Eu

Industrialdia Euskadiko Industria Turismoaren I. Foroarekin hasiko da

2018.eko azaroak 11

Euskadiko Industria Turismoaren Nazioarteko Astearen barruan (azaroaren 12-18an), honako hauek egingo dira: Industria Turismoaren Nazioarteko I. Foroa, Euskadiko Industria Turismoaren Sarearen sorkuntza, bisitaldi profesionalak eta herritarrentzako jarduerak.

 

Bihar hasiko da Industrialdia, hots, Euskadiko Industria Turismoaren Proiektua biltzen duen Euskadiko Industria Turismoaren Nazioarteko Astea. Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok, Industria, Merkataritza eta Turismoko ministro Reyes Marotok eta Portugaleteko alkate Mikel Torresek inauguratuko dute.

 

Euskadiko Industria Turismoaren Nazioarteko Asteak hainbat mugarri eta jarduera bilduko ditu. Alde batetik, Euskadiko Industria Turismoaren I. Foroa egingo da hilaren 12an, Portugaleteko Nautika Eskolan. Bertan, Estatuko eta nazioarteko administrazioetako hainbat ordezkarik eta adituk beren esperientziak aurkeztuko dituzte.

Bestalde, Euskadiko Industria Baliabideen Sarea sortuko da hilaren 13an, Rialia Museoan, bigarren fase batean Industria Ondarearen Europako Ibilbideari (ERIH, European Route of Industrial Heritage) atxikitzeko helburuarekin. Halaber, bisitaldi profesionalak egingo dira hilaren 14an eta 15ean, baita herritarrentzako jarduera batzuk ere, asteburutik aurrera eta urtearen amaiera arte.

Euskadiko Industria Turismoaren Nazioarteko I. Foroa

 

Foroko inaugurazio-hitzaldia Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok emango du, eta “Euskadiko industriaren iraganari eta orainari lotutako turismoa” izenburua izango du. Sailburuak hitz egin ondoren, Industria Ondarearen Europako Ibilbidea (ERIH) ezagutuko dugu, bertako presidenteorde Adam Hajduga-ren eskutik.

Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko (IOHLEE) presidente Javier Puertas moderatzailea izanik, Paul Lawitzkek Alemaniako Ruhr eskualdea ordezkatuko du, eta “Industriekultur” ibilbidearen esperientziaren berri emango du. Halaber, Kultura Saileko arduradun Marek Goloszek Silesiako (Polonia) Monumentuen Ibilbidea azalduko du.

Era berean, Industria Turismoko Operadoreen Elkarteko (AOTI) sortzaile eta sustatzaile Josep M. Pey-k industria-turismoa nazioarteko testuinguruan landuko du, eta Zientzia eta Teknikaren Museo Nazionaleko zuzendari Jaume Perarnauk Kataluniako industria-museoei buruz hitz egingo du. Bestalde, Terrassako alkate Amadeu Aguadok Kataluniako Udalerrien Industria Turismoko Sarearen (XATIC) funtzionamendua azalduko du.

Jardunaldia amaitzeko, industria-turismoaren garapenean aitzindaria izan den beste Autonomia Erkidego bateko esperientziaren berri izango dugu (Asturiasko esperientziaren berri, alegia). Zehazki, Asturiasko Turismoko Zuzendaritza Nagusiko Merkataritza eta Turismo Estrategiako zerbitzuko buru Maria del Mar Martínez Salmerónek Asturiasko Industria Turismoko Plana azalduko du.

Azkenik, ondorioak Deustuko Unibertsitateko Bilboko campuseko Turismo Eskolako zuzendari Ainara Rodríguez Zulaicak eta Eusko Jaurlaritzaren Basquetour Turismo Agentziako zuzendari nagusi Harkaitz Millánek azalduko dituzte.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko