Eu

San José sailburuak 217,4 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du lan-arloko iruzurrari eta soldata-arrakalari aurre egiteko, laneko ezbehar-tasa murrizteko eta elkarrizketa soziala, doako laguntza juridikoa, indarkeria matxistaren biktimentzako arreta eta Justizia Administrazioaren modernizazioa bultzatzeko

2018.eko azaroak 08

San José sailburuak 217,4 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du lan-arloko iruzurrari eta soldata-arrakalari aurre egiteko, laneko ezbehar-tasa murrizteko eta elkarrizketa soziala, doako laguntza juridikoa, indarkeria matxistaren biktimentzako arreta eta Justizia Administrazioaren modernizazioa bultzatzeko.

  • Lan eta Justizia Sailaren aurrekontuak % 3,2ko igoera izango du, eta 217 milioi eurotik gora bideratuko dira.
  • OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 14,4 milioi euro izango ditu.
  • Lan Zuzendaritzak 350.000 euro bideratuko ditu Soldata Arrakala murrizteko Ekintza Plan Eragilera.
  • Doako Laguntza Juridikora 15 milioi euro baino gehiago bideratuko dira, eta Biktimen Arreta Zerbitzuak % 30eko igoera izango du.
  • Bulego Judizial eta Fiskala Modernizatzeko Zuzendaritzak 4 milioi euro bideratuko ditu inbertsio informatikoak egiteko, eta, beraz, % 33ko igoera egongo da.

2018-11-8. Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Jon Azkuerekin, Justiziako zuzendari Loly de Juanekin eta zerbitzu-zuzendari Juan Ignacio Urresolarekin batera, datorren urterako aurrekontuen proiektua aurkeztu du gaur. Proiektuak 217,4 milioi euroko zenbatekoa izango du, eta, beraz, % 3,2ko igoera egongo da 2018. urtearekin alderatuta.

Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean egindako agerraldian, María Jesús San José sailburuak azpimarratu du datorren ekitaldirako aurrekontu-ildo nagusiek honako helburu hauek dituztela ardatz: lan-arloko iruzurrari eta soldata-arrakalari aurre egitea, laneko ezbehar-tasa murriztea, elkarrizketa soziala bultzatzea, doako laguntza juridikoa sendotzea, indarkeria matxistaren biktimei arreta eskaintzea eta Justizia Administrazioaren modernizazioan aurrera egitea.

LANA ETA GIZARTE SEGURANTZA

Aurrekontuen proiektuaren arabera, datorren urtean 32,5 milioi euro bideratuko dira Lanaren eta Gizarte Segurantzaren arlora, eta, beraz, % 4ko igoera egongo da 2018. urtearekin alderatuta. Lan-ikuskaritzaren eremuan, 6 ikuskariorde-plaza berriren sorkuntza aurreikusi da, eta, era horretan, guztira 20 ikuskariorde egongo dira Enpleguko eta Segurtasun eta Osasuneko eskaletan.

San José sailburuak azpimarratu duenez, Lan Zuzendaritzaren aurrekontuaren funtsezko aldaketa 350.000 euroko igoera da. Zenbateko hori soldata-arrakalari aurre egiteko jardunetara bideratuko da. “Emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala murriztea funtsezko helburua da, eta gure Sailak zeregin garrantzitsua betetzen du Soldata Arrakala murrizteko Estrategia eta Ekintza Plan Eragilearen barruan. Ildo horretan, 350.000 euro bideratuko dira gure Sailari zuzenean dagozkion jardunetara. Jardun horien artean, honako hauek aipa daitezke: ordainsarien arloko berdintasunari buruzko ikuskapen-plan espezifiko bat, soldata-diskriminazioaren aurkako sentsibilizazio-kanpaina bat eta Berdintasun Planen erregistro baten sorkuntza”.

San José sailburuak, halaber, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzak Elkarrizketa Sozialaren eta Negoziazio Kolektiboaren arloko eskumenak garatzen jarraitzeko, laneko ezbehar-tasa murrizteko eta Gizarte Ekonomia eta Enpresaren Gizarte Erantzukizuna sustatzeko 2019an abiaraziko dituen zereginak azpimarratu ditu.

María Jesús San Josék gogorarazi duenez, Gobernu Programaren konpromisoen artean Elkarrizketa Soziala sustatzea eta langileek beren enpresetan parte hartzea daude. Lehen konpromisoari dagokionez, azpimarratu du Elkarrizketa Soziala Instituzionalizatzeko Dekretuaren Proiektua landu dela; eta bigarrenari dagokionez, berriz, aurrekontuen proiektuan parte-hartzean oinarritutako euskal enpresa-eredu inklusibo bat bultzatzeko planera bideratutako partidak adierazi ditu.

Ildo horretan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren aurrekontuak % 2,7ko gehikuntza izango du, Euskadiko Gizarte Ekonomiaren arloko enpresa eta entitateentzako laguntzen programak zabaldu eta finkatzeko. 2019. urtean, ia 5 milioi bideratuko dira programa horietara. Enpresaren Gizarte Erantzukizunaren eremuan, sektore publikoak arlo horretan egindako jardunak ebaluatzea hartzen da kontuan, obra eta zerbitzuen kontratazioan klausula sozialak txertatzeko zereginean aurrera egin ahal izan dadin.

Lan Zuzendaritzak 2019rako aurreikusitako jardun berrien artean, Lanaren Etorkizunari buruzko Nazioarteko Biltzarra azpimarratu du. Biltzar hori apirilean egingo da Oñatiko Soziologia Juridikoko Nazioarteko Institutuarekin lankidetzan, eta 60.000 euroko zenbatekoa izango du. Haren ondorioak, nolanahi ere, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) Genevan bere mendeurrena dela eta egingo duen Nazioarteko Konferentzian Euskadik egingo duen ekarpena izango dira.

Bestalde, Lan Zuzendaritzak 30.000 euro bideratuko ditu lan-zuzenbidearen eremuko gatazkak konpontzeko metodo alternatiboak garatzera zuzendutako Arabako “Lankidetza-zuzenbidea adiskidetzeetan” proiektura.

OSALAN

OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 14,4 milioi euro izango ditu 2019an, eta, lehen aldiz, % 1 berdintasun-politikak bultzatzera bideratuko du, EMAKUNDEK gomendioei jarraikiz. OSALAN erakundeak, halaber, etxeko langileen, sexuagatiko lan-jazarpenaren eta txandakako lanak emakumeengan duen eraginaren inguruko kanpaina espezifikoak egingo ditu datorren urtean.

María Jesús San Josék adierazi duenez, OSALAN erakundearen aurrekontuek “jarduera nagusiak finantzatzeaz gain (hala nola Euskadin gertatzen diren heriotza-istripuei, istripu oso larriei, larriei eta biktima anitzekoei buruzko ikerketak), 30.000 euroko partida izango duen Laneko Arriskuen Prebentziorako XXI. Biltzar Iberoamerikarraren antolaketa hartzen dute kontuan, beste zenbait ekimenen artean”. OSALAN erakundearen aurrekontuen barruan, halaber, 108.000 euro bideratuko dira 2019-2025 aldiko Euskadiko Elikaduraren eta Egurraren Balio Katearen Laneko Segurtasun eta Osasunerako Estrategia Sektoriala bultzatu eta garatzera, AZTI erakundearekin lankidetzan.

Bestalde, Lan eta Justiziako sailburuak jakinarazi duenez, OSALAN erakundeak 300.000 euro bideratuko ditu euskal enpresetako ordezkariei zuzendutako laneko arriskuen prebentziorako prestakuntzara eta 53.000 euroko zuzkidura izango duen, lehen hezkuntzako ikasgeletan prebentzioaren kultura zabaltzeko xedea izango duen eta ikasleei, irakasleei eta gurasoei zuzenduta egongo den ekimen berri batera. “Azpimarratu nahi dut, halaber –gaineratu du San Josék–, 15.000 euroko partida berri bat bideratuko dela BioDonostiak amiantoari lotutako patologiak dituzten pazienteei buruz egiten dituen ikerketak diruz laguntzera. Ikerketa hori hasiera-fasean dago, eta etorkizunean baliagarria izango da gaur egun zehazki diagnostikatu ezin diren biriketako minbizi batzuen laneko jatorria (amiantoarekiko kontaktuari lotua) hobeto identifikatzeko.

JUSTIZIA

Justiziaren arloko aurrekontuak % 3ko igoera izango du, eta 181,4 milioi euroko zenbatekora iritsiko da. Zenbateko hori Justizia Administrazioa giza baliabideez eta baliabide materialez hornitzera, Doako Laguntza Juridikoaren bidez pertsona guztiek justizia eskuragarri izateko aukera bermatzera, gazte-justiziaren arloko neurri judizialen betearazpena kudeatzera, delituen biktimei arreta eskaintzera eta kaltegileak gizarteratzeko zereginera bideratuko da.

Justizia Zuzendaritza

María Jesús San José sailburuak Doako Laguntza Juridikoa kudeatzeko egindako aurrekontu-ahalegina azpimarratu du. 2019. urtean, aurrekontuak % 3,4ko igoera izango du, eta 15 milioi euroko zenbatekoa gaindituko du. “Pertsonen oinarrizko eskubide bat bermatuko dugu, hots, benetako babes judiziala jasotzeko eskubidea, baliabide ekonomikoak edozein izanik ere. Gainera, Doako Justiziari buruzko Dekretu berrian, eta lehen aldiz, modulu espezifiko batzuk sortu ditugu genero-indarkeriako kasuetarako. Kasu horiek tratamendu ekonomiko berezia izango dute, eta % 10eko gehikuntzak daude aurreikusita. Halaber, etxeko indarkeriari eta sexu-erasoei buruzko hitzarmenari lotutako partidak 188.000 euroko igoera izango du, eta, horri esker, abokatutzarekiko hitzarmena berrikusi eta letraduen kopurua handitu ahal izango da”.

San Josék, halaber, oinarrizko beste zerbitzu publiko bat sendotzeko borondate irmoa azpimarratu du, hots, indarkeria matxistaren biktimei arreta eskaintzen dien Biktimen Arreta Zerbitzua (BAZ). “Gure aurrekontu-planak % 30,4ko igoera hartzen du kontuan, eta beharrezkoa da partida onartzea urteko 795.000 eurora iristeko. Partida horren bidez, halaber, indarkeria matxistaren biktimei laguntza integrala emateko zerbitzua jarriko da abian Bilbon”.

María Jesús San José sailburuak adierazi du Bilbon beharrezkoa dela emakumearen aurkako indarkeriaren beste epaitegi bat, eta, ildo horretan, Justizia Ministerioak Bilboko barruti judizialeko emakumearen aurkako indarkeriaren hirugarren epaitegi bat sortzeko eskatu duela iragarri du.

Adingabe arau-hausleen arretari dagokion aurrekontuko diru-izendapenari dagokionez, sailburuak adierazi du % 15eko igoerarekin zenbatekoa ia 8,5 milioi eurora iritsiko dela eta ekimen berriak bultzatuko direla, hala nola II. mailako zentro bat irekitzea (10 plazakoa). Zentro hori familia-testuinguruko eta bikote-testuinguruko indarkeriari (seme-alaben eta gurasoen arteko indarkeriari edo genero-indarkeriari) lotutako delituak egiteagatik ezartzen diren neurrietan (barneratze-neurrietan eta hezkuntza-taldeko elkarbizitzako neurrietan) espezializatuta egongo da, eta 392.500 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du.

San José sailburuak, halaber, epaileak agindutako Familia Elkarguneetarako eta Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzurako zenbatekoek % 28ko igoera izango dutela adierazi du. “Aurki irekiko diren Tolosako eta Busturialdeko Mankomunitateko familia-elkarguneekin eta 2018an inauguratutako Bilboko zentro berriaren premiekin, familia-elkarguneen sarearen finantzaketa % 28,3ko proportzioan handituko dugu. Era berean, % 28ko igoera aplikatuko dugu Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren aurrekontu-partidan, zerbitzua egiten duten profesionalen kopurua handitzeko. Partidak 1,9 milioi euroko zenbatekoa izango du".

Bulego Judizial eta Fiskala Modernizatzeko Zuzendaritza

Hurrengo ekitaldirako aurrekontuen proiektuan, Bulego Judizial eta Fiskala Modernizatzeko Zuzendaritzak 4 milioi euroko partida bat bideratuko du aplikazio informatikoetan inbertsio berriak egiteko, eta, beraz, partidak % 33ko igoera izango du 2018. urtearekin alderatuta.

María Jesús San Josék adierazi duenez, helburua azpiegiturak hobetzen jarraitzea eta epaitegiak, fiskaltzak eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua baliabide material eta teknologikorik eraginkorrenez hornitzea da. “Justizia Administrazioaren aplikazio eta zerbitzu informatikoak garatzen ari gara, izapidetze digitalari, espediente judizial elektronikoari eta beste agente batzuekiko elkarreragingarritasunari dagokienez bereziki. Eusko Jaurlaritzako abokatu, prokuradore eta letraduekiko komunikazio elektronikoa errealitatea da gaur egun. Gainera, izapidetzeko idazkien aurkezpenera zabaldu da, eta hasierako idazkien aurkezpenean aplikatzen hasi da dagoeneko. 2019. urtean, kontratu berri batekin lanean hasiko gara, JustiziaBAT eta JustiziaSIP kudeaketa prozesaleko sistemak ezartzen amaitzeko”.

Bestalde, aurreikusitakoaren arabera, 1,5 milioi euro bideratuko dira ikustaldiak grabatzeko sistema berrituko duen eta 2019an hasiko den prozesura.

Eraikin judizialei dagokienez, 2,7 milioi euro bideratuko dira birgaitzeko eta mantentzeko zereginetara eta obra berrietara (adibidez, Bilboko Fiskaltzaren eraikineko obretara), eta, beraz, % 88ko gehikuntza egongo da 2018ko ekitaldiarekin alderatuta. "Oso garrantzitsua da emakumearen aurkako indarkeriaren epaitegietan biktima, lekuko eta ikertuentzako ibilbide bereiziak bermatzea. Aurten, Gasteizko indarkeria-arloko epaitegi berria amaitu da, eta datorren urtean, berriz, Bilboko indarkeria-arloko bi epaitegiak premia espezifikoetara egokituko dira, eta, bertan, segurtasun, intimitate eta erosotasun handiagoa eskainiko zaie biktimei”.

San Josék azaldu duenez, Justiziaren modernizazioak askotariko alderdiak biltzen ditu, hala nola Bulego Judizial berria; dagoeneko barruti judizial txiki guztietan, bake-epaitegietan, Gobernu Idazkaritzan, Bulego Fiskalean eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan (Gasteizen eta Barakaldon) ezarri da. “Gaur egun, Donostiako Bulego Judizial eta Fiskal berria ezartzeko lanean ari gara, eta esperientziak erakusten duenez, pixkanakako aurrerapen horrek kudeaketa eraginkorragoa dakar; horixe islatzen du bulegoa ezarri den barruti judizialetan eman diren dokumentuen kopuruan izandako gehikuntzak.

Justizia Administrazioko Zuzendaritza

Aurrekontuen proiektuaren arabera, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak 116 milioi euroko aurrekontua izango du, hau da, % 3,9 handiagoa.

San José sailburuak adierazi duenez, Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren partida nagusiak Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen kudeaketa organikora (prestakuntza, gizarte-prebentzioa eta laneko arriskuen prebentzioa barne), Bulego Judizialaren eta Bulego Fiskalaren hedapen eta ezarpenaren plangintza eta koordinaziora eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren eta bake-epaitegien antolamendu eta funtzionamenduari lotutako gaietara bideratuko dira.

Berritasunen artean, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren genetika-laborategia jarriko da abian, eta 215.000 euroko aurrekontua bideratuko da horretara.

Prestakuntzaren arloan, hurrengo ekitaldian 175.000 euro bideratuko dira Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren planak eta Bulego Judizialeko eta Bulego Fiskaleko langileei zuzendutako plana garatzera, genero-indarkeriaren eta berdintasunaren arloko trebakuntza susta dadin.

Bestalde, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak 100.000 euro gehiago izango ditu beren zerbitzuak Justizia Administrazioan egiten dituzten pertsonen arriskuen prebentzioko eta laneko osasuneko sistemen kudeaketa finkatzeko partidan, eta, beraz, % 62ko igoera izango du partidak. Bestalde, epaile, fiskal edo letraduen kidegoetarako oposizioak prestatzeko ematen dituen beken kopurua 30etik 35era igoko da, eta 231.000 euroko guztizko aurrekontua bideratuko da horretara.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak