Berriak Hezkuntza
Eu

Europako Lanbide Heziketa Foroaren bikaintasun saria, Tknika eta Euskadiko Lanbide Heziketarentzat

2018.eko azaroak 02
  • Sariak aitormena egiten die Lanbide Heziketako hezkuntza sustatzen, hobetzen, edo berritzen eragin iraunkor eta garrantzitsua izan duten pertsona, erakunde zein proiektuei

Lanbide Heziketaren Foro Europarrak (EfVET) Tknika – Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroari eta Euskadiko Lanbide Heziketari aitormena egin die EfVET Award of Excellence 2018 sariarekin, bikaintasuna aitortzen duen sariarekin. EfVET foroak urtero antolatu ohi duen konferentziaren baitan eman dio saria euskal Lanbide Heziketari. Aurten “Rethinking VET for Inclusive Excellence!” (Bikaintasun inklusibora bidean, Lanbide Heziketa birpentsatzea) lelopean burutu du konferentzia EfVET-ek, Italiako Como lakuaren inguruan, Europako nahiz beste kontinente batzuetako 250 lagun ingururen parte-hartzearekin.

Lanbide Heziketako hezkuntza sustatzen, hobetzen, edo berritzen eragin iraunkor eta garrantzitsua izan duten pertsona, erakunde zein proiektuei aitortza egiten die sari honek.

EfVET, Lanbide Heziketaren Foro Europarra (European Forum of Technical and Vocational Education and Training), Europako Lanbide Heziketako profesional nahiz eragileek –eta  eragileentzat- sortutako elkarte profesional nagusienetakoa da. EfVET-ek zuzenki ordezkatzen du bere kideen ikuspuntua Lanbide Heziketarekin zerikusirik duen gai orotan, Europako Batasuneko erakunde zein kidego guztien aurrean, eta horrez gain, kontsulta organoa ere bada.

Sariaren hirugarren edizio honek, EfVET-eko kide diren 25 herrialde baino gehiagotako 170 kideen ekarpenak ere aitortu ditu. Bost izan dira aurten sarirako izendatuak: Herbeheretako Mentorprogramma Friesland Proiekua (MPF), Turkiako  ISMEK College, Turkiako Obserfashion Erasmus+ Project, eta Raimo Sivonen Finlandiako Kainuu Vocational College-eko zuzendaria, Euskadiko Tknikaz gain.

Zer da Tknika?

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako zentroa da Tknika (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa). Ardatz nagusitzat berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua izanik, Tknikak Euskadiko Lanbide Heziketa Europako abangoardian kokatzea lortzeko helburuz egiten du lan. Sare-lanaren bitartez eta Lanbide Heziketako irakasleen inplikazioari esker, munduko eredurik aurreratuenak erreferentetzat dituen zentro honek teknologiaren, prestakuntzaren eta kudeaketaren eremuekin lotura duten berrikuntza-proiektuak garatzen ditu.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @faduraikastetxe
    2018.eko azaroak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Europako Lanbide Heziketa Foroaren bikaintasun saria, Tknika eta Euskadiko Lanbide Heziketarentzat ➡︎ https://t.co/cNj5hyiKH0

  • @IkaslanBizkaia
    2018.eko azaroak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Europako Lanbide Heziketa Foroaren bikaintasun saria, Tknika eta Euskadiko Lanbide Heziketarentzat ➡︎ https://t.co/cNj5hyiKH0

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak