
Urkullu Lehendakaria Txileko Presidente Sebastián Piñerarekin batzartu da
- Euskadik eta Txilek harremanak sendotuko dituzte industria, hezkuntza, nekazaritza, berdintasuna, lankidetza eta gobernatza arloetan
- Lehendakariak Piñera presidentea Euskadira gonbidatu du Elkano eta Magallanesen bidaiaren V. mendeurrenean
Iñigo Urkullu Lehendakaria Txileko Presidente Sebastián Piñerarekin bildu da gaur La Moneda Jauregian. Batzarrean, Lehendakariak eskerrak eman dizkio Piñera Presidenteari Txilek Gerra Zibila dela eta Euskaditik alde egin behar izan zuten pertsonei emandako harreragatik. Bileran, gobernuen arteko harremana errepasatu dute, besteak beste, industria, hezkuntza, nekazaritza, berdintasuna eta lankidetza gaietan. Biek konpromisoa hartu dute Euskadi eta Txileren arteko erlazioa sendotzeko.
Txileko Presidentearekin batzarra
Lehendakariak azpimarratu du Euskadi eta Txileko harremanak 90 hamarkadakoak direla, besteak beste, hezkuntza, nekazaritza, berdintasuna eta lankidetza arloetan. Bileran gobernantza ona eta gardentasunari buruz ere hausnartu dute .
Euskadiren interes komertzial eta ekonomikoei begira, Lehendakariak esan du Txile herrialde “irekia, sendoa eta bideragarria” dela. Euskal enpresek interesa erakutsi dutela adierazteko, Lehendakariak aipatu du azken 3 urtetan 200 bat enpresa Txile bisitatu dutela bertoko errealitate ekonomikoa gertutik ezagutzeko.
Bilera “aukera ezin hobea” izan da, Lehendakariaren hitzetan, bi herrialdeen arteko harremanak sendotze aldera. Lehendakariak Piñera presidentea Euskadira gonbidatu du datorren urtean Euskadik eta Txilek Elcano eta Magallanesen bidaiaren V. mendeurrenaren ospakizuna egingo dutela aprobetxatuz.
Presidentearekin izandako bilerak hiru ordu laurdeneko iraupena izan du. Bertan, Lehendakariaz gain, Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi, Marian Elorza; Kanpo Harremanetarako Zuzendari Leyre Madariaga; eta Enrique Ojeda Enbaxadorea izan dira.
Azaroaren 6ko agenda
Goizaldean Lehendakaria, bideokonferentzia bitartez, ohiko Gobernu Bileraren buru izan da. Ostean, lan-gosaria izan du Txileko Alderdi Demokrata Kristauaren buruzagi Fuad Chahín-ekin.
Bidaia ofiziala
Lehendakariak urriaren 31an ekin zion bidaiko agendari. Buenos Airesen Argentinako Presidente Mauricio Macrirekin, Senatuko eta Diputatuen Ganberako Presidenteekin bilera izan zuen eta Memoriaren Zentroa bisitatu zuen, besteak beste. Ostean, Jaurlaritzaren ordezkaritza Mar del Platara abiatu zen Euskal Aste Nazionalean parte hartzeko. Bidaia Txileko Santiago hiriburuan bukatu da gaur Piñera Presidentearekin izandako batzarrarekin.
Azken asten honetan, Lehendakariarekin batera Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi, Marian Elorza; Kanpo Harremanetarako Zuzendari Leyre Madariaga; Kanpoan den Euskal Komunitatearen Zuzendari, Gorka Álvarez eta Euskadik Agentina-Mercosur eta Txilen dituen ordezkari Sara Pagola eta Rafa Kutz, hurrenez hurren, izan dira.