Eu

UPV/EHU-ko Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako kanpo-ebaluazioaren arabera, GAKOA programa eraginkorra da emakumearen aurkako indarkeriagatik kondenatutakoen berrerortzea murrizteko

2018.eko azaroak 12

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék “Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko elkarlanean” jardunaldiak inauguratu ditu. Jardunaldiak gaur eta bihar egingo dira Bilboko Bizkaia Aretoan, eta, bertan, genero-indarkeriagatik kondenatutako gizonak birgaitzeko GAKOA programaren kanpoko ebaluazioaren emaitzak aurkeztu eta aztertuko dira.

San José sailburua oso pozik agertu da UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak GAKOA programaren inguruan egindako ebaluazio-txostenaren balantze positiboarekin, eta “bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erasotzaileen berrerortze-tasa murrizteko” duen eraginkortasuna azpimarratu du. Azterlan kualitatiboaren emaitzetatik ondoriozta daitekeenez, “gizarteak, biktimek eta elkarrizketatutako profesionalek interes handia agertu dute programaren inguruan, eta urteekin programaren eraginkortasunaren bilakaera positiboa izan dela adierazi dute”.

“Gakoa programaz genuen pertzepzioa –adierazi du San Josék– positiboa zen, baina bide onetik gindoazela ziurtatu eta hobetzeko puntuak detektatu nahi genituen. Ikuspegi kuantitatibotik, programa eraginkorra izan da, eta berrerortze-tasa % 8ra jaistea lortu da (programa egin ez duten erasotzaileen kasuan, berriz, % 20 da tasa hori). Programaren kalitatearen hobekuntzari dagokionez, Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren aurrekontua % 28 igotzea, 1,4 milioi eurora iristea eta profesionalen kopurua 25etik 40ra igotzea aurreikusi dugu”.

GAKOA 2005ean sortu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren parte da 2014. urteaz geroztik. Emakumeen aurkako indarkeriagatik bi urtetik beherako zigorra jaso duten eta aurrekaririk ez duten gizonei zuzendutako birgaitze-programa bat da. Pertsona horiei esku-hartze indibidualizatu bat aplikatzen zaie, kaltegileek egin dutenaren erantzukizuna beren gain har dezaten, beren indarkeriazko jokabideak bidera ditzaten, eragiten duten minaz jabe daitezen, beren iritzi matxistak alda ditzaten eta biktimenganako enpatia senti dezaten.

GAKOA programa hiru fasetan lantzen da. Lehen fasean, astean behin egiten diren saio batzuetan, harreman terapeutiko bat ezartzen da terapeutaren eta erabiltzailearen artean. Saio horietan, pertsonaren motibazioa eta erantzukizuna lantzen dira nagusiki. Fase horren ondoren, helburu indibidualizatuak planteatzen dira, eta esku-hartze indibidual batekin jarraitu behar den edo taldeko saioekin hasi behar den erabakitzen da. Taldeak irekiak eta erdiegituratuak dira, eta eduki eta unitate jakin batzuk lantzen dituzte, hala nola gatazken konponketa, indarkeriazko jokabideen gaineko gizarte-erantzukizuna eta enpatia. Zenbaitetan, senideek, arrebek edota erasotzaileekin harreman bat hasi duten bikotekide berriek parte hartzen dute terapietan. Azken fasea altari eta jarraipenari lotuta dago, eta hasierako helburuak lortu ondoren ekiten zaio.

Txostena Euskal Biktimologia Sozietateko presidente Gema Varonaren zuzendaritzapean egin duen UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaile taldearen arabera, kanpoko lehen ebaluazio hori “erasotzaileentzako tratamenduetan oinarritutako kriminologia-esparru teoriko orokor baten barruan eta epe laburra bilatzen duen ikuspuntu kuantitatiboa gainditzeko asmoarekin egin da”. Ebaluazioaren barruan, programak esku-hartzearen xede diren subjektuengan, zuzeneko eta zeharkako biktimengan, justizia-administrazioko profesionalengan, zigor-sisteman bertan eta komunitaterik hurbilenean duen eragin orokorra aztertu da.  

Gaur eta bihar egingo diren jardunaldien inaugurazio-ekitaldian, parte hartu dute, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak, Fiskaltza Nagusiko fiskalburuorde Mª Jesús Cuarterok, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak eta Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendari José Luis de la Cuestak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak