Eu

Retortillo: “Industria-herentzia, gure iragana ez ezik, gure egungo aurrerapen eta ongizatearen jatorria ere bada”

2018.eko azaroak 12

Euskadiko Industria Turismoaren Nazioarteko I. Foroaren inaugurazioan, sailburuak adierazi du proiektu hori ez dela “aurriei lotutako proiektu bat, oroimen biziari lotutakoa baizik”.

“Haiek izan zirenari esker gara gu garenak. Gizonak zein emakumezkoak izan zirenari esker”, adierazi du Retortillok, langile guztien aipamena eginez.

Sailburuak, halaber, industria-tradizioa “euskal gizarteari izaera eta identitatea ematen dion elementu egituratzailea” dela adierazi du.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok Euskadiko Industria Turismoaren Nazioarteko I. Foroa inauguratu du gaur, Industria, Merkataritza eta Turismoko ministro Reyes Marotorekin eta Portugaleteko alkate Mikel Torresekin batera.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak antolatutako Euskadiko Industria Turismoaren Nazioarteko Asteak hainbat mugarri eta jarduera bilduko ditu, eta Industria Turismoko Planaren atarikoa da. Alde batetik, Euskadiko Industria Turismoaren I. Foroa egingo da gaur, eta Estatuko eta nazioarteko administrazioetako zenbait ordezkarik eta adituk beren esperientziak azalduko dituzte.

Bestalde, Euskadiko Industria Baliabideen Sarea sortuko da bihar, hilaren 13a, Rialia Museoan, bigarren fase batean Industria Ondarearen Europako Ibilbideari (ERIH, European Route of Industrial Heritage) atxikitzeko helburuarekin. Halaber, bisitaldi profesionalak egingo dira hilaren 14an eta 15ean, baita herritarrentzako jarduerak ere, asteburutik aurrera eta urtearen amaiera arte.

Sailburuak azaldu duenez, Euskadiko industria-turismoaren aldeko apustua “ez datza, besterik gabe, baliabide multzo bati balioa ematean (baliabide horietakoren bat ez galtzeko lagungarria izanik ere). Gure historia eta garena aldarrikatzea ere bada, zenbaitetan batzuek alderdi hori anomaliatzat hartzen dutela badirudi ere. Halaber, gure gurasoei eta gure aitona-amonei, gure aurreko belaunaldiei, haien ausardiari eta ahaleginari eskainitako omenaldia ere izan behar du. Hori guztia alde batera uztea horren guztiaren eta herrialde honen oroimena ahazten uztea da”.

 “Batzuek begi bat itxita begiratu nahi diote Euskadiri eta haren iraganari, eta identitate idilikoak bilatu nahi dituzte iragan lanbrotsu eta urrun batean. Egungo euskal identitatea industriaurreko Euskadi batean aurkitu ahal izango balitz bezala. Gure gizarte moderno eta oparoaren jatorria, ordea, hemen dago, itsasadarraren eta mendien artean, eta Euskadiko beste leku batzuetara zabaldu zen gero”.

Inaugurazio-hitzaldian, sailburuak Euskadiko azken bi mendeetako historia laburbildu du, industrializazioa eta langile-mugimendua azpimarratuta, “sozialismoa buru zela; garai hartan Euskadin sustraitzen hasi zen, eta interes partikularrak alde batera utzita egindako ekintza kolektiboko lehen elkartasun-adierazpena izan zen”.

Besteak beste, honako hauek aipatu ditu: lehen Maiatzaren Lehena, meatzaritzako greba handia, Euskadiko lehen produkzio-kooperatiba (Eibarko Alfa, langileek berek sortu zutena), Euskadi industria-gizarte moderno gisa finkatzeko prozesua, izen bereizgarriak (Bizkaiko Labe Garaiak, La Naval, Echevarria eta abar) eta industria-birmoldaketa eta krisialdia (% 25eko langabezia eragin zuena).

 “Gaur, Euskadik langabezia-tasa txikiagoa duen garai honetan, Administrazio Zentralak langabeziaren eta terrorismoaren urte gogor eta gris haietan emandako laguntza eta egindako inbertsioa eskertu nahi nuke. Gaur egun, lurraldeen arteko elkartasuna oso modan ez badago ere, industria-krisi larriko garai haietan euskaldunok gainerako espainiarrengandik jaso genuen elkartasuna gogoratu eta eskertu nahi dut”, gaineratu du Retortillok.

 “Euskadi Espainiako beste leku batzuetatik iritsitako milaka langileren ametsen jomuga izan da hainbat hamarkadatan”, jarraitu du Retortillo sailburuak. “Etxea eta itxaropena izan da Euskadi beren eskuekin eraiki zuten eta, horregatik, beren herrialde bihurtu zuten milaka langilerentzat. Industrializazioa istorioez betetako historia bat da. Kontakizun pertsonal eta kolektiboen, pairamen eta nekeen historia bat, baina pozen, asmamenaren, berrikuntzaren (I+G+B ezezaguna zenean), ekimenen eta ausardiaren historia bat ere bai.

 “Gure ezaugarri bereizgarria ez da identitate bakar eta monolitiko bat, aniztasuna baizik. Batzen gaituena ez da nolakoak garen, zer izan nahi dugun baizik, etorkizun partekatu baten alde diharduen gizarte batu bat. Tradizio bakar bati ere (aurreko tradizioei zein ondorengoei) uko egiten ez dien gizarte moderno bati dagokion bezala”, amaitu du Retortillok.

 

Informazio gehiago: www.industrialdia.eus

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ministra de Industria, Comercio y Turismo, Reyes Maroto; Alcalde de Portugalete, Mikel Torres