Eu

Azpiazu sailburuak Fundacion Empresa Vasca y Sociedad eta Kutxabank-en 2017ko sarien banaketa ekitaldia itxiko du. "La noche de la empresa vasca"

2018.eko azaroak 12

Gabon denoi, agintariei, adiskideei.

Voith Paper Tolosari Euskal Makila eman ostean benetako ohorea eta erantzukizuna da niretzat gau zirraragarri honi amaiera ematea.

Beste ezer baino lehen, gaur saria lortu duten pertsona eta erakunde guztiak zoriondu gura ditut. Pedro Garaygordobil, Ingemat eta Plastigaur, benetan, zorionak.

Gaur gauean, Euskadin dauden enpresa garrantzitsuen arrakastaren lekuko izan gara. Argi eta garbi daukat arrakasta ez dela berez iristen, lanez, esfortzuz, dedikazioz eta konpromisoz betetako urteak eskatzen ditu.

Lidergoa eta izpiritu berritzailea ere gaur hemen dauden pertsonen eta enpresen ezaugarriak dira, eta Ogasun eta Ekonomia Sailburu gisa, bihotzez eskertu behar dut herrialde honen alde egiten duzuen apustua.

Zubiak luzatzen jarraitu gurako nuke zuzendaritza funtzioaren eta politikaren munduen artean. Argi daukat emaitza onenak lortzen dituzten sozietateen ezaugarrietako bat lankidetza maila handiagoak izatea dela.

Nik bezain ondo ezagutzen duzue gure testuinguru ekonomikoa. Euskadiren azken hamar urteak markatu dituen krisialdi ekonomiko larritik irten berriak gara. Krisialdi horrek guztiongan izan du eragina. Erakundeetan, enpresetan eta herritarrengan.

Azken bi urteetan Eusko Jaurlaritzak igo egin ditu hazkunde aurreikuspenak. Hori urte honetako hirugarren hiruhilekora arte gertatu da. Hiruhileko horretan, lehen aldiz, hazkundearen datuaren aurrerapenak, aurreikusitakoa baino moteltze zertxobait nabarmenagoa erakusten du.

Garrantzitsuena ez da hamarreko baten aldea –2,6koa, 2,7koa izan beharrean–. Garrantzitsuena, azkenean, ekonomiak, hazkunde tasa txikiagorako bidea hartzen duela da eta, oraingoan, bai, 2018rako eta 2019rako aurreikusi ditugun %2,8ko eta %2,3ko tasak errealitate izan daitezkeela.

Dena den, hazkundea txikiagoa den arren, enplegua sortzeko aurreikuspena %1,4koa da 2019rako, hau da, 13.500 lanpostu. 2014an izandako kopuru txikienetik ia 80.000 lanpostu berreskuratu dira, baina oraindik 48.000 baino gehiago falta dira 2008ko kopuru altuenera heltzeko.

Badakizue atzo atzetik bultzatzen zuten haizeak aurretik bultza egiten ari diren haize bilakatzen ari direla gaur, eta neurri protekzionistak eragina izaten ari direla nazioarteko merkataritzan.

Hori dela eta, hiruhilekoetako kontuek, industrian eragina erakusten dute. Hori ez da oraindik islatu enplegu osoaren sorkuntza erritmoan, %2 ari baita gora egiten, zerbitzuen eta eraikuntzaren portaera onari esker.

Azterketa guztiek baztertu egiten dute erorketa handia, eta %2tik zertxobait gora egongo den hazkunde biderantz goazela erakusten dute.

Azken garaietan behin eta berriro esan dugu azken hiru urteetan %3 inguruko hazkundea izan duen euskal ekonomia bere potentzialetik gora zegoen bidea ari zela eramaten, eta horrek esan nahi zuela, denborarekin, %2 eta %2,5 arteko tasetara bideratuko zela. Orain, azkenean, badirudi hori gertatuko dela.

Euskadik hazkunde orekatua erakusten du sektoreei eta eskariari dagokienez, portaera egokiarekin ekipo ondasunen inbertsioan, eta enplegu sorrera maila altuarekin, eta produktibitatea handitzeko %0,8 inguruko marjina du. Dena den, puntu hori hobetu egin beharko litzateke, berrikuntza gehiagorekin, inbertsio handiagoarekin eta giza kapital hobearekin, politika publikoen hedapenaren bitartez.

Zorrak arazo orokor izaten jarraitzen du, etengabe egin duelako gora, herrialde aurreratuetan eta suspertzen ari direnetan, eta, orokorrean, 2017ko %179tik gaur egungo %217ra igo da, Ordainketen Nazioarteko Bankuak eman dituen datuen arabera.

Estatu Batuetan dagoeneko hasi den, eta 2019an Eurogunean hasiko den moneta politikaren normalizazio aurreikuspenaren aurrean, finantza kargaren eragina garrantzitsua izan daiteke, eta horrek zalantza handiak sortzen ditu zorpetze egituren bideragarritasunaren gainean.

Eusko Jaurlaritzak ekonomiaren garapenarekin eta enpleguarekin duen konpromisoa helarazi gura dizuet. Gure helburua, euskal enpresaren eta horren eguneroko jarduna posible egiten duten pertsonen bidaiakide izaten jarraitzea da.

Gaur gauean, horretarako baimena ematen badidazue, Eusko Jaurlaritzak enpresarioei ematen dien laguntza eta esker ona berretsi gura dut, argi eta garbi daukadalako gu guztiok, sektore pribatua eta sektore publikoa, enpresak eta langileak, bidea elkarrekin egiten badugu, zailtasun guztiak gainditzeko gai izango den OSOTASUNAREN parte garela. Inor atzean utzi barik.

Amaitzeko, berriro zoriondu gura ditut saria eskuratu duten pertsonak eta enpresak, gaur gaueko ekitaldi honen antolatzaileei erakutsi duten gertutasuna eta dedikazioa eskertuz. Eta zuek guztiak Euskadi denon ondasun gisa ikustera gonbidatu gura zaituztet. Euskadi, auzolana.

 

Eskerrik asko eta gabon denoi

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak