
Inbertsioarekiko eta berrikuntzarekiko konfiantza izatea defendatu du Lehendakariak etorkizuneko garapen-faktore gisa
- Joxe Mari Korta Sariak banatu ditu Iñigo Urkulluk
- Industrian eta enpresan gero eta emakume gehiago laneratzearen eta protagonismo handiagoa izatearen alde lanean jarraituko du Eusko Jaurlaritzak
Iñigo Urkullu Lehendakariak,Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, Joxe Mari Korta Sariak banatu ditu. Aurten, Javier María Onaindia, Alicia Garmendia, Miguel Angel Montes eta Luis Cañada izan dira sarituak.
Sariak banatzeko ekitaldiaren aurretik, sarituekin, Confebask, Adegi, Cebek, Sea eta Korta Fundazioko presidenteekin eta Korta familiarekin bildu dira Lehendakaria eta Tapia sailburua.
Bere jardunean, Lehendakariak zorionak eman dizkie saridunei eta eskertu egin ditu haien ekarpenak, jarraitasuna ematen baitiete Jose Mari Kortaren ondareari eta hark adierazitako balioei. “Ekitea, taldeak eratzea, inbertitzea, etengabeko hobekuntzaren alde apustu egitea, enpresa kanpora zabaltzea, berritzea, ingurunearekiko erantzukizuna erakustea izan da zuen bizitza. Enpresa egin duzue eta lagundu egin duzue Euskadi enpresa Herrialde bat izaten”, azpimarratu du Lehendakariak.
Instituzioek eta enpresek, elkarrekin lan egiteak duen garrantzia nabarmendu du Lehendakariak, Euskadiren inbertsioa, berrikuntza eta aberastasuna, eta garapenerako eta enplegurako aukerak sustatzeko. Hala, Lehendakariak gogora ekarri duenez, inbertsiorik gabe eta berrikuntzarik gabe, enpresek baliteke lehiakorrak izaten jarraitu ezin izatea. “Orain mantendu egin beharrean gaude inbertsioan eta berrikuntzan jarritako konfiantza hori etorkizuneko garapenaren faktore gisa; gure lehentasuna da aurrekontuetan”, nabarmendu du. Gainera, Lehendakariak azpimarratu egin du elkarrekin batera lan egiteak duen garrantzia euskal enpresak hain bereak dituen jarrera eta balioak iraunaraztea lortzeko, “gure Herrialdeko guztion benetako ondarea”, adierazi du.
Industriak aurre egin beharreko erronkak ere aipatu ditu Lehendakariak, eta adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak lanean eta erronkei aurre egiten jarraituko du, besteren artean, industrian eta enpresan emakume gehiago laneratzearen eta protagonismo handiagoa izatearen alde. Lehendakariaren hitzetan, instituzioek, enpresa-erakundeek eta enpresek beroiek partekatzen duten helburu bat da. “Erronka sozial bat da eta merezi du bere alde elkarrekin batera lanean jarraitzeak, dedikazioz, ilusioz eta konpromisoz”, gaineratu du.
Bertan izan dira baita ere Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazu eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia.