Kontroleko osoko bilkura (2018/11/9)
Kontroleko Osoko Bilkuran talde parlamentarioek egindako galderei eta interpelazioei erantzun diete Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek:
Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, hezkuntza bezalako gai estrategikoetan herrialde-akordioetarako Lehendakariak dituen lehentasunei buruz.
Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun duenez, herrialde-erronka bat da hezkuntza, eta Eusko Jaurlaritzak proposamen irmo bat du, Euskal Kontseiluaren % 70ek baino gehiagok babestua, erronka horri erantzuteko. Hala, Lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna da euskal hezkuntza-sistemari behar dituen modernizazioa eta egonkortasuna bermatzea.
“Hezkuntza-munduarekin dagoeneko lortua dugun adostasuna Legebiltzarrera helaraztea da gure helburua”, gogora ekarri du Lehendakariak. Zentzu horretan, Lehendakariak azaldu duenez, Hezkuntzaren inguruan akordio gehiago gehitzean datza jarraitu beharreko bidea; adituekin eta Eskola Kontseiluarekin ‒sare publikoa, Kristau Eskola, Ikastolak, sindikatuak eta hezkuntza-komunitate osoa barne‒ lortutako adostasuna hemen lortzea. “Hori da lehentasuna”, azpimarratu du.
Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko Aurrekontuen onespenari buruz.
Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritza prest dago proposamenak jasotzeko, “aurrekontuz kanpokoa ez den negoziazioa errespetatuz, errealismoz eta etorkizuneko hipotekarik gabe”.
Lehendakariak azaldu du Herrialde hau hazten ari dela, enplegua sortzen duela, aurrerapausoak ematen ari dela berdintasun-aukeretan eta gizarte-bermean. “Hobera egin dezakegu jakina, izan ere, aurrekoa baino hobea da Aurrekontu hau”, adierazi du. Zentzu horretan, ziurtatu duenez, enplegu gehiago eta hobea sortzeko, zerbitzu publiko hobeak bermatzeko eta gehien behar duenari erantzuteko aukera bat galtzea da aurrekontua blokeatzea.
Gainera, Estatuko Aurrekontu Orokorrak aipatu ditu Lehendakariak, eta Elkarrekin Podemos taldeari eskatu dio han erakutsitako jarrera-aldaketa bera hemen erakusteko. “Aurrekontuaren zorroztasunaren eta lehentasun sozialaren irizpideak aplikatzen badituzue, Madrilen onartu bezala, akordioa, hemen, posible da”, gaineratu du.
Galdera, Borja Sémper Pascual Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Herenegun programari buruz.
Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du esanez, Herenegun programa hobetu daiteke, “orain da egiteko momentua”, adierazi du. Hala, azpimarratu duenez, orain da momentua ekarpenak jasotzeko; unitate didaktiko osoa aztertzeko, ez bakarrik bideoak; egileei entzuteko. “Hortik aurrera iritsiko da kontrastearen momentua, esperientzia pilotu batekin; aplikatu aurretik ebaluatu eta hobetuko dugu Programa”, nabarmendu du.
“Hau esan nahi dizut horrekin, ez dut onartzen, inolaz ere, leporatzea Eusko Jaurlaritzari; Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiari; Gogora Institutuari; Hezkuntza Sailari eta gai honetan lanean jardun duten adituei, ETAren terrorismoa legitimatu edo zuritu nahi izana. Zeharo faltsua da hori”, adierazi du Lehendakariak.
Interpelazioa, Eukene Arana Varas Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, indarkeria matxistari eta adineko emakumeei buruz.
Iñigo Urkullu Lehendakariak defendatu duenez, Euskadik arkitektura bat du berdintasuna bultzatzeko. Hala, sentsibilizazioa eta prebentzioa aipatu ditu Lehendakariak, berdintasunaren, balio-aldaketaren, autonomiaren, emakumeen ahalduntzearen eta sentsibilizazio sozialaren aldeko programa guztiak tresna bihurtzen direlako emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko.
Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu duenez, aurrera jarraitu beharra dago eta betiere nazioarteko politika aurreratuenekin lerrokatuta. Zentzu horretan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak hobetzen jarraituko du berdintasun-politikak eremu guztietan: gobernantza, balioen aldaketa, emakumeen autonomia eta ahalduntzea; prebentzioa, laguntza eta sentsibilizazio soziala.
Galdera, Unai Urruzuno Urresti EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, autogobernu gehiago eskatzeak gizartean sorraraz dezakeen hausturari buruz.
Lehendakariak azpimarratu duenez, gizartean haustura bat gertatzeko arriskua ez dago lotuta Autogobernu handiagoa eskatzearekin. “Kohesio sozialaren faktore da Autogobernua”, gaineratu du. Hala, adierazi duenez, gizartean haustura bat gertatzeko arriskua mespretxuari, gutxiesteari dago lotuta, edota ahalik eta adostasun zabalenak lortzeko premia ahazteari.