Eu

Beatriz Artolazabalek “Enpleguaren Nazioarteko I. Biltzarra. Erronkak, aldaketa handia egiteko” inauguratuko du astelehenean Vitoria-Gasteizen

2018.eko azaroak 02

 

 

  • Hogei bat adituk eta 200 entzulek munduko aldaketak eta horiek lan-merkatuan eta enplegua sortzeko politiketan duten eragina aztertuko dituzte
  • Artolazabal: “enplegu eta laneratze politika publikoen etorkizunaz eta enplegua sortzen duten eragileen eginkizunaz eztabaidatuko da”
  • Biltzarra hiru egunetan egingo da, eta inguruko hainbat enpresa bisitatuko dira: Mercedes, Ega Master, Aernova eta Arabako Teknologia Parkea
  • Jamie Hepburn, Eskoziako Enpleguko eta Lanbide Gaitasuneko ministroa, eta Sylvain Giguère, ELGAKO Ekonomiako eta Tokiko Enpleguko Dibisioko burua izango dira bertan
  • 18 11 05 / 09:00, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregia

 

VG 18 11 02

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek inauguratuko du datorren astelehenean, hilaren 5ean, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak antolatuta, hiru egunetan egingo den “Enpleguaren Nazioarteko I. Biltzarra. Erronkak, aldaketa handia egiteko”.

 

Asteazkenera arte, hilaren 7ra arte, nazioarteko hogei bat adituk eta 200 entzulek munduko aldaketak eta horiek enpleguan eta enplegu-politika publikoetan duten eragina, enplegu eta laneratze politiken etorkizuna, enpleguaren etorkizuna eta enplegua sortzen duten eragileen eginkizuna aztertuko dituzte. (Biltzarrari buruzko informazioa biltzarraren webgunean bertan dago: http://www.congresointernacionalempleoeuskadi2018.eus/)

 

Eusko Jaurlaritzako enpleguaren arloko arduradunak azpimarratu duenez, “jardunaldietan ohiko lan okupazioei, lan-mota berriak eratzeko beharrari, proiektuetan oinarritutako lan-ideia berriei, soldatapeko enplegu tradizionalei eta langile independenteen gorakadari buruz eztabaidatuko da”.   

 

Artolazabalen ustez biltzarrak “lanarentzat mesedegarri den digitalizazioak, enpresetatik harago, izango duen inpaktua sakontzeko aukera ere emango du”; izan ere, “enpleguaren egiturek, hau da, prestakuntza eta ekoizpen prozesuek eta merkatu globalizatu berriek, aldaketa handia izan dute azkenaldian, eta aldaketa horretarako geure burua prestatu behar dugu eta aurrez aurre izango ditugun erronkak eta aukerak geure gain hartu behar ditugu”.  

 

Sailburuaren esanetan, “automatizazioa, komunikazio berriak eta logistika eta digitalizazioa lan-merkatuan finkatzen ari dira eta, horrekin, aldatzen ari dira egungo lanaren ideia eta antolaketa-moduak. Enplegua sustatzeko politikak zehazten dituzten enpresen, langileen eta arduradunen erronka ezagutzak eta trebetasunak identifikatzea eta onartzea da”.

 

Enpleguari buruzko alderdiak

“Enpresako dedikazioa eta parte-hartzea; tokiko eskaintza eta eskaintza globala; plataformak; sormena eta ekimena; eta lan-antolamendu malguak dira Gasteizen hiru egunez egingo diren jardunaldietan aztertuko diren beste gai batzuk”, azpimarratu du sailburuak.

 

Sailburuarekin batera izango dira Biltzarraren inaugurazio-ekitaldian lurraldeko eta hiriko ordezkari gorenak: Ramiro González, Arabako diputatu nagusia, Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea, eta Itziar Gonzalo, alkateordea. Jamie Hepburn, Eskoziako Enpleguko eta Lanbide Gaitasuneko ministroa, eta Sylvain Giguère, ELGAko (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) Ekonomiako eta Tokiko Enpleguko Dibisioko burua, izango dira Munduan gertatzen ari diren aldaketak eta hauen inpaktua enpleguan. Enplegu politika publikoak izenburuarekin egingo den lehenengo jardunaldiko protagonista nagusiak. Richard Wilkinson, The Equality Trust-en sortzailea, eta Marc Vidal, eraldaketa digitaleko eta berrikuntzako analista, dira lehenengo jardunaldiko beste bi ponenteak. Jardunaldia amaitzeko, bisita egingo da Berantevillako Aernovaren fabrikara eta Miñaoko Teknologia Parkera.

 

Asteartean, Enplegu eta Inklusio politiken etorkizuna. Enpleguaren etorkizuna izenburua izango du jardunaldiak, eta Fons Leroy, Enpleguko Zerbitzu Publikoen Europako Sareko presidentea; Carsten Beck, Copenhagen Institute for Future Studies institutuko zuzendaria; Isabel Aguilera, estrategiako eta berrikuntzako aholkularia eta ESADEko eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea; eta Borja Belandia, Lanbideko zuzendari nagusia, izango dira bertan. Egun horretan Mercedes eta Ega Master enpresak bisitatuko dira.

 

Asteazkenean egingo den azken jardunaldiaren izenburua Enplegua sortzen duten eragileen eginkizuna izango da, eta hauek izango dira parte hartuko duten txostengileak: Montserrat Pardo, Microsoft Ibéricako Erakunde Harremanetarako zuzendaria; Fredrik Söderqvist, Suediako Unionen sindikatuko kidea; Jordi Serrano, informazio-sistemen eta pertsonen garapeneko espezialista eta Future for Work Instituteko bazkide sortzailea; Juanjo Alvarez, UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna; eta Saioa Arando Mondragon Unibertsitateko Gizarte Ekonomia Sailekoa.

 

Azkenik, Marcos Muro, Enplegu eta Gazteriako sailburuordea; Pilar García de Salazar, Arabako diputatuorde nagusia; eta Nerea Melgosa Vitoria-Gasteizko Enpleguko eta Garapen Ekonomiko Jasangarriko zinegotzia, izango dira Biltzarrari amaiera emango diotenak. Beatriz Artolazabalek “Europako aurrerapen ekonomiko jasangarria eta gizarte-kohesioa bermatzen duten kalitateko enpleguaren kudeaketa eta politikak hobetzeko ekimenak sustatzera” gonbidatzen ditu Biltzarrean parte hartuko duten guztiak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ramiro González; Gorka Urtaran, Pedro Elosegi, Jamie Hepburn, Sylvain Giguère,