Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Kalifornia, Florida eta Idahon bulego berriak irekitzeko asmoa du

2011.eko otsailak 23

Euskadik New York-en duen Ordezkaritza indartu egingo da enpresa-bulego baten bidez

Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila elkarrekin ari dira lanean Euskadik Iparramerikan duen presentzia areagotzeko. Zehazki, Kalifornia, Florida eta Idahoko estatuetan enpresa-bulegoak ezartzea ahalbidetuko duen dekretu bat prestatzen ari dira.

Helburua da merkatu horren aukerak eta baliabideak baliatzea, eta aldi berean gure enpresen kokapen globalari laguntzea, ezinbestekoa baita hori merkatu globalizatuan lehiatzeko.  Plana diseinatzerakoan, sektorea, merkatu potentziala, ahalmen teknologikoak, beste zenbait gune estrategikorekiko lokarriak, aldagai geoestrategiko nagusiak eta kulturan eta ekonomian dauden loturak aztertu dira.

Gaur Lehendakaritzan egin den prentsaurrekoan, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Guillermo Echeniquek eta Teknologia eta Berrikuntza sailburuorde Juan Goicoleak Euskadik Mexikon, AEBetan eta Kanadan duen presentzia indartzeko diseinatutako planaren ildo nagusien berri eman dute. Hiru herrialde horiek bereziki garrantzitsuak dira Euskadirentzat, elkarrekin lotuta daudelako Merkataritza Askerako Itunaren bidez eta lehentasunezko harremanak dauzkatelako Europar Batasunarekin.

Gaur egun Eusko Jaurlaritzaren Mexiko, Kanada eta Estatu Batuetako Ordezkaritzaren egoitza dago New Yorken, eta enpresa bulego bat Filadelfian. Etorkizunean, ordezkaritza hori areagotu egingo da hiru bulego berri irekiko baitira New York, Kalifornia eta Floridan, eta Idahon ere Euskadiren Ordezkaritza bat egongo da. Mexikon euskal ordezkaritza bat egongo da, Mexiko DF hiriburuan enpresa-bulego bat egongo baita. Euskadiren Ordezkaritza erakunde, enpresa eta toki-erakundeekiko harremanen organoa izango da eta, aldi berean, Euskadiko eragile ekonomiko eta sozialen eta AEB, Mexiko eta Kanadakoen arteko lankidetza eta topaketa sustatuko du.

Herrialde horien ezaugarriak nahiz irizpide bateratuarekin jarduteko beharrak direla eta, beharrezkoa da, ordezkaritza bakarra izateaz gain, Euskadik esparru ekonomiko nagusietan presentzia orekatua izatea ahalbidetzen duen bulego-sare bat egotea, eta euskal jatorria duten herritarrekin zuzeneko harremana izatea ahalbidetzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)