Eu

Marcos Muro: “Lanbidek 2030. urteko lan-merkatuari leihatila batetik begiratu ahal izateko Future Lan tresna eskaintzen du”

2018.eko azaroak 07
  • “Enpleguaren Nazioarteko I. Biltzarra. Erronkak, aldaketa handia egiteko” biltzarraren itxiera; biltzarra astelehenetik da abian, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian

VG 2018 11 07

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, gaur, Vitoria-Gasteizen, zera esan du: “Lanbidek 2030. urteko lan-merkatuari leihatila batetik begiratu ahal izateko Future Lan tresna eskaintzen du, Euskadiko Enpleguaren eta Joera Okupazionalen Prospektiba Behatokia”. “Tresna horren bidez, enplegu- eta /edo prestakuntza-politiken arloan erabaki eraginkorrenak har daitezke”.

 

Murok gogorarazi du Future Lanfuntsezko tresna” dela, egundik 2030era arte euskal enpresetako langileen eskariari buruzko informazio goiztiarra eskuratzeko, "bai eta etorkizunean gure herrialdeko lan-merkatuan prestakuntza duten langileen inguruan izan daitezkeen orekarik ezei buruzkoa ere, okupazio eta sektore ekonomikoetara bideratuta”.

 

“Enpleguaren Nazioarteko I. Biltzarra. Erronkak, aldaketa handia egiteko” biltzarra Europa Jauregian izan da eta Eusko Jaurlaritzak antolatu du; biltzarraren itxiera-ekitaldian, sailburuordeak nabarmendu du Biltzarretik ateratako ondorioetako bat honako hau dela: “bertan dugun etorkizunean, bizitza osoko prestakuntza edo etengabea ezinbestekoa izango da”. ”Lantzean behin geure burua berrasmatu beharko dugu, eta ikasten ikasi”, esan du.

 

Muro sailburuordeak zera nabarmendu du: “adimen artifiziala hemen dugu, eta, digitalizazioarekin eta automatizazioarekin batera, gure mundua eraldatuko du. Eta guk egokitzen jakin beharko dugu eta horrekin batera iritsiko diren aukerak irakurri”. Marcos Muroren iritziz, “pertsona bakoitzaren gaitasunetan asmatzea eta horiek hobetzea etorkizuneko gakoak izango dira enpleguan”.

 

Horren harira, Borja Belandia Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, astelehenean, zera esan zuen: “Lanbidek pertsonetan eta enpresetan ahalik eta eragin handiena bilatu nahi du; horretarako, epe laburra, ertaina eta luzea lantzen ditu, etorkizuneko eskariei aurrea hartu ahal izateko eta enpresa eta pertsonetara egokitutako prestakuntza-ibilbide onenak eskaini ahal izateko”.

 

Biltzarra

“Enpleguaren Nazioarteko I. Biltzarra. Erronkak, aldaketa handia egiteko” biltzarrean nazioarteko hogei bat aditu eta 200 entzule baino gehiago batu dira, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian, pasa den astelehenetik. Topaketa Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu du eta, bertan, munduko aldaketak eta horiek enpleguan izan duten eragina, enpleguko eta inklusioko politika publikoen etorkizuna eta enpleguaren eragile sortzaileen eginkizuna aztertu dira.

 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Itziar Gonzalo de Zuazo Vitoria-Gasteizko alkateordeak zabaldu zituzten jardunaldiak. Gaurko itxiera-ekitaldiko protagonistak Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Pilar García de Salazar Arabako diputatu nagusiordea eta Nerea Melgosa Vitoria-Gasteizko zinegotzia izan dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar García de Salazar, Nerea Melgosa