Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Memoriaren Zentroen nazioarteko sarea sortzeko iradoki du, giza eskubideen proiekzio unibertsala emateko

2018.eko azaroak 01
  • Iñigo Urkulluk ESMA - Museo Sitio de Memoria bisitatu du, Argentinako diktadurako antzinako atxiloketa- eta tortura-zentroa; orain biktimei omenaldia egiteko eremua da
  • Argentinako euskal komunitatearekin eginiko topaketan, eskerrak eman ditu Euskadirekin duten konpromisoagatik, “behar izan duenari harrera eta laguntza ematearren”

Iñigo Urkullu Lehendakariak ESMA - Museo Sitio de Memoria bisitatu du (Armadaren Mekanika Eskola), Argentinako azken diktadura militarrean atxiloketarako, torturarako eta sarraskirako zentro klandestinoa; gaur egun, biktimen omenezko eta gizateriaren krimenak kondenatzeko eremu bilakatu da. Bertan 1976aren eta 1983aren artean 5.000 gizon eta emakume atxilotuta-desagertuta egon zirela kalkulatzen da.

 Argentinara eginiko bidaia ofizialaren lehen jardunaldian, euskal ordezkaritzak, arduradunen eskutik, antzinako mekanika-eskolako instalazioak bisitatu ditu; gaur egun, eskola museoa da eta, bertan, besteak beste, Pertsonen Desagerpenari buruzko Batzorde Nazionalaren dokumentu historikoak eta biktimen lekukotzak jaso dira.

 Bertan, Iñigo Urkulluk esan du memoria-zentroak iraganeko zauriak “egia esanez” sendatuko dituen eta etorkizunean gerta daitezen saihestea prebenituko duen bizikidetza-proiektuaren “funtsezko pieza” direla, eta iradoki du elkarrekin komunikatuta eta koordinatuta dauden memoria-zentroen sarea sortzeko, “herrialde bakoitzak gogoratu eta modu kritikoan eguneratzen duenak proiekzio unibertsala izan dezan”.

Lehendakariak esan du Euskadik GOGORA-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutua duela, eta haren helburua gure oraintsuko historiaren gertakariak “gogorarazteko eta kritikoki berriro nabarmentzeko” ahalegina egiten dutela, “gertakaririk alde batera utzi gabe eta edozein parekatze, konpentsazio edo justifikazio baztertuz”.

“Horrek guztiak berriro errepikatu behar ez dena islatzen du. Horrek guztiak elkarbizitzarako irakaskuntza unibertsala du. Giza eskubideak xedaezinak dira. Hiltzea gaizki egon zen. Horiek dira oraintsuko memoriatik ateratzen ditugun ondorioak, orain munduan beste herrialde batzuetako memoria-zentroekin partekatu nahi ditugunak”, esan du, amaitzeko.

Lore-eskaintza Gernikako arbolaren kimuan eta topaketa euskal komunitatearekin

ESMAra bisita egin ondoren, Euskadiko ordezkaritzak, Buenos Airesko euskal komunitateak lagunduta, lore-eskaintza egin du Gernikako arbolaren kimuan; hura 1919an Garayri eskainitako monumentuaren ondoan landatu zen, Laurak Bat euskal zentroak eskatuta.

Ondoren, Lehendakariak topaketa izan du Argentinan dagoen euskal komunitatearekin; bertan, munduan dauden euskal immigranteen kopuru handiena batzen da; izan ere, biztanleen % 10ek euskal jatorriko arbasoren bat duela kalkulatzen da.

Iñigo Urkulluk esan du Argentina aitzindaria dela “Euskaditik kanpoko euskaldunen artean elkarri laguntzeko gizarte-sare eta komunitario honen” harreran eta antolakuntzan, eta gogorarazi du duela 80 urte Euskadik herrialde horretan duen lehen ordezkaritza iraunkorra jarri zela martxan.

Puntu horretan harrezkero Euskadiren alde lan egin duten eta konpromisoa erakutsi duten pertsona guztien lana aintzatetsi nahi izan du eta horregatiko esker ona adierazi, “behar izan duenari harrera eta laguntza ematearren”, eta hunkituta eta harro ageri da, XXI. mendean, bere harrera-aberriari uko egin gabe, bere Ama Lurraz harro sentitzen den euskal kolektibitatea ikusi duelako; “Euskadiren hizkuntza, kultura eta taupada bizirik mantentzen du, Atlantikoaren alde honetan”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak