Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Vitoria-Gasteizko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak hitzarmen bat sinatu dute ibilgailu elektrikoaren zabalkundea sustatzeko

2011.eko otsailak 23

•             Hitzarmenak Vitoria-Gasteizen ibilgailu elektrikoaren erabilera erraztea du helburu.

•             Aparkalekuetan eta kalean ibilgailu elektrikoak birkargatzeko guneen diseinu eta mapa bat egitea aurreikusten da; baita carsharing enpresa bat martxan jartzea ere, hiriburuko zenbait tokitan ibilgailu elektrikoekin.

•             Mugikortasun elektrikoaren zentro bat eraiki eta garatzea izango da hitzarmenaren atal garrantzitsuenetakoa; erdigunean jarriko den zentro horretan ibilgailu elektrikoari buruzko informazioa ematearekin batera, erakustaldiak egingo dira..

Vitoria-Gasteizko alkate Patxi Lazcozek eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) presidente eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, Vitoria-Gasteizen ibilgailu elektrikoaren erabilera errazteko asmoz. Hain zuzen ere, hauxe da lehen hitzarmena EEEren aldetik Vitoria Gasteizko Udalarekin ibilgailu elektrikoa zabaldu eta bultzatzeko.

Gaurko egunez sinatu duten hitzarmenean oinarrituta, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak konpromisoa hartu dute Vitoria Gasteizko inguruan honako jarduera hauek garatzeko:

-           Aparkalekuetan eta kalean (estaliak eta estali gabekoak) ibilgailu elektrikoa birkargatzeko zenbait gune instalatzea, ibilgailu elektrikoaren erabiltzaileari birkarga bermatzeko.

-           Ibilgailu elektrikoen carsharing enpresa bat abian jartzea. Hartara, ibilgailu elektriko flota bat malgutasunez eta eraginkortasunez partekatzeko aukera izango dute enpresa horren erabiltzaileek edo bezeroek

-           Mugikortasun Elektrikoaren Zentro Logistikoa eraikitzea eta abian jartzea 2011. urtean zehar, ibilgailu elektrikoa erakusteko eta haren inguruko informazioa emateko erabiliko dena, modernoa eta ingurumenaren aldeko hiria dela erakustearekin batera.

-           Udal flotan ibilgailu elektrikoak sartzea (automobilak, motorrak, garbitzeko makinak...), merkatuan modelo eskaintza nahikorik eta kasu bakoitzera egokitua egongo den neurrian.

-           Ibilgailu elektrikoaren erabilera sustatzeko beharrezko diren udal ordenantzak garatzea eta aplikatzea, kutsagarriagoak eta hain eraginkorrak ez diren beste alternatiba batzuk alde batera utziz.

Europar Batasunak ezarritako ildo bertsutik, Eusko Jaurlaritzak asmo handiko ekimena abiarazi zuen 2009. urtean ibilgailu elektrikoari sarbidea emateko Euskadin, garraioan energia-eraginkortasuna hobetzeko tresna gisa eta euskal ehun industrialean negozioetarako aukera berriak sortzeko bidea ematen duena. Hori horrela, estrategia horren eszenatoki-helburua da 2020. urteari begira, salduko diren ibilgailu guztien artean %10 elektrikoak izatea (puruak edo hibrido entxufagarriak).

Vitoria-Gasteiz, iragan urrian, Europako Hiriburu Berdea hautatua izan zen, Eraztun Berde, mugikortasun plan, bizikletetarako ibilbide eta abarretan oinarritutako egitasmoari esker. Hain zuzen ere, Vitoria-Gasteizko Udalaren Mugikortasun Iraunkor eta Espazio Publikoaren Planaren helburua da automobil pribatuaren erabilera murriztea eta garraio publikoaren erabilera areagotzea; horren ondorioz, oinezkoentzako espazio publikoa handituko da eta automobilei zuzendutakoa, ordea, gutxituko da. Alde horretatik, kutsatzen duten ibilgailu konbentzionalen aldean, ibilgailu elektrikoaren erabilera lehenetsi du.

Beraz, gaurko egunez Vitoria-Gasteizko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak sinatutako hitzarmena mugarri garrantzitsu bat da energia-eraginkortasun eta iraunkortasunaren aldeko politikak sustatzeko erakunde bion aldetik, eta beste erakunde batzuentzat eredugarria izango dela espero da. Hartara, hitzarmen honen ondorioz Vitoria-Gasteizen mugikortasun elektrikoaren alde garatuko diren jarduerak eta ekimenak beste leku batzuetan ere gauzatuko dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)