Berriak Osasuna
Eu

Hamar pazientetik seik bikain kalifikazioa eman diote Osakidetzako osasun zentroetan jasotako arretari, 2013ko kalifikazioa baino % 10 handiagoa

2018.eko azaroak 10

Familiako Medikuntzako eta Lehen mailako Arretako Erizaintzako kontsulten gogobetetze-maila neurtzeko galde-sortak erakusten du % 97, hautatzeko aukera izango balu, arreta jaso duen zentro berera itzuliko litzatekeela

Kontsultatutako pertsona gehienek positiboki balioesten dute medikuek eta erizainek emandako tratua, bai eta kontsulten iraupena ere

Behera egin du euskararen erabilerarekin pozik ez dauden pertsonen kopuruak; kontsultatutakoen % 10 da

 

Osakidetzan dagokien osasun-zentrora kontsulta egitera joan ondoren erantzun duten pazienteen % 96,8k jasotako osasun-asistentziaren balioespen positiboa egin du. Nabarmendu behar da galde-sorta bete duten hamar pertsonatik seik asistentzia bikaintzat kalifikatu dutela, duela bost urte eskuratutako datuetan baino hamar puntu gehiago.

Horiek dira hemeretzigarren urtez jarraian Osakidetzak familiako medikuntzako eta lehen mailako arretako erizaintzako zerbitzuak erabiltzen dituzten euskal herritarren artean gogobetetzea ezagutzeko eginiko galde-sortaren datuetako batzuk. Aurtengo maiatzaren eta ekainaren artean egindako elkarrizketen bidez, galde-sorta hau egin da; Osakidetzak kanpo-enpresa bati eskatzen dio egiteko, euskal gizarteak gehien eskatzen duen osasun-zerbitzuetako batera, osasun-zentroetara, doanean duen gogobetetze-maila ezagutzeko. Besteak beste, galde-sortak honako hau ere ondorioztatzen du: pazienteen % 97, hautatzeko aukera izango balu, arreta jaso duen zentro berera itzuliko litzateke.

Jaso duten tratuaren inguruan galdetzean, herritarren balioespenak estandar oso altuak ditu. Horrela, % 96,4k medikuak emandako tratuaren balioespen positiboa egiten du eta % 68,1ek bikaina dela dio. Gainera, % 97,1ek oso egokitzat, nahiko egokitzat edo egokitzat jotzen du kontsulta medikoaren iraupena. Gogobetetze-maila oso altua da erizaintzako langileen gainean galdetzean; % 98,1ek uste du jasotako tratua positiboa dela, eta % 70,3k bikaina dela, 2013an baino hamar puntu altuago. Ia gehienek uste dute medikuaren, erizainaren eta administrazioko langileen arteko koordinazioa ona dela.

Galde-sortak erakusten du galde-sorta bete duten gehienak, % 97,9, pozik daudela hitzordua eskatzean jasotako tratuarekin, bai eta pazienteari arreta emateko zerbitzuekin ere. Pazienteen % 84,2k ohiko medikuaren arreta jaso zuen.

Itxarongelako, kontsultako eta komunetako baldintzek ere oso balorazio altuak izan dituzte Osakidetzan arreta jaso ondoren erantzun zuten pertsonen eskutik. Horrela, garbiketaren (% 98,6), giroaren (% 96,1), erosotasunaren (% 93,2) edo espazioetako tenperaturaren (% 90,2) balioespen positiboa ere egin zuten.

Osakidetzaren galde-sorta berri hau familia-medikuaren kontsultan kontsulta eragin duen arazoari buruz emandako informazioari buruzkoa ere izan da, bai eta jarraitu beharreko tratamenduaren gainean emandako azalpenei buruzkoa ere, eta pazienteen erantzunek erakutsi dute adostasun-maila altua dela (% 94,1 eta % 93,4).

Galde-sortak erakusten du hobetzeko zenbait puntu daudela; horrela, % 10 ez dago pozik osasun-zentroan egiten den euskararen erabilerarekin, baina egia da, halaber, iritzi hori duen jende-kopuruak behera egin duela 2013tik. Gainera, pazienteen ia erdia kontsulta medikoan ezarritako orduan sartu da, eta, ordea, % 87,1 itxaron behar izan duten denborarekin ados egon da.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroak 10

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau