobernuak gogorarazi du Legebiltzarreko Elkarrekin Podemos taldeak proposatu duen erreforma nagusia 14. artikuluari buruzkoa dela, eta hura Euskal Ganberak aho batez onetsi zuela, aurrerapena handia izan baitzen 1986ko aurreko legearen edukiari dagokionez. 

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak esan du Euskadiri demokrazia parte-hartzailea eta zuzeneko demokrazia eta erdi-zuzenekoa antolatzen dituzten eta horiei bide ematen dieten tresna publikoen arauketa modernoa eta aurreratua ematearen aldekoa dela. Hori dela eta, edozein erreformak orekatua izan behar du eta ezin du oztopatu herritarrek legegintzako herri-ekimena erabili ahal izatea, eskakizun zorrotzegiak ezarri direlako, eta, bestalde, eskakizunak ezin dira gutxietsi, harik eta garrantzi publikoa arinkeriaz hartu arte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko