Berriak Lehendakaritza
Eu

“Euskal identitate plural, inklusibo eta bidezko bat, mundura zabaldutako bat” eraikitzera animatu du Lehendakariak Argentinako euskal komunitatea

2018.eko azaroak 03
  • Mar del Platan emandako hitzaldi batean Kontzertu Ekonomikoa defendatu du erreferentzia bezala Euskadiren etorkizunerako akordio/itun berri baterantz aurrerapausoak emateko
  • Dibertsitatea balio bilakatzeagatik Europarentzako adibidetzat jarri du Iñigo Urkulluk Argentina

Argentinako euskal komunitatearen aurrean Kontzertu Ekonomikoa defendatu du Lehendakariak, euskal Autogobernuaren “funtsezko muina” dela esanez, eta animatu egin ditu “elkarrekin batera arraun egitera euskal identitate plural, inklusibo eta bidezko bat, mundura zabaldutako bat” eraikitzera.

Kontzertu Ekonomikoaren 140. urteurrena betetzen den urtean, “erreferentzia baliagarritzat” hartu du Iñigo Urkulluk akordio hori, “bizikidetza instituzionalaren, bat etortze politikoaren eta gizartearentzako ongizate bermearen eredu" bezala, Euskadiren etorkizunerako Autogobernuaren Akordio/Itunean aurreratze aldera.

Euskal Aste Nazionala ospatzeko egun hauetan Mar del Plata hirian bildutako euskal komunitateko ordezkari ugariren aurrean, Lehendakariak hitzaldi bat eman du eta bertan xehakatuz joan da Eusko Jaurlaritzak 2020. urteari begira hartuak dituen konpromiso eta lehentasunetako batzuk. Gainera, Euskadik orain bizi duen garaiaren garrantzia azpimarratu du, euskal ekonomiaren egoera ona eta ETAren amaiera direla-eta. “Aspaldi batez, duela gutxiko gure historian, lehen aldiz, Bakean bizi den Herrialdea da Euskadi”- adierazi du.

Euskal Autogobernuari eta Euskadirentzako Estatus Politiko Berriari buruz jardutean, “erabakitzeko ahalmena eta adosteko borondatea” bat egitearen alde agertu da Lehendakaria, eta Estatuko botereei eskatu die bertako “pluraltasuna” aintzatesteko; “lurralde-dibertsitatea” onartzeko, eta “Euskadiren errealitate nazionala eta gure Komunitate-eredu politiko berezia” aitortzeko

“Horrela, Komunitate baten nahiei erantzuteko bide bat irekiko luke Estatuak, kontuan hartuta komunitate horren Autogobernua ez dela Madrilen hartutako erabaki teknokratiko baten emaitza, mendeetako irrika bat baizik, sakrifizioz, konpromisoz eta erbestealdiez blaitua, zuek ondo dakizuen bezala”- esan die.

Elkarraldia kolektibitateetako buruekin eta agurra FEVAri

Aurretik, Argentinan ezarritako “Kolektibitateen Instituzioetako Buruen Elkarraldi Nazionalaren” bigarren edizioaren inaugurazioan izan da Lehendakaria. Elkarraldi horrek herrialde osoko arduradunak biltzen ditu, eta herrialde osoan banatutako 100 erakunde baino gehiago hartzen dituen Euskal Argentinar Erakundeen Federazioak (FEVA), euskal kolektibitateak atzerrian duen egiturarik handienak, egin duen bileraren itxieran parte hartu du. Batzarrera sartu denean, FEVAko fundatzaile Roberto López de Armentiak besarkada luzea eman dio Lehendakariari. Lehendakaria, hunkituta, bere hitzaldiari ekin dio.

Lehenengoen aurrean, Iñigo Urkulluk goretsi egin du euskal kolektibitate guztien “espiritua”, dibertsitatearen aberastasuna herri guztiekin partekatzekoa, “hemen harrera egin, errespetatu, hartu dituzten” horiekin, eta aldi berean Europarentzako adibide eta eredutzat hartu du Argentina, dibertsitatea balio bilakatu duelako “protekzionismo amorratua zabaldua dagoen eta mugak ixten ari diren garai hauetan”- azpimarratu du.

FEVAren aurrean, federazio honen inguruan bildutako 84 euskal etxeek Euskadirekin hartua duten konpromisoa aintzatetsi du Lehendakariak. “Gure hizkuntzak, euskarak, gure Herriaren identitate-ikurrak, bizirik jarraitzen du Argentinan eta zuei zor dizuegu, zuek jarritako energiari eta ilusioari”- esanez amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak