Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintza ijitoen hainbat elkarterekin elkartu da elkarlana sustatzeko lehenengo urtearen balantzea egiteko

2018.eko azaroak 13

Ertzaintzaren buru Jorge Aldekoa gaur elkartu da Erandion Euskadiko ijitoen elkarte nagusien ordezkariekin, orain dela urtebete, adostuta, sustatu zuten elkarlanaren balantzea egiteko. Emakumezkoen eta gizonezkoen lau talde jada elkartzen dira aldian behin Ertzaintzarekin segurtasun-mezuak jasotzeko eta, era horretara, kolektiboa euskal gizartean sendoago integratzea lortzeko.

 

Topaketa gaur goizean egin da Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian. Polizia-kidegoaren izenean, ertzainen buruaz, Jorge Aldekoa superintendenteaz, gainera, Idazkaritza Nagusiko Jose María Delgado komisariordea, dibulgazio-planen eta herritarrekiko harremanen arduraduna, ere izan da bileran, eta ijitoen komunitatearen izenean Nevipen, Agifugi, Amuge, Gao Lacho Drom eta Sueti Calli elkarteen ordezkariak izan dira. Elkarte horiek guztiak 2003an sortu zen eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dagoen Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako Kontseiluan integratuta daude. Ertzaintzaren jarduera Eusko Jaurlaritzaren XI. legealdiko ekimen bat den Ijito Herriarekiko Euskal Estrategiaren baitan egiten da.

Lehenengo bilera 2018ko azaroan egin zen. Bilera hartan ijito herriaren ordezkariek ertzain hurbiltzailearen irudia, Ertzaintzaren eta herritar kolektiboak biltzen dituzten era guztietako erakundeen arteko komunikazioa eta lankidetza bideak ezartzeko sortutakoa, ezagutzeko aukera izan zuten.  Bestalde, Prebentzioa Komunikazioaren bidez Landuz segurtasuneko dibulgazio-plana erabiltzeko aukera ere eskaini zitzaien. Ekimen hori, iazko ikasturtean, ia hogeita hemezortzi mila pertsonarengana iritsi zen 1.100 bat jardueraren bitartez.

Gaurko bileran lehenengo topaketa hartan sortutako emaitzen balantzea egin da. Horrela, azaldu denez, dibulgazio-programaren baitan prestakuntza ekintzak eta hitzaldiak antolatu dira, kasu batzuetan astero, Gasteizko emakume talde batentzat, Bilboko emakume gazteen talde batentzat eta gizonezko gazteen beste talde batentzat eta Donostiako emakume talde batentzat. Topaketa horietan, besteak beste, Interneteko arriskuez, drogez, gizalegezkoak ez diren jokabideez eta eskolako jazarpenaz hitz egiten da. Pertsona horientzat interesgarriak dira Ertzaintzaren polizia-jarduera bera eta lege-hauste edo delitu mota ezberdinei aurre egiteko jarraitzen dituen prozedura administratiboak eta judizialak ere.

Gainera, bilera horiek baliagarriak dira komunikazio-bideak sortzeko eta mantentzeko eta, azken batean, ijitoen kolektiboa euskal gizartean integratzen laguntzeko ere.  Biztanle talde horrek ertzain hurbiltzailea herritarren segurtasunaren arloko zalantzak kontsultatzeko edo kezkak eta iradokizunak planteatzeko erabili duen ere aztertu da.  Bi aldeen asmoa era horretako analisiak urtero egitea da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko