Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak ‘Housing the Basque Country’ ekarri dute Donostiara, Euskadin etxebiziza publikoaren inguruan antolatu den erakusketa handiena

2018.eko azaroak 08
  • Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuak eta Denis Itxaso diputatu nagusiordeak erakusketa aurkeztu dute; Santa Teresa komentuan dago da ikusgai, Euskadiko Arkitektura Institutuaren etorkizuneko egoitzan, abenduaren 9ra arte
  • ‘Housing the Basque Country’ erakusketan 1981aren eta 2018aren artean eraikitako 30 sustapen berezienak egongo dira ikusgai, Luis Asín-en argazkiekin eta etxe baten barrualdearen eskalako kopia batekin batera  
  • Erakusketan, eraikinen arkitektura-balioak ezagutu ez ezik, eraikitako espazioen eta horietan bizi diren pertsonen arteko harremana aztertzeko aukera ere izango dugu

‘Housing the Basque Country (Vivienda Pública en Euskadi/Euskadiko Etxebizitza Publikoa). 1981-2018’ da erakusketa handiaren izena; bertan, Euskadin eskumenak autonomia-mailara eskuordetu zirenetik garatu den etxebizitza publikoaren politikaren ia lau hamarkadatako historia laburtzen da. Harrezkero, babes ofizialeko 104.000 etxebizitza baino gehiago eraiki dira; horien herena Eusko Jaurlaritzak sustatu du, zuzenean.

Erakusketa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kirolak Departamentuarekin elkarlanean, eta gaur iritsiko da Donostiako hiriburuko Santa Teresa komentura; hura izango da Euskadiko Arkitektura Institutuaren etorkizuneko egoitza. Doan bisitatu ahalko da datorren abenduaren 9ra arte. Arriola sailburuak eta Denis Itxaso diputatu nagusiordeak, gaur, erakusketarako baliatu diren aretoak bisitatu dituzte, Asier Santas eta Luis Suárez arkitekto eta erakusketako komisarioekin batera.

Arriola sailburuak esan du erakusketak etxebizitza publikoaren politikak Euskadin azken 37 urteotan, zehazki Eusko Jaurlaritzak eskumen hori bere gain hartu zuenetik egun arte, ekarri duenaren laburpen bizia eskainiko duela, eta zera esan du: “agerian utziko du urteotan etxebizitza ondasun sozial gisa eskuratzeko egon den borondate politikoa; konpromiso horren adierazle argiena da 2015eko Etxebizitza Legea, etxebizitza duinerako sarbidea eskubide bilakatu baitu".

“Erakusketa bisitatzen dutenek –esan du– espiritu hori hautatutako proiektu bakoitzean antzemango dute. Eraikinen tipologia, estiloa, materialak, hiri-ingurunera egokitzeko modua alda daitezke, baina sustapenetako bakoitzean eskubide berak dituzten pertsonen bizileku izango direlako kontzientzia bera da, bai eta etxebizitza babestua eraikiz arkitektura berritzailea eta kalitate handikoa egin daitekeelako kontzientzia ere”.

Bestalde, Denis Itxaso Kultura diputatuak zera nabarmendu du: “hau Santa Teresa komentuan dagoen Euskadiko etorkizuneko Arkitektura Institutuaren funtzionamendua eta dinamika zein izango diren egiaztatzeko lagin ona edo lehen gosegarria izango da. Housing the Basque Country’ honek erakutsiko du, hurbilekoa eta tokikoa denetik, nazioarteko proiekzioa duten proiektuak uztartu daitezkeela”.

1981etik Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban eraikitako etxebizitza publikoko ehunka sustapenetatik, hogeita hamar bat proiektu berezi eta adierazgarri hautatu dira, hainbat irizpideren arabera. Modu berezian, balio arkitektonikoak eta estetikoak, lurraldearekiko egokitzapena, ekarpen teknikoak eta eraikuntzakoak edo proiektuaren egiletza.

Laginak hautatu diren hogeita hamar proiektu horietako bakoitza tamaina handiko argazki eta jatorrizko planoen bidez azaltzen du. Halaber, eraikinen zenbait maketa ere jaso ditu, besteak beste, hiru maketa handi, Donostian, Leioan eta Vitoria-Gasteizen eraikitako beste horrenbeste sustapenetakoak. Luis Asínek eginiko argazki-lanak etxebizitza babestuaren taldeetan dagoen errealitatearen erretratu soziala eskaintzen du, eta, hainbat formatutako irudien bidez, sustapen babestuen inguruan sortutako espazioak babestutako hiri-bizitza eta gizarte-edukia azaltzen ditu.

Erakusketan etxe baten espazioa berregin da; bertan, ia 40 urte hauetan politikaren, araudiaren eta estatistikaren ikuspuntutik etxebizitza publikoaren gainean eman diren datu garrantzitsuenen errepasoa egiten da.

Erakusketa ostegunetik igandera bitartean bisita daiteke, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara. Sarrera doakoa da.

‘Housing the Basque Country’ liburuaren aurkezpena

Bestalde, Santa Teresa komentuan, gaur arratsaldean, erakusketaren katalogoa aurkeztuko da; liburu horrek erakusketaren edukien zati handi bat jaso du, bai eta Euskadiko etxebizitza babestuaren ia lau hamarkada horiek birpasatu dituzten zenbait adituren testuak ere. Aurkezpena elkarrizketa baten inguruan egingo da; elkarrizketan, Manu Montero historialariak eta Historiako katedradunak parte hartuko du, argitalpena eratzen duten artikuluetako baten egileak, bai eta Rocío Peña arkitektoak eta erakusketako eraikinetako baten egilekideak eta Luis Suárez eta Asier Santas erakusketako komisarioek eta Luis Asín erakusketako argazkilariak ere.   

                                   2018ko azaroaren 8a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Asier Santas; Luis Suárez (arquitectos)