Eu

Alicia Garmendiak, Luis Cañadak, Miguel Ángel Montesek eta Javier Onaindiak 2018ko Korta Sariak jasoko dituzte

2018.eko azaroak 02
  • Epaimahaiko buru Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua da, eta Confebask, Adegi, Cebek eta Sea enpresa-elkarteetako eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko ordezkariek ere eratzen dute. Epaimahaiak saritutako lau pertsonen bizitza- eta enpresa-ibilbide garrantzitsua nabarmendu dute.
  • Iñigo Urkullu Lehendakariak sariak azaroaren 13an Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egingo den ekitaldian banatuko ditu.
  • Joxe Mari Korta sariak 2009an hasi ziren, enpresaburu gipuzkoarra eta orduko Adegiko presidentea erail ondoren, jendaurrean lanbide-bizitza zabala dutenei enpresa-hobekuntzaren alde egiten duten lanagatiko esker ona agertzeko.

Aurten ere, Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bidez, aitorpena eta esker ona adierazten die, sektore guztietatik, Euskadiko aberastasuna eta tokiko eta atzerriko enpresa-eremuan bere posizionamendu ekonomikoa izatea sustatzeko lan egiten duten enpresaburu guztiei.

Enpresa-proiektuak abiarazi eta arrakastaz garatzeak ekimena, adorea eta dedikazio handia eskatzen ditu. Joxe Mari Korta sariak euskal ekosistema ekonomikoaren buru diren eta beren inbertsio eta lanarekin enplegua eta aberastasuna sortzen duten pertsonen ezaugarriak eta ahalegina jendaurrean aintzatesteko sortu zen; izan ere, enplegua eta aberastasuna gizartearen onurarako elementuak dira.

Hautagaiak hiru lurralde historikoetako enpresa-elkarteek, merkataritza-erakundeek edo profesionalen elkargoek proposa ditzakete, bai eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak eta Euskadin egoitza duten enpresek ere.

Epaimahaiko buru Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua da, eta Confebask, Adegi, Cebek eta Sea enpresa-elkarteetako eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioko ordezkariek ere eratzen dute. Aurten, epaimahaiak 2018ko Korta Sariak honako pertsona hauei ematea erabaki du, beren enpresa-lanagatik: Alicia Garmendia Iruña Taldeko bazkidea eta presidentea; Luis Cañada Vicinay Cadenas-eko zuzendari nagusi ohia eta Novia Salcedo fundazioko presidentea; Miguel Ángel Montes Cometel-eko jabea eta gerentea, eta Javier María Onaindia Onaindia Taldeko sortzailea.

Epaian, epaimahaiak nabarmendu du saritutako lau pertsonek etengabeko inplikazio txalogarria dutela enpresa-sektorean, bertan garatu baitute beren jarduera. Halaber, jarduera eta lanpostu berriak sortzeko dituzten ekimenen garrantzia ere nabarmendu du.

Alicia Garmendia: etorkizuneko ikuspegia eta espiritu sortzailea

Alicia Garmendia eibartarraren bizitza pertsonala eta profesionala oso lotuta dago Bilborekin eta Iñaki Aseguinolaza senarraren enpresa-lanarekin; gizona 1993an hil zen. Alargun geratu zenean, Garmendia hasi zen ostalaritza tradizionalaren familia-negozioak zuzentzen eta, berrikuntzaren alde eginiko apustuaren eta joera berrietara egokitzen jakiteko senaren bidez, Euskadin gama altuko cateringeko enpresa garrantzitsuenetakoa bilakatu zen.

Iruña Taldearen hedapena Bizkaiko hiriburua eraldatzen ari zela gertatu zen, zerbitzuen hiri horretan, eta Garmendia familiak erronka horiek aprobetxatu ditu eta eraginkortasunez erantzun die. Gaizka eta Amaia Aseguinolazak jarraitzen dute beren ama buru duen familiako enpresa-proiektuarekin.

Gaur egun, Iruña Taldeak, catering-lerroaz gainera, Café Iruña esklusiboki kudeatzen du, bai eta zenbait espazio berezitako ostalaritza ere, besteak beste: Bilbao Exhibition Centre BEC, Bizkaia Arena, Bilboko Arte Ederren Museoa, Arriaga Antzokia, Bilboko Portua, Iberdrola dorrea, Campos Elíseos Antzokia, SalveTaproomm eta Bauskain finka, Markina-Xemeinen. Gainera, zenbait proiektu jarri ditu martxan, besteak beste, “Etxejan” (hirugarren adinari eta mendeko pertsonei jatekoa etxera eramateko zerbitzua), Lantegi Batuekin batera, eta cateringeko lehen onlineko plataforma (www.tucateringonline.net).

Iruña Taldeak 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du eta, urte horietan, Alicia Garmendiaren espiritu sortzaileak bultzatuta, berrikuntzaren, hedapenaren eta enpresa-politika arduratsuaren aldeko apustu argia egin du, kalitateko enplegua sortzeko. 100 pertsona baino gehiago ari dira Iruña Taldean lanean.

Luis Cañada: gazte eta emakumeen profesionaltasunaren aldeko apustua

Luis Cañada Vicinay zuzendari nagusia izan zen Vicinay Cadenas familia-enpresan, eta, gaur egun, Novia Salcedo fundazioko presidentea da. Bere curriculumak baditu beste kargu batzuk ere, besteak beste: Norvegiako Gobernuko kontsul nagusia, Euskal Herriko Itsas Foroaren presidentea, Labeineko idazkaria eta Tecnaliako eta Innobasqueko zuzendaritza-batzordeetako kidea. Bilboko Ingeniaritza Eskolan ikasi ondoren, Vicinay amaren familia-enpresan hasi zen; enpresak industria-tradizio luzea du burdinaren forjaketan. Europar Batasunean sartzean, hainbat urtez zalantzak, gatazkak eta baterako lana izan ziren bere enpresan inplikatuta zeuden alde guztien artean, egoera berriaren araberako erronkei aurre egiteko. Erronka horiek bikain gainditu ziren eta, ondorioz, Vicinay mundu mailan liderretako bat bilakatu zen.

Talentu berriak sartzeko beharra dela eta –laurogeita hamarreko hamarkadan–, Luis Cañadak harremanak egin zituen Novia Salcedo fundazioarekin, izan ere, enpresan bertan prestakuntza jaso zezaketen gazte profesionalak kontratatzearen aldeko apustu irmoa egin zuen. Asmo berarekin, hitzarmenak sinatu zituen Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Valentziako Unibertsitatearekin eta Labein eta Tecnalia teknologia-guneekin.

Nabarmentzekoa da lan-eremuan eta, zehatzago esateko, zuzendaritza-erantzukizuneko postuetan emakumeak sartzearen alde eginiko apustu irmoa. 2000. urtean, duela 18 urte, fabrikaren prozesuen erdia baino gehiago emakumeek kudeatzen zuten.

  1. urtetik, Luis Cañada Novia Salcedo fundazioaren presidentea da, eta bertatik enpresaburu denetik bere ibilbidearen bereizgarri izan diren bi helburu nagusi errealitate bilakatzeko lan egin dezake: gazteen sustapena eta emakumeen ahalduntzea.

Miguel Angel Montes: Elgoibartik bost kontinenteetara

Lanbide Heziketako ikasketak amaitu eta Elgoibarren makina-erremintaren sektoreko zenbait eremutan lan egin ondoren, Miguel Ángel Montesek, 1987an, bere aitaginarrebarekin eta emaztearekin batera, Cometel enpresa sortu zuen. Hasieran, makina-erremintarako osagarriak diseinatzen eta fabrikatzen zituzten, baina, 1993an, plangintza aldatu eta ekipoen amaierako erabiltzaileentzako produktu eta zerbitzuak ekoiztera bideratu ziren (diseinua, fabrikazioa eta doikuntzak egitea garraioko eta txirbil tratamenduko instalazio osoetan, eta estanpazio-ebakinen garraioa, nagusiki automobilgintzaren sektorerako eta tier 1 eta tier 2 hornitzaileentzako).

Miguel Angel Montesek Cometel Espainiako eta Portugalgo enpresa lider bilakatu zuen, eta, 2004an, hazkundearen premietara hobeto egokitzen zen instalazio batera mugitu ziren. Hiru urte geroago baino ez, 2007an, Cometel Amerikan ere finkatu zen eta filiala ireki zuen Querétaron (Mexiko), eta, urte berean, Cometel Recycling Solutions enpresa sortu zen.

Nazioartean zabaltzeko apustu irmoa, betiere tokiko enpresa hornitzaileak oinarri izanik eta enpresa sortzen ikusi zuen Gipuzkoako gunearen ongi egiten jakitea aprobetxatuz, Cometel erreferentzia bilakatu da bere sektorean, enpresa esportatzaile gisa. 2010ean, Gipuzkoako Ganberak Nazioartekotze Saria eman zion.  2012tik, Miguel Ángel Montes kontseilaria da AFM - Makina-Erreminten Fabrikatzaileen Elkartean.

Javier María Onaindia: ekintzaile nekaezina

84 urte ditu, eta ez dio ekiteari eta eremu profesionaleko edo pertsonaleko gaikuntzak hobetzen saiatzeari utzi. Musika bere grinetako bat da eta, gaur egun, gitarrako eta pianoko eskoletan dabil. Bela-estropadalari ere bada, eta 250 garaikur baino gehiago lortu ditu hainbat herrialdetan. Enpresaburu-lanetan ere curriculum oso luzea eta arrakastatsua du. 

Bere eginkizun ekintzailea José Ramón Lorente, Josu Zubiaur eta José María Guerenabarrenarekin batera GUK Ingenieros sortzean hasi zen. Ingeniaritzako proiektuak garatzen zituztenean, aldi berean, Obras Públicas Onaindia ere sortu zuen, eraikuntzako enpresa; enpresak hasieran indusketak egin eta makinak alokatzen zituen, eta, gaur egun, Araban gauzatzen ari diren proiektu nagusietako bitan ari da lanean, alegia, Arabako Errioxara sartzeko errepidea bitan banatzea eta Vitoria-Gasteizko Santa Barbara plaza zaharberritzea. Bere enpresa-jarduera beste eremu batzuetara zabaltzen joan zen, besteak beste, edukiontzien zerbitzuetara –gaur egun, hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak garraiatzeko baimena dute, eta bi sailkapen-instalazio dituzte–, hornitegietara –taldeak hiru ditu Vitoria-Gasteizen, beste bat Barazar gainean eta laugarrena eraikitzen ari da– eta enpresa eta komunitateentzako gasolioaren banaketara.

Obra publikoen, ingurumenaren eta hornitegien enpresez gainera, Onaindiak alokairuko aparkalekuak ere kudeatzen ditu, hainbat lekutan, eta hazten jarraitzen du. Etorkizun hurbilenean, 45.000 m2-ko partzela berria erosiko du, Vitoria-Gasteizen, ingurumen-jardueretarako.

2018ko Joxemari Korta Sariak banatzeko ekitaldia

2018ko Korta Sariak banatzeko ekitaldia datorren azaroaren 13an izango da, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikin nagusian, eta Iñigo Urkullu Renteria Lehendakaria izango da ekitaldiko buru.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak