Eu

“Txemi Cantera” Saria Katealegaia lan-sozietateari

2018.eko azaroak 08

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak “Txemi Cantera” saria eman dio Katealegaia lan-sozietateari. Euskadiko Lan Sozietateen eta Partaidetzako Enpresen Elkartearen —ASLEren— sari honen bidez, gizarte-ekonomia identifikatzen duten printzipioak aintzatetsi nahi dira —partaidetza, demokrazia eta elkartasuna—.

Gaur arratsaldean Bilbaon egindako ekitaldian, San José sailburuak Katealegaia lan-sozietatearen enpresa-ibilbidea goraipatu du, nazioarteko erreferente bihurtu baita desgaitasuna duten eta gizartean eta lanean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzearen eta mantentzearen alorrean, betiere kalitateko enplegua erakarrita, kolektiboaren ezaugarrietara egokituta eta desgaitasuna duten pertsonak ohiko enplegura bidera daitezen erraztuta. “Urte hasieran Katealegaiak Hernanin duen zentroa bisitatzeko plazera eta ohorea izan nuen. Sinets iezadazue, benetan harritu ninduten erakundearen historiak zein proiektua egonkortzeko egin dituzten ahaleginek. Are gehiago harritu ninduen erakundeko pertsonen garapen integralak; gainera, pertsona horiek kudeaketa enpresariala eta gizarte-konpromiso eredugarria uztartzen dakien taldea osatzen dute”.

KL Katealegaiak hamabi produkzio-planta ditu Gipuzkoako eskualde guztietan. Planta horietan ia mila pertsonek egiten dute lan, eta horietatik % 95ek desgaitasunen bat dute. Enpresak gizarte-ekonomiako izaera bikoitza du; enplegu-zentro bereziko izaerari lan-sozietatearen izaera ere gehitu behar zaio. Izan ere, kapital sozialaren gehiengoa desgaitasuna duten langileena da (adimen desgaitasuna, buru-gaixotasuna, desgaitasun fisikoa eta desgaitasun sentsoriala dutenena) eta gainerakoa erakunde publikoena eta proiektuaren kudeaketan laguntzen duten irabazi asmorik gabeko desgaitasunaren arloko erakundeena.

San José sailburuak gogorarazi du Lan eta Justizia Sailak bultzada handia eman duela Euskadiko Gizarte Ekonomia finkatzeko eta garatzeko, eta, zehazki, ia 5 milioi euro jaso direla gaur Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako aurrekontu-proiektuan. “Gure helburua da —esan du San José sailburuak— Gizarte Ekonomiako enpresei eta erakundeei zuzendutako laguntzak zabaltzea, eta espero dugu ia 5 milioi euro izatea laguntzako, sustapeneko, asistentzia teknikoko eta prestakuntzako jardueretarako. Azken finean, ekimen berrien sorrera bultzatzen dugu, eta sektorearen eskari nagusiei erantzuten diegu, jarduera egiteko baldintzak hobetuta”.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2018.eko azaroak 10

    Comentario de Twitter:
    Premio “Txemi Cantera” a Katealegaia https://t.co/DblnMdahoq

Ekitaldiko kargudunak