Berriak Segurtasuna
Eu

Behobia-Donostia lasterketak eragina izango du trafikoan hilaren 11ko goizean, igandean

2018.eko azaroak 09

Trafiko Zuzendaritzak ordezko bideak erabiltzea eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren jarraibideak errespetatzea gomendatzen du

 

Donostia eta Behobia (Irun) arteko ibilgailuen trafikoak aldaketa handiak izango ditu igandean Behobia-Donostia lasterketaren 54. edizioa dela eta. Goizeko 06:00etatik proba amaitu bitartean, ibilgailuen zirkulazioan aldaketak izango dira ibilbidearen inguruetan.

 

Behobia-Donostia lasterketa goizeko 9:45ean hasiko da, gurpildun aulkietako parte-hartzaileen probarekin. Handik bost minutura irtengo dira patinetan parte hartuko duten lasterkariak, eta, azkenik, 10:15ean oinezkoen txanda izango da. Lasterketa GI-636 errepidetik egingo da, Gaintxurizketa gainera igo ondoren Errenteria eta Pasaia pasatuko ditu, Donostiara Mirakruz gainetik sartuko da, eta Ategorrieta eta Nafarroa etorbideak zeharkatu ondoren Zurriolatik Boulevardera iritsiko da. Azkeneko parte-hartzaileak eguerditik aurrera iritsiko direla espero da, eta orduan hasiko dira bidea garbitzeko lanak.

 

Etenak eta desbideratzeak

Oxinbiribileko eta Behobiako biribilguneen arteko zatia igandeko, azaroaren 11ko, goizeko 06:00etatik aurrera itxiko da zirkulaziorako. Ondorioz, turismoentzat ordezko bide bat ezarriko dute Irungo 54 Poligonotik, eta ibilgailu astunak AP-8 autobidetik desbideratuko dituzte.

Igande goizaldean hasiko dira Gaintxurizketako gaineko ohiko bypassa ezartzeko lanak, eta 08:30etik aurrera aktibatzea aurreikusten da. Era horretara, GI-636 errepideko Irunerako noranzkoa parte-hartzaileak Errenteriara bideratzeko erabiliko da. Donostiarako noranzkoa, berriz, ibilgailuen zirkulaziorako erabiliko da, GI-2638 errepidearekin lotura eginez (Lezo-Gaintxurizketa). 

Adierazitako bypass hori aktibatzen den une berean, 08:30etik aurrera, GI-636 errepidea bi noranzkoetan itxiko zaio trafikoari, 7,9 kilometro-puntuaren (Gaintxurizketako gainaren hasiera) eta 2,5 kilometro-puntuaren (Altamira) arteko bide-tartean. Ordezko desbideratze bat ezarriko dute GI-2638 errepidean (Gaintxurizketa-Lezo-Altamirako biribilgunea), eta handik berriz konektatuko ahal izango da GI-636 errepidearekin.

 

Trafiko Zuzendaritzaren gomendioak

Gaintxurizketa eta Pasaia bitartean GI-636 errepidearen ardatzean trafikoa denbora luzean egongo denez etenda goizean, gomendatzen da beste errepide batzuk erabiltzea lasterketaren eraginpeko udalerrien arteko joan-etorrietarako.

Proba egin bitartean, debekatuta dago bidean baimendutakoa ez den beste ezein jarduera egitea: hau da, ezin da oinez joan, zenbakirik gabe korrika egin, bidean sartu, etab. Halakoek arriskua sor diezaiekete bai lasterketan parte hartzen dutenei, bai trafikoari, oro har, eta zigortuak izan daitezke, beraz.

Era berean, oinezkoek arreta bereziz gorde beharko dituzte galtzada eta bazterbideetatik oinez zirkulatzeko bete beharreko arauak (kontuz zirkulatzea, zirkulazioa ez eragoztea, ilaran joatea...), Zirkulazioko Araudiaren 122. artikuluan salagarritzat jotako arrisku-jokabideetan erori gabe.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JoseRegatos
    2018.eko azaroak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️ Behobia-Donostia lasterketak eragina izango du trafikoan hilaren 11ko goizean, igandean ➡ https://t.co/PGhgFwb1m9

  • @JoseRegatos
    2018.eko azaroak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️ La Behobia-San Sebastián provocará afecciones al tráfico durante la mañana del domingo, día 11 ➡ https://t.co/WcLkATXrYz