Berriak Lehendakaritza
Eu

Urlullu Lehendakariak eta Torra President-ak bihar instituzio eta lankidetza-harremanak berraktibatuko dituzte

2018.eko azaroak 13
  • Santurtziko eraso matxista berria kondenatu du Gobernuak eta bere solidaritatea erakutsi die zauritutako emakumeari eta bere semeari

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du gaur eguerdian Gobernu Kontseiluan heldutako gaien kontu emateko.

Lehendakariaren eta Generalitat de Catalunyako President Quim Torraren artean biharko aurreikusita dagoen bilera aipatu du Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan. Erkoreka sailburuak esan duenez Eusko Jaurlaritzaren nahia da bilerak balio izatea bi gobernuen arteko harreman instituzionalak eta lankidetzazkoak bizkortzeko beren interesekoak diren gai horietan guztietan. Jakinarazi duenez, Lehendakariak eta Presidentek egoera politikoa aztertuko dute eta bere errealitate plurinazionala aitortuko duen Estatu eredu batean aurrera egiteko ikusten duten premiaz jardungo dute.

SASTATZE BIKOITZA SANTURTZIN

Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, babes osoa erakutsi die atzo Santurtzin gertatutako sastatze bikoitzaren biktimen familiari eta lagunei. Erkorekak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak irmo kondenatzen du emakumeari eta bere semeari egindako eraso matxista. “Emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpenik bortitzena da, nagusitasunean eta desberdintasunean oinarrituta eraikitako harremanen muturreko adierazlea”, azpimarratu du sailburuak.

Eraso horren aurrean, Gobernuko bozeramaileak animatu egin ditu herritarrak ekintza bortitz hori kondenatzeko deituko diren kontzentrazioetan parte hartzera. “Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko herritar guztien jarrera aktibo bat behar da”, gaineratu du.

BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIA

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko buru izateko Manuel Marchena magistratuaren hautagaitzaz galdetuta, Erkoreka sailburuak azaldu du handitu egin direla beharrezko gehiengo parlamentarioak organoa berritzeko. Eusko Jaurlaritzatik, Erkorekak dioenez. “ezer gutxi gaineratu dezakegu, baina botere judizialaren independentzia, eraginkortasuna eta profesionaltasuna indartuko dituen etapa berri bati hasiera ematea gustatuko litzaiguke”.

TRANSFERENTZIAK

Bestalde, egiteko dauden transferentziei buruz galdetuta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du bihar ponentzia tekniko bilera bilateral bat egingo dela egiteko dauden bi transferentziak aztertzeko: A-1a eta Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri bi trenbide-lineak. “Akordio batera iritsiko garela espero dut, baina ezin dut baieztatu”, adierazi du Erkorekak.

ITZARRI

Gainera, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak baimendu egin du Itzarri-BGAEren ekarpenak % 1era arte gehitzea. Hala, Erkorekak azaldu duenez, aurten Eusko Jaurlaritzak BGAEri egingo dizkion ekarpenen guztizkoak 20,8 milioi euroko eragina izango du aurrekontuan eta Euskal Sektore Publikoan lan egiten duten 90.000 pertsonak izango dira igoera horren onuradunak.

Gainera, Mahai Orokorrean hartutako konpromisoa berretsiz, sailburuak adierazi duenez, 2019rako Aurrekontuen Lege Proiektuan aurreikusita dago soldaten igoera berri bat, % 2,25ekoa, baita Itzarriri egindako ekarpena % 1,5era arte gehitzea ere.

Gai ordena

Prentsa dossierra

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)