Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “giza duintasuna da giza eskubideen oinarria”

2018.eko azaroak 09
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Erronka berriak” Giza Eskubideen Nazioarteko Biltzarra itxi du Lehendakariak
  • Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrenaren esparruan egin da Nazioarteko Giza Eskubideen Biltzarra

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Gobernuko bozeramaile Josu Erkoreka lagun zuela, itxi du Eusko Jaurlaritzak antolatutako Erronka berriak” Giza Eskubideen Nazioarteko Biltzarra. Itxierako ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian egin da, eta bertan izan da baita ere Giza Eskubide, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Idazkari Nagusi Jonan Fernández. 

Bere jardunean Lehendakariak nabarmendu duenez, giza duintasuna da giza eskubideen oinarria, eta azpimarratu du ekonomiaren, gizartearen eta solidaritatearen arloetako politikak giza duintasunaren kontzeptu nuklear horretara bideratu behar direla. “Berdintasun-, ekitate- eta justizia-baldintzak sortzera, gizaki bakoitzari atxikitako ahalmenaren garapenarekin bat etorriko direnak”, gaineratu du. Eta, izan ere, Lehendakariak adierazi bezala, erronka konplexu berri horiei aurre egiteko printzipio zuzentzailea da giza duintasuna.

Zentzu horretan, Lehendakariak adierazi duenez, oraingoak bezalako garai latzetan, ziurgabetasuna nagusi den hauetan, ez da erraza asmatzea. “Ez dago formula magikorik, inork ez du egia osoa. Ez, ez dugu erantzun ziurrik eta amaitutakorik”, azpimarratu du. Nahiz eta, ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak orientazio-erreferentziak baditu norabidea ez galtzeko, ezta norakoa ere. “Giza Eskubideak funtsezko erreferentzia dira, orientazioan eta norakoan”, azpimarratu du.

“Erronka berriak” Giza Eskubideen Nazioarteko Biltzarra Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpenaren 70. urteurrenaren esparruan egin da, eta bertan atzera-begirako bat egin du Lehendakariak, gogora ekarriz duela 70 urte Adierazpena idatzi eta onetsi zuten haiek adierazi zutela giza duintasuna printzipioa, oinarria, inspirazioa eta konpromisoa dela. “Giza duintasunak esan nahi du pertsona ez dela bitarteko bat; xede bat da berez, kontzienteaz aukeratu dezakeelako eta aldatu egin daitekeelako”, esan du Lehendakariak. Adierazpen hori balioduna zen duela 70 urte, eta indarrean dago oraindik eta beharrezkoa izaten jarraitzen du.

“Giza Eskubideak funtsezko tresna izan dira duela gutxiko lehenaldian gu orientatzeko eta oraingo eta etorkizuneko ekintza politikoaren erreferente nagusi izaten jarraitu behar dute”, esanez amaitu du Lehendakariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak