Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Herrialde, ekoizle eta ekoizpenen arteko NPB bidezkoago eta zuzenagorantz

2011.eko otsailak 24

2013tik aurrera Nekazaritzako Politika Bateratu bat diseinatu behar dela adierazi du gaur Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak: "herrialde, ekoizle eta ekoizpenen artean orain artekoa baino bidezkoagoa eta zuzenagoa" izango dena eta etorkizunean arlo horren jarduera bermatzea ahalbidetuko duena.

Sektoreak parte hartzeko "Eztabaida dezagun NPBaz" jardunaldiari eman dio hasiera Pilar Unzaluk Gasteizen, eta gogorarazi du Nekazaritzako Politika Bateratuaren etorkizuna "oinarrizko erreferenteetako bat izan dela nekazaritzaren arloko politika-jardunean", gai horren etorkizunaz eta nekazaritzako elikagaien gure sektoreaz eztabaidatzeko 2009ko azaroan egin ziren eztabaida-jardunaldietan agerian geratu zen bezala.

"Gai izan behar dugu planteatzen diren erronkei aurre egingo dien NPB berri bat diseinatzeko: elikagaien segurtasuna, biodibertsitatearen galera, klima-aldaketa, lehiakortasun orokorra edo lurraldearen kohesioa. Jendarteak politika horretan dituen iguripenak bete ditzakeen NPBa izan behar du, eta, aldi berean, orain artekoa baino askoz ere bidezkoagoa eta zuzenagoa izan behar du herrialdeen, ekoizleen eta ekoizpenen artean" ziurtatu du.

Sailburuak hau erantsi du: "Nekazaritzako politika berri bat behar dugu, gure nekazaritza babesteko askoz ere eraginkorragoa eta bidezkoagoa izango dena. Alde batetik, geografiaren baldintzengatik gure lehiakortasuna murrizten duten egituraren defizitak arindu behar ditu; eta beste alde batetik, lanabes malguak eman behar dizkigu, hazkunde lehiakorra indartzeko eta, era berean, sortzen dituen ondare publikoen kopuru handia konpentsatzeko".

Etorkizuneko NPBaren arkitektura ongi definitzea zein garrantzitsua den azpimarratu du Pilar Unzaluk. Egun, "asko jota, nekazaritzako gure errenta orokorraren % 30ean" eragiten du, eta "gainerako % 70a merkatuak ematen digu, eta funtsean hor egin behar dugu lana guztiok".

Orobat, uste osoa duela esan du "gure nekazaritzaren jasangarritasuna bermatuta egongo dela gai baldin bagara: kalitatezko elikagaiak ekoizten jarraitzeko, merkatu berriak bilatzeko eta bereziki hurbilekoak diren merkatu horietan lana egiteko, elikagai-katean gardentasun eta zuzentasun handiagoa lortzeko, alde guztiak irabazten aterako diren eta desorekarik ez duten baliozko elikagai-kateak bilatuz, eta ekoizlea katean estrategikoa izanik eta ez hornitzaile soila".

Hainbat lantaldetan parte hartzen duten sektorearen ordezkari ugari izan dira jardunaldietan, eta hauek esku hartu dute: José Luis Anda Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeak, Pilar Santamaría Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak eta Pablo Medrano Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariak.

Gai horren gainean parte hartzeko aukera irekita dago helbide honetan: http://www.openideiak.com/pg/groups/71719/debatamos_sobre_la_pac__politica_agraria_comun_/?language=es&source=irekia

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu