Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadiko ordezkaritza bat Balkanetara bidaiatu da, haur migratzaileak babesteko Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituen programak ezagutzera

2018.eko azaroak 11
  • Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak eta Legebiltzarreko ordezkaritza batek Save the Children-ek gune horretan egiten duen lana aurrez aurre ezagutuko dute eta Serbiako eta Bosnia eta Herzegovinako arduradunekin batuko dira

Euskadiko ordezkaritza batek, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria buru dela, bidaia bat hasiko du gaur Serbiara eta Bosnia eta Herzegovinara, aurrez aurre ezagutzeko Save the Children GKEk, Eusko Jaurlaritzaren funtsez lagunduta, ume migratzaileak babesteko eta horiei arreta emateko abian dituen programak.

Balkanetako inguru horietako egonaldian, Eusko Jaurlaritzako arduradunarekin batera, Migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen defentsarako Eusko Legebiltzarreko taldeartekoa eratzen duten kideak izango dira; taldeartean Legebiltzarreko bost alderdiek dute ordezkaritza.

Bisita azaroaren 11tik 15era bitartean izango da, eta, horrela, Save the Childrenek euskal erakundeei Balkanetako ipar-mendebaldean egiten ari diren lana aurrez aurre ezagutzeko eginiko gonbidapenari erantzungo diote. Lan horren bidez, gehienetan Afganistanetik, Iraketik eta Siriatik Europara iristen diren umeak babestea eta horiei arreta ematea ziurtatu nahi da (horietako asko bidaiderik gabeak dira). Aurten, euskal laguntzari esker, GKEa egiten ari den proiektuaren bidez, 1.500 adingaberi eman nahi zaie babesa (750 bidaiderik gabeak) eta, horrela, informazioa jasotzeko sarbidea eta laguntza psikosoziala eta hezkuntza-arlokoa eman.

Euskal ordezkaritzak Refugee Aid Miksaliste harrera-zentroa, Bogovadjako Asilo Zentroa (biak Serbian) eta Bihac-eko zentroa bisitatuko ditu. Bihaceko zentroa Bosnia eta Herzegovinako Una-Sana kantonamenduan dago, eta bertara EBko herrialdeetara iritsi nahirik heltzen diren pertsonentzako “puntu bero”etako bat da. Horietan guztietan, arduradunen eskutik, euskal funtsen bidez finantzatutako programa eta jarduerak ezagutuko dituzte, bai eta aurrez aurre dituzten emaitzak, irismena, lorpenak eta erronkak ere.

Zentroetara bisita egiteaz gainera, Euskadiko ordezkaritzak harreraren arduradun diren erakundeetako eta tokiko GGKEetako arduradunekin topaketak izatea aurreikusten du, bai eta Lan, Enplegu, Beterano eta Gizarte Politikako ministerioetako ordezkariekin, eta Serbiako Hezkuntza, Zientzia eta Garapen Teknologikoaren ministerioko ordezkariekin eta Una-Sanako Kantonamenduko Gobernuko Osasun, Lan eta Gizarte Politikako ministerioko ordezkariekin ere, besteak bese.

Bestalde, Monika Hernando eremu horretan Haurrekiko Espazio Lagunkoiak izenekoen bidez diharduten UNICEFeko arduradunekin batuko da; horren finantzaketan Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen du.  

Testuingurua

Balkanetakoa Europara iristeko migrazioko bigarren ibilbide erabiliena da. Azken hiru urteotan milioi bat errefuxiatu baino gehiago (% 30 umeak) gune horretatik igaro dela kalkulatzen da, Europako bidean. Haur migratzaileen % 25 bidaiderik gabeko adingabea da; hori dela eta, beren ahultasuna areagotu egiten da, izan ere, abusu eta esplotazio gehiago jasan ohi dute, sarritan kontrabandistekin bidaiatzen direlako, polizia-erregistroa saihesten dutelako eta kanpamendu ofizialetatik kanpo izaten direlako.

Hungarian, Kroazian eta Errumanian mugetan ezarritako kontrol zorrotzak direla eta, errefuxiatuek Serbian egiten duten egonaldia areagotzen ari da, eta hilabeteetan luza daiteke. Aurtengo urtarriletik, 4.100 errefuxiatu inguru herrialdean daude eta, urte-amaierarako, beste 3.500 pertsona gehiago iristea espero da, gehienak Afganistanetik, Iraketik eta Siriatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak